Gai zabal samar bat, 48 orduko epea, bideojoko sortzaileak, euskara eta irudimena. Gutxi-asko, horixe da Euskal Game Jam topaketa. Bilbon egin zuten iazkoa, lehenengoa, eta Errenterian (Gipuzkoa) egingo dute aurtengoa, bihar hasi eta igandera arte —sarean ere parte hartu ahal izango da, Errenteriara joan beharrik gabe—. «Denbora tarte horretan bideojoko bat sortzea da helburua», zehaztu du Lander Unzueta Game Erauntsia elkarteko kideak. «Tira, bideojoko bat sortzea, eta parte hartzaileen artean harremana sustatzea».
Lehiatik aparteko topaketa bat delako Euskal Game Jam-a. «Hasiberriak etor daitezke, adituagoak direnak ere bai, bakarka parte har daiteke, taldeka —bost laguneko taldeak osatuta gehienez—... Sormenerako lekua da hau eta elkar ezagutzekoa». Iazko datuei erreparatuta, 32 sortzailek parte hartu zuten eta hamabi bideojoko sortu zituzten. «Horrez gain, beste hainbat proiektu amaitu gabe gelditu ziren, eta gerora lantzen jarraitzeko aukera izan zuten». Zomorro Studiok, Game Erauntsia elkarteak, Torrekua guneak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak elkarlanean antolatu dute aurtengo topaketa —azken horren egoitza izango da gune fisikoa bihartik igandera—.
Bertakoari bultzadatxoa
Euskal Herrian bideojokoei lotutako «gero eta zentro edo ikastetxe gehiago» daudela ziurtatu du Unzuetak. «Baina oso inguruko jendea bakarrik ezagutzen da horrelakoetan, horietako asko atzerrira joaten direlako gero lanera. Galdu egiten da harreman hori, ez dugu elkar ezagutzen, eta arlo horretan behar bat zegoela sentitu genuen». Behar batetik sortu zen, beraz, Euskal Game Jam topaketa. «Euskal Herriko bideojokoen industriari bultzadatxo bat emateko aukera ere eskain dezakeela uste dugu».
Antolatzaileek hasieratik argi zeukaten euskarak ezinbesteko ardatza izan beharra zeukala Euskal Game Jam-ean. «Euskarak ez dauka indar handirik bideojokoen munduan», onartu du Unzuetak. «Bideojokoek nahitaez egon behar izaten dute ingelesez, gaztelaniaz, alemanez, italieraz... Beraz, sortzaile eta garatzaile batzuek euskaraz sortu nahi izaten badute ere, zailtasun handiak izaten dituzte, baldintza zorrotzak bete behar izaten dituztelako aurretik».
Bihar 18:00etan jakinaraziko dute sormen lanerako gaia. «Oso orokorra». Eta orduan hasiko da denboraren atzerako kontaketa. «48 orduan atsedenik gabe aritzen dira batzuk, lasaixeago hartzen dute beste batzuek... Norberak nahi edo ahal duena sor dezake; guk ez dugu eskaintzen baliabiderik, ez dugu ematen ikastarorik, ez da izaten hitzaldirik... Sortzeko gunea da, eta lasai egotekoa». Adimen artifiziala ere ate joka ari da aspaldian, eta, «lagungarri den neurrian», baliatzen dutela esan du Game Erauntsia elkarteko kideak. «Baina, hori bai, ez dugu nahi sortzaileak lanean ari diren bitartean norbaitek adimen artifizialarekin izugarrizko bideojokoak sortzea. Neurri batzuk hartu ditugu, adimen artifizialak alde onak dauzkalako, baina baita oso txarrak ere».
Bideojokoak aipatuta, «mutil gazteak» etorriko zaizkie askori burura. «Eta egia da bideojokoena oso sektore maskulinizatua dela oraindik ere», aitortu du Unzuetak. «Iaz etorri ziren neskak, eta gero eta gehiago ari dira animatzen, baina nabarmen mutil gehiago etortzen dira beti».