Sarri esana da iruindarren artean: San Fermin Txiki festek deus gutxi dute txikitik. Aurten, bi urteko etenaren ondotik, hiriko karrikak izan dira horren lekuko. Jai giroak hartu zituen Iruñeko txokoak; plazak eta kale bazterrak, taberna eta balkoiak. Eta festa berriz izan zen handi. Gonbidatuak ere bai: hutsik egin gabe, dantzara atera ziren erraldoiak, Braulia tartean. Erregina amerikarra da erraldoirik mugituena Iruñean, eta berebizikoa da jendearengan pizten duen zirrara. Zirrara bai, dantza gogoa ere bai, baina baita izua ere, inoiz. Sarean zabaldutako bideo batek bistan utzi du hori.
Recibido por WhatsApp y tal pic.twitter.com/eyZPYWl6fr
— Pa'vernos matao (@mrcarizal) September 26, 2022
Une hartantxe, Ikusi mendizaleak adi zitekeen erraldoien dantza artean, eta bi haurrek balkoitik izan zuten aditu eta ikusteko aukera. Erne-erne egin zioten so Braulia erraldoiari. Hasieran, baita haren erritmo berean hankak astindu ere. Ordea, lasaitasunak ez zien luze iraun haurrei. Haiengana hurbildu zen Braulia, umeen erreakzioa espero gabe segur aski. Bi haurrek ziztuan egin zuten atzera, beldurrez, eta ate danbatekoz itxi zuten balkoiko atea. Ez zuten pentsatuko erregina kariño bila zihoanik haiengana.