Euskal Sagardoa

Botilak 'San Juan' baleontzian

Euskal Sagardoa jatorri izeneko 2023ko botilako uzta aurkeztu dute Albaola Itsas Kultur Faktorian, 'San Juan' baleontziaren ontzigainean: 48 sagardogilek ekoitzitako 85 produktu. «Sagardo orekatuak, ahoan leunak eta lurrintsuak».

Euskal Sagardoa jatorri izeneko 2023ko botilako uztaren aurkezpena, gaur, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Euskal Sagardoa jatorri izeneko 2023ko botilako uztaren aurkezpena, gaur, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. MAIALEN ANDRES / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Pasaia
2024ko maiatzaren 28a
15:15
Entzun

Zuraren krakatekoa eta kresalaren usaina. Haizearen ufada baino ez da falta izan San Juan baleontziaren ontzigainean. «Jada gutxi falta zaigu amaitzeko. Kontuz ibili. Toki batzuetan estropezu egin dezakezue», ohartarazi die Xabier Agote Albaolako lehendakariak eskifaia baldarreko kideei. Duela zazpi urte egin zuten han aurreneko aldiz Euskal Sagardoa jatorri izeneko uztaren aurkezpena, eta zazpi urte geroago aurkeztu dute bertan 2023ko botilako uzta. Baleontziak ez zuen orain duen itxura ederrik, eta sagardoak ere ez orain duen «dibertsifikaziorik».

Aurkezpenean gehien aipatu den hitza izan baita hori: dibertsifikazioa. «Geroz eta arazo gehiago dauzkagu euskal sagardoa zer den definitzeko. Dibertsifikazio horren ondorioa da hori. Sagasti gazteak dauzkagu, teknika berriak, heldutasun puntu ezberdinak... Horiekin guztiekin jokatzen du orain ekoizleak», azaldu du Mikel Garaizabal enologoak, okasiorako apaindutako ontzigainean. Harena izan baita 2023ko uztari adjektiboak jartzearen zeregina: «Oso orekatua, leuna, lurrintsua eta freskoa. Sagar uzta oparoagoa izan zen 2023koa, eta horregatik ez da horren sagardo kontzentratua. Txinparta naturalari eutsi egiten dio. Oraindik hobea dago bigarren trago bat egindakoan».

Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzaileak egin ditu aurkezle lanak: «Momentu garrantzitsua da hau guretzat, uzta botilan sartu dugulako eta saltzera goazelako». Jatorri izeneko presidente Oihana Gainzerainek xehatu ditu datuak: Euskal Sagardoa osatzen duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 48 sagardogileen 85 sagardo aurkeztu dituzte, 250 sagar ekoizleren sagarrekin eginak. «Uzta oparoa izan da»: sei milioi kilo sagar bildu dira, eta ia lau milioi litro sagardo egin. «Oparotasun horrek aukera ematen digu gauza berritzaileagoak egiteko. Sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak: lursail jakin batekoak daude, sagar mota jakin batekoak, ondutakoak, egurrean garatutakoak...».

Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko, Arabako Aldundiko, Hazi fundazioko eta Basquetourreko ordezkariak. Amaia Zubeldia Euskal Sagardoaren Ibilbidearen kudeatzaileak egin du aurtengo sagardo denboraldiaren balantzea: aurrekoan baino «jende gehiago» ibili dela, sagardotegietan giro «atsegina eta lasaia» egon dela, Internet bidez egindako erreserbek «gora» egin dutela, eta kontsumorako ohiturak ere «egonkortu» egin direla —asteburuetan eta eguerdietan egiten ditu jendeak erreserba gehien—.

Aurkezpena Albaola Itsas Kultur Faktorian egin izana ez da kasualitatea, aspaldikoa baita bi elkarteen arteko elkarlana, sagardoaren eta itsasoaren historia eta kultura bateratzen dituena. «Produktua bera eta itsas historia: naturala da elkarlana», nabarmendu du Xabier Agote Albaolako presidenteak, eta «produktuaren epika» hori sustatzearen eta ikertzen jarraitzearen alde egin du: «Sagardoa izan zen Ipar Ameriketara kopuru industrialean iritsi zen lehen edaria». Duela bostehun urte izan zen hori, eta duela bostehun urte bezala iritsi nahi dute Albaolakoek San Juan baleontzian, Kanadara. Jarri dira jada bertako gobernuarekin harremanetan, eta abiatu dute elkarlana. «Sagardoa edanez iritsi nahi dugu; gure gasolina izango da».

Ur Astarbe (Astarbe sagardotegia): «Garbi dago sagardoaren helburua sagardo botila dela»

Ur Astarbe, Astarbe sagardotegikoa. BERRIA
Ur Astarbe, Astarbe sagardotegikoa. BERRIA

«Oso gustura gaude denboraldiarekin. Ongi joan da dena, eta oso giro jatorra egon da. Egia da norbera bere etxean aspaldian ari dela esfortzua egiten giro hori lasaiagoa izan dadin. Aldaketak egin ditugu: jendearen esperientzia berbera da, baina ausartuko nintzateke esatera orain esperientzia hori goxoagoa dela; lasaiagoa. Datorrena ere garai ona da guretzat. Saiatzen gara udari ere beste buelta bat ematen; inguruko baserritarrekin-eta lan handia egiten dugu; garaian garaiko produktuak erabilita plater ezberdinak egin eta eskaintzen ditugu, eta sagardoari balioa ematen diogu. Botilan eramaten dugu mahaira, eta zenbait sagardo dastatzeko aukera ematen dugu. Txotx egiteko aukerari ere eusten diogu, jendeari gustatzen zaiolako, baina botilari balioa emateko garaia da orain. Garbi baitago sagardoaren helburua sagardo botila dela».

Garbiñe Etxezarreta (Alorrenea sagardotegia): «Udan ere disfrutatzen da sagardotegia»

Garbiñe Etxezarreta, Alorrenea sagardotegikoa. BERRIA
Garbiñe Etxezarreta, Alorrenea sagardotegikoa. BERRIA

«Jende asko ibili da aurten: gertatu zaigu urtarril amaierarako hartuta zeudela handik aurrerako larunbat eguerdi guztiak. Jendeari esplikatzen diozu sagardoa edateko eta gusturago egoteko hobea dela aste barruan etortzea, baina oraingo ohiturak horiek dira. Giro onean joan da dena. Batzuei gogor samar egin behar zaie, baina nik garbi daukat nire etxean errespetua eskatzen dudala. Guk urte guztian edukitzen dugu sagardotegia irekita, uztailean bi edo hiru aste kenduta. Jendeak geroz eta gehiago disfrutatzen du sagardotegia udan ere. Geu ere lasaiago egoten gara, jatekoa ere aldatu egiten dugu, beste eskaintza bat egin, batekin eta bestearekin egon, terraza muntatu... Txotx denboraldian beste burrunba bat egoten da, taldeak oso handiak izaten dira, eta batzuetan ez da aukerarik egoten tratu pertsonalizatuago hori emateko».

Jon Pagola (Itxas Buru sagardotegia): «Ondutako sagardoa edateko garaia da»

Jon Pagola, Itsasburu sagardotegikoa. BERRIA
Jon Pagola, Itxas Buru sagardotegikoa. BERRIA

«Txotx denboraldia ederki joan da gurean. Jende asko ibili da, eta jendea gustura ibili da: giro onean, istilurik gabe, eta oso txukun. Egia da jende gehiena txotx denboraldi horretan ibiltzen dela sagardotegietan, baina sagardoa edateko garaia, ondutako sagardoa edateko garaia, orain da. Azkenean, kupeletik edaten den sagardoa oraindik ontzen ari den sagardo bat da, prozesua guztiz amaitu ez duena. Orain, udan, garai ederra da sagardo freskoa jatetxean edo terraza batean hartzeko. Guk uztailaren 31ra arte edukiko dugu irekita. Nik uste jendeak geroz eta gehiago baloratzen duela sagardoa botilan, kontsumitzeko beste modu bat baita. Udan sagardotegian egiten den plana ere lasaiagoa da: ez da halako jendetzarik eta burrunbarik egoten; familia giroan etortzen dira gehiago, mahaian jarrita, eta lasai egotera».

datua

6

Bildutako sagar kiloak, milioitan. Oparoa izan da 2023ko uzta: Euskal Sagardoa jatorri izeneko sei milioi kilo sagar bildu dituzte. 2022. urtean, bi milioi bildu zituzten. Jatorri izeneko 250 sagar ekoizleren uzta da.

4

Ekoitzitako sagardo litroak, milioitan. Uzta handia izan denez, ekoitzitako sagardoa ere bai: Euskal Sagardoa jatorri izeneko lau milioi litro sagardo. 48 sagardogilek osatzen dute jatorri izena, eta 85 sagardo aurkeztu dituzte.

%50

Udan irekitzen dutenak. Euskal Sagardoa jatorri izeneko 48 sagardotegi horietatik erdiak irekita egoten dira udan. Diote geroz eta eskari eta ohitura handiagoa dagoela udan ere sagardotegietara joateko, eta bestelakoa izaten dela tratua eta eskaintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.