Ar Redadeg bretoieraren aldeko korrikari ekin zioten atzo, Sant-Ervlan hirian (Naoned departamendua, Bretainia). Brezhoneg ha Plijadur! (Bretoiera eta plazera!) lelopean, 1.700 kilometro zeharkatuko dituzte lasterka, bederatzi gau eta egunez. Bretainiako bost departamenduetatik igaroko dira, eta lekukoa pasatuko dute eskuz esku, Lokoal-Mendon helmugara heldu arte, datorren maiatzaren 7an. Amaieran, lekukoak barnean daraman mezu ezkutua irakurriko dute. Azkena, Galesko Lleuwen Stefenek idatzi zuen. Bretainian bizi eta bretoieraz idazten du Lleuwenek.
Arratsaldean, Ar Redadeg hasi aurretik, ekintzak antolatu zituzten hirian, giroa alaitzeko; haurrentzat, bereziki. Hasiera ekitaldia egin zuten 18:00etan, eta harekin ekin zioten korrikari. Lehengo hamahiru kilometroak hirian egin zituzten, hiru aldiz igaroz jaia ospatzen ari zen lekutik. Ar Redadegek hiria utzi eta gero, jaiak jarraitu zuen ikuskizun eta kontzertuekin. Gaur, Roazhonera iritsiko da, 15:30etik 18:30era bitarte. Han ere izanen dute parte hartzaileek jaiaz gozatzeko parada. Izan ere, ibilbidean zehar ekintzak antolatu dituzte hizkuntzaren aldeko korrika pasatzen den egunean.
Leloak dioen moduan, «bretoieraz hitz egitea plazera dela ikus dezaten» nahi du Katelin Al Lann Ar Redadegen koordinatzaileak. Aipatu du «oso kontent» daudela jendearen engaiamenduarekin, eta hogei mila parte hartzaile inguru espero dituzte: «Jendeak ulertu du kontzeptua. Are gehiago, kilometro kopurua handitu dugu urteak igaro ahala». Antolatu zuten korrikaren lehen aldian, seiehun kilometroko ibilbidea egin zuten, eta mila berrehunekoa 2010ean. Hurrengo bi aldietan, 1.500 kilometro zeharkatzea lortu zuten. Oraingoan, berrehun kilometro gehiago.
Ondorioz, bildutako diru kopurua ere handitu da, herritar eta elkarteek erosten dituzten kilometro kopurua handiagoa baita. 2008an eskuratu zutenaren ia hirukoitza lortu dute aurten; 144.000 euro, alegia. Horren erdia bretoiera irakasten duten eskolei emango diete, eta gainontzekoa, hizkuntza sustatzen duten proiektuei. 2014an helduen alfabetatzearen aldeko egitasmoetan inbertitu zuten. Aurten, aurkeztutako hemezortzi proiektuetatik zortzi finantzatuko dituzte. Hedabideak eta ikuskizunak sustatu nahi dituzte, hala nola irratia, antzezlanak eta film luzeak. Helburua «bretoiera edonon aurkitzea da», Al Lannen hitzetan.
Adibidez, irratian bretoieraz haurrentzako istorioak kontatzeko proiektu bat abiaraziko dute. Beste egitasmo bat bretoieraz dauden dokumentuak digitalera pasatzea da, eta deskargatzeko aukera ematea. Horrez gain, antzerki talde batek eta koru batek elkarlanean antzezlan bat eginen dute.
«Txikiak gara, baina, pixkana, jendea gehiago engaiatzen da», adierazi du Al Lannek. Bretainiako egoera Euskal Herrikoarekin alderatu du: «Guk ez dugu zuek bezainbesteko mugimendu soziala; tradizioa ezberdina da, baina hizkuntza gutxitu izateak batzen gaitu». Bestalde, herritarrak bretoierara lotzea zaila dela irizten dio: «Historian bretoiera guztiz deuseztatu dugu gure kulturatik. Hortaz, askotan ez da erraza jendea bretoierara erakartzea, baina horren bidean lanean ari gara». Ar Redadegek bretoiak batzeko balio duela uste du Al Lannek. Baina ez hori soilik. Izan ere, beste herrialde batzuetako lagunek ere parte hartu izan dute, hala nola Euskal Herrikoek, Irlandakoek eta Okzitaniakoek.
Ar Redadeg Euskal Herriko Korrikaren ideia baliatuz sortu zuten. «Pentsatu genuen posible litzatekeela horrelako egitasmo bat aurrera eramatea», azaldu du koordinatzaileak. Gainera, 2008.a urte berezia izan zen: Diwan eskola sarearen 30. urteurrena, hain zuzen. Horren karira sortu zen korrika antolatzeko ideia. Diwan eskoletan bretoieraz eskaintzen da irakaskuntza. Laikoak eta doakoak dira, eta 3.600 haur inguru hartzen dituzte, haur hezkuntzatik baxora bitarte. Hortaz, Ar Redadegeko dirua laguntza handia da eskola sare horretarako.
Ipar Euskal Herriko hainbat lagun joan zirela du gogoan: «Asko lagundu gintuzten, eta asko eskertzen dugu orain arte eman diguten laguntza». Bretainiako herritarren prestasuna ere goraipatu du: «Herrialdeko lau izkinatako lagunak etorri dira laguntzera, boluntario moduan. Esfortzu handia egin dute korrika honen alde».
Euskaldunak Bretainian
Ar Redadeg egiten den aldiro bezala, Euskal Herritik ere hainbat lagun joanen dira korrikan parte hartzera. Iragan urteetan autobus bat antolatu dutela aipatu du Jakes Bortairu Ipar Euskal Herriko AEK-ko arduradunak. Aurten, ordea, Herri Urrats denez gero, ezin izan dute hainbeste esfortzurik egin. Dena den, han izanen dira, Ar Redadegen azken egunean, Bortairuk baieztatu duenez: «Hasieratik izan gara, eta aurten ere parte hartuko dugu. Kilometroa ere erosi dugu jada».
Gwened hirian hartuko dute lekukoa euskaldunek; 1.644. kilometroan, hain zuzen. Amaiera ekitaldira ere ez direla faltako gehitu du. Bretainiara joan ziren bi lagun 2007an, eta bertakoei lagundu zieten proiektua aurrera eramaten. «Hainbat ezaugarri tekniko irakatsi genizkien; kamionetara nola igo eta jaitsi korrika zen bitartean, besteak beste», aipatu du Bortairuk. Baikor azaldu da Ar Redadegekin: «Gogoz ikusten dugu dena, horrelako korrika nola antolatu duten eta zer indar hartu duen».
Bretoieraz hitz egitea «plazera» izateko
Bretoieraren aldeko korrika, Ar Redadeg, atzo hasi zen, eta, bederatzi egunean, 1.700 kilometro zeharkatuko ditu Bretainia osoan. Bi urtetik behin egiten dute, eta oraingoan ere Euskal Herriko hainbat lagunek parte hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu