Udako musika taldeak (III)

Bozgorailuetatik mundura

Esne Beltza taldea oholtzaz oholtza aritu da azken hilabeteotan. Haatik, zuzenekoak gutxitu egin dituzte udan, hainbat taldekide guraso izango baitira aurki.

Esne Beltzak aurtengo Aberri Egunean Iruñean emandako kontzertua. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Japoniako Naeba sumendi ingurua ezagun zaio Xabier Solano musikariari. Hura, bere trikitia eta bere taldekideak han egon ziren duela hiru urte, garaiotan ospatzen den Fuji Rock musika jaialdian zuzenekoa ematen. Lehen aldia zuen Esne Beltza talde ospetsuak eguzkiaren sorlekua esaten zaion txoko horretan, eta pozik egoteko aitzakiaz lepo zeuden, Oasis, Red Hot Chilli Peppers, Weezer eta halako taldeen alboan jotzekoak baitziren jaialdian.

Hara iristean, lehen ezustearekin topo egin zuten: Esne Beltza ez zitzaien arrotza japoniar guztiei. Bostehun lagun inguruk osatutako zaleen elkarte bat bazela jakin zuten Gogoratzen eta Eskuekin kantuen egileek, eta gainera, zuzenekoak jendetza erakarri zuen. Taldearen formulak nonahi funtziona dezakeela frogatu zuten, beraz.

Bost uda daramatza Esne Beltzak errepidean, eta ibilbide horretan ehunka kontzertu eman ditu han eta hemen. Plazak, txosnak, jaialdiak. Eremu ireki zein itxiak. Denetarik dastatu du Esne Beltzak. Aurtengo uda, baina, ezberdina izaten ari da, eta Xabier Solanok berak aitortu du erritmoa apaldu egin behar izan dutela 2012an: «Hainbat taldekide aita izango gara aurki, eta lasaiago ibili nahi izan dugu». Hala, abiadura moteldu badute ere, izen handiko hainbat agertokitan agertzeko aukera izan dute, hala nola Euskal Herria Zuzenean jaialdian eta Nazioen Mundua egitasmoak antolatutako emanaldian.

Jaialdi horiez gain, Esne Beltzak euskal geografiako hainbat herritan egin ditu zuzenekoak. Solanok dio giro herrikoi hori dela taldearen habitat naturala, eta azaldu du azken urteotan lana bikoiztu egin zaiela, baina beste musika talde batzuetan aritzeak irakatsi diela udan kontzertuz kontzertu ibiltzen. «Taldekide guztiek beste musika proiektu batzuk egin ditugu aurretik, eta badakigu zer den udan nahi beste opor ez izatea».

Hauspoari eraginez

Lau urte, estudioko hiru disko eta ehunka kontzerturen ostean, ohiko ikuskizunetik harago joan, eta zuzenekoetarako berrikuntzen bila abiatu da Esne Beltza. «Nondik gatozen ahaztu gabe, gustuko dugu soinu eta erritmo ezberdinak uztartzea, eta jendearekin hartu-emana indartzea», dio Solanok. «Baina, horrez gain, aurten lehen aldiz ikus-entzunezko elementuak txertatu ditugu ikuskizunean».

Maila tekniko eta estetikoan halako aurrerapausoak eman arren, kontzertuetako egunerokoa ez zaio aldatu Esne Beltza taldeari, eta hainbat ohitura horren baitan utzi dituzte denboraren poderioz. «Zuzenekoen prestaketan egiten diren ohiko gauzak egiten ditugu: furgonetan joan, oholtza prestatu, soinu proba egin, eta, jo baino lehen, zertxobait afaldu». Denborarekin urduritasuna galduz joan dela azaldu du taldeko abeslariak, baina «tximeletak» izaten ditu sabelean oraindik ere. «Dena den, ez dugu urduritzeko asti handirik, beroketa asko egin behar baititugu», dio Solanok. «Ahalegin fisiko handia egiten dugu oholtzaren gainean».

Baina bada Esne Beltzak kontzertu egunetan kendu nahi izan ez duen ohitura bat. Euskal Herrian jotzen duten bakoitzean, taldearen eguna toki berean hasi eta amaitzen da: Hernaniko betiko tabernan. Lau urteren ostean, bertan geratu ohi dira irten aurretik trago bat hartzeko, eta itzultzean, toki berean idazten dituzte kontzertu eguneko azken orriak. «Ez dugu ohitura hori aldatu nahi izan, esanahi berezia duelako guretzat», azaldu du Solanok.

Une horietan kafea hartu baino gehiago egiten dute, eta maiz taldearen ibilbidean bizitako istorioak gogoratzen dituzte. Euskal Herria Zuzenean jaialdian emandako kontzertuez oroitzen dira; euria goian behean egin bazuen ere, jendeak jo eta su jarraitu zuen Esne Beltzaren alboan; hori ez dute gogotik kentzen.

Edo Japoniako hotel batean gertatutakoa: «Garagardo festa bat antolatu genuen logelan, eta jende gehiegi elkartu ginenez, ezagutzen ez genuen neska bati tokirik ez zuela esan genion igogailuan». Barre algara artean amaitzen du Solanok pasadizo hura: «Ezin sinetsirik geratu ginen nor zen jakitean, Lily Allen bakarlaria baitzen neska hura».

Errepidean errotutako istorioak dira horiek. Eta halakoz lepo dago Esne Beltza taldearen istorio propioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.