Bigarrenez entzungo da bretoiera Eurovision jaialdian; izan ere, bretoierazko kanta batek ordezkatuko du aurten Frantziako Estatua. Alvan musikariak eta Ahez ahots hirukoteak osatzen duten Alvan & Ahez taldea da Frantziaren hautagaia. Folka eta musika elektronikoa uztartzen ditu taldeak, eta Fulenn abestiarekin hartuko dute parte jaialdian, maiatzaren 14an, Turinen (Italia).
1996an abestu zuten bretoieraz lehenengoz Eurovisionen: Dan Ar Braz & L'Heritage des Celtes taldea izan zen, Diwanit bugale abestiarekin. Frantsesaz gain, bretoiera ez da estatuak jaialdian erabili duen hizkuntza bakarra: 1993n eta 2011n, esate baterako, korsikeraz kantatu zuten Frantziako Estatuko ordezkariek. Lehenengo, Patrick Fiorik abestu zuen Mama Corsica, eta, handik hemezortzi urtera, Amaury Vassilik Sognu abestia kantatu zuen.
Alvan & Ahez taldeak, gainera, zeresana eman du sare sozialetan: jaialdiko hainbat jarraitzailek Galiziako Tanxugueiras taldearekin alderatu dituzte. Izan ere, Twitterreko hainbait erabiltzailek adierazi dutenez, bi taldeen jantziek eta eszenaratzeak elkarren arteko antzekotasunak dituzte.