Kazetaria

Rozenn Milin: «Bretoiera salbatzen entseatzen ari gara, baina borondate politikorik gabe ez da egiten ahal»

Frantziako Estatuak frantsesa inposatzeko eskola eta hezkuntza nola erabili dituen aztertu du Milinek zazpi urtez. Munduan diren hizkuntza zapalduak zertan diren ere landu du.

Rozenn Milin Bretainiako kazetaria. BERRIA
Rozenn Milin Bretainiako kazetaria. BERRIA
julene muruaga
Baiona
2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Rozenn Milin (Lanniliz, Bretainia, 1960) ikus-entzunezko kazetaria da, eta baita hizkuntza eta kultura aniztasunaren alde borrokatzen den militantea ere; besteak beste, Sorosoro programa bultzatu zuen, xede izanik mundu osoko hizkuntza gutituak zaintzea. Kloskatik tximino burezurrera: hizkuntza nagusi baten inposaketaren historia, moduak eta ondorioak: Bretainia, Senegal eta beste lurralde batzuk deituriko tesia plazaratu zuen 2022an; frantsesaz bestelako hizkuntzak desagerrarazteko erabilitako tresnetako bat aipatzen du: eskola.

Bretoieraren transmisioa nola egin zuten zuen etxean?

Burasoek ez zidaten zuzenki transmititu bretoiera. Belaunaldi berezi baten parte izan ziren: gaztetan bretoiera baizik ez zekiten, haien ama hizkuntza zen, baina, eskolan hasi, eta frantsesa inposatu zieten. Frantsesez ez bazuten hartzen, zigortzen zituzten. Bizi izan zuten traumagatik, anaiari eta biei ez ziguten bretoiera transmititu. Bitxia zen, burasoak haien artean bretoieraz ari ziren, baina haurrekin frantsesez baizik ez, nahiz eta haientzat naturala ez izan. Hori burasoentzat beste trauma bat zela uste dut: frantsesa hizkuntza arrotza zen haientzat, baina, eskolan pairatu zuten bortizkeriagatik, behartuak sentitu ziren frantsesa transmititzera.

Horrek guziak nola eragin dizue?

Uste dut gauza anitz huts egin ditugula gure arteko harremanean. Aitatxirekin ez dut kasik harremanik ukan, ez baitzekien frantsesez, eta nik bretoieraz ere ez; alta, ber etxean bizi ginen. Eta ene kasua ez da bakana, 60ko eta 70eko hamarkadako belaunaldien kasua da. Garai hartan, alimaleko amildegi bat bazen haurren eta burasoen artean.

Beraz, nola ikasi zenuen bretoiera?

Nahiz eta ez zidaten bretoieraz egiten, entzuten nituen; beraz, 13-14 urterekin hasi nintzen bretoiera ikasten. Erraza izan zen, nire ingurunean banuelako: jadanik buruan nuen ikastea. Eta horrek erabat haserrearazi zituen ene burasoak. Uko egiten zioten bretoieraz erantzuteari, eta egoera zentzugabea bilakatzen zen: ni bretoieraz hizketan, eta haiek frantsesez erantzuten. Oraindik ere zaila zait amarekin bretoieraz egitea. Ikusten dut bere ama hizkuntzarekin haserre dela.

Egun, zertan da bretoiera?

Hiltzeko arrisku larrian diren hizkuntzen artean gara, Unescoren irizpideen arabera. Frantziako Estatua hain da frantses nazionalista, non hizkuntza aniztasunaren ideiaren aurka aritzen baita. Eta ez da posible horren parean bakarrik borrokatzea. Biziki zaila izanen da malda berriz igotzea. 50eko hamarkadaren hasieran, bretoierak 1,1 milioi hiztun zituen, eta ehunka mila elebakarrak ziren. Egun 200.000 hiztun dituela diote, baina uste dut datuak oker direla. Karrikan ez da nehor bretoieraz mintzatzen; badira salbuespen batzuk: leku militanteetan, adibidez, entzuten da, eta diwanetan —bretoieraz ikasten den eskolak—. Hizkuntza salbatzen entseatzen ari gara, baina borondate politikorik gabe ez da egiten ahal; heriotza lagundu bat dela erraten dut.

2022an aurkeztu zenuen 2015ean hasitako tesia. Zer landu duzu hartan?  

Tesiaren ideia nagusia da Frantziako Estatuak hezkuntza edo eskola erabili zuela frantsesa inposatzeko, eta, beraz, lurraldeetako hizkuntzak desagerrarazteko; Bretainia eta Senegal dira ene bi aztergai nagusiak. Haurra naizenetik dudan hausnarketari erantzunak aurkitzeko hasi nuen tesia. Ttipidanik galdetzen diot nihauren buruari: «Nola liteke populu oso batek bere hizkuntza kasik osoki galtzea hain denbora gutian? Fenomenoa ez daiteke naturala izan!». Gazteago nintzenetik orain arte hainbat proiektu eraman ditut, bereziki Afrikan desagertzen ari diren hizkuntzei buruz: Arte katean, adibidez, eta Sorosoro programaren bidez. Sorosoro ikus-entzunezko proiektu bat da, helburu duena mundu osoko hizkuntza gutituen zaintzea hiztunei elkarrizketak eginez. Behin, Gabongo biztanle batek sinbolo hitza erabili zuen elkarrizketan, eta zerbait oroitarazi zidan, nik ere ezagutzen bainuen hitz hori!

Zer zen sinboloa?

Burasoek esplikatu zidaten ttipia nintzelarik. Eskoletan bretoiera debekatzeko tresna bat zen, bretoieraz mintzatzen zena zigortzeko egina: haurrek elkarren artean pasarazten zuten sinboloa, batak bestea salatuz. Eta, beraz, Gabongo gizon horri esker ohartu nintzen Afrikako kolonietan ere ber metodoa erabiltzen zela frantsesa inposatzeko. Jadanik banekien Frantziako leku guzietan erabiltzen zela. Euskal Herrian anti deitzen zenuten, eta Okzitanian, adibidez, signala. Baina ez nekien beste kontinenteetan ere erabili zutela. Egia da hemen sinboloa egur puska bat izan zitekeela, eraztun bat edo kloska bat; han, berriz, asto burezurrak, izterrezurrak eta behi kakak ere bai! Horri buruzko lanak xerkatu nituen, eta ez zen kasik deus.

Horregatik Klosketatik tximino burezurreratitulua?

Bai! Bretainian eta Senegalen zer erabili zen aztertu dut gehienbat; beraz, «kloskak» hautatu nituen Bretainian horiek erabiltzen zirelako gehienbat, eta «tximino burezurrak» Senegalen erabiltzen zituztelako.

Zehazki, noiz hasi ziren frantsesa inposatzen eskoletan?

Abiapuntua, zinez, XIX. mendean izan zen, Jules Ferry legea ezarri zenean, 1882an; lege horrek eskola beharrezkoa bilakarazten zuen 6 eta 13 urte arteko haurrentzat. Hortik aitzina, haur guziak joaten ziren eskolara, eta, beraz, behartuak ziren beren lehen hizkuntza utzi eta frantsesa ikastera. Sinboloa aipatzen dut, baina beste hainbat zigor ere erabiltzen ziren.

Noiz utzi zioten sinboloa erabiltzeari? 

Bretainian, 60ko hamarkadan. Plantan eman zen tresna hori eraginkorra izan zen, haurrak eskolara sartzen baitziren jadanik frantsesez mintzatuz. Ez zen gehiago zigortzerik. Prozesuak lortua zuen bere helburua. 60ko hamarkada biziki berant dela iruditzen zait.

Frantziako Estatuak nola zapaltzen du bretoiera egun?

Zer nahi duzu egitea... Hizkuntza kasik hila da! Ez dute zertan egin, egina da. Haatik, zenbait gauza ez egitea leporatzen diegu. Ez egitea, hori da kondenagarria. Ez bretoierari ez beste hizkuntzei ez diete aukerarik ematen bizirik irauteko. Bretoierazko hedabideak nahi ditugu, irakasle trebatuak, ikasgelak...

LOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.