Bubisher deitzen da Sahara basamortuan albiste onak ekartzen dituen txoria. Hala deitzen da erekanpalekuetako liburutegibusak kudeatzen dituen Espainiako elkartea. Literaturarekin zubia eraiki nahian sortu zen proiektua, eta, orain, Nafarroan antzeko egitasmo bat jarri dute martxan: Saharako Kabiak. Liburutegiei habiak deitzen diete Saharan, hortik izena. Maite Ramosek (Iruñea, 1967) aurkeztu du egitasmoa Katakraken.
Nola eraikitzen dira herrialdeen arteko zubiak literaturaren bidez?
Betidanik zubiak izan dira umeak udan ekartzea, eta elkartasuna izan da normalean elikagaiak eta botikak bidaltzea. Hango kultura eta egoera gehiago ezagutzen duzunean, konturatzen zara elkartasun mota hori zabaldu beharra dagoela. Botikak eta arroza emanez ez duzu herri aske bat egiten, agian menpeko herri bat egiten duzu. Aske izateko tresnak izan ditzaten nahi dugu, horretan lagundu nahi diegu. Kanpamentuetan umeentzat ez dago estimulurik. Guk haiei eramaten diegun kultura aberasgarri zaie, eta, era berean, haiena jasotzea aberasgarria da guretzat. Hor dago zubia, elkar elikatzen dugu.
Okupazio eta errepresioaren kontra, liburuak tresna egokiak dira?
Bai. Marokok eremu okupatuetan ez die uzten sahararrei unibertsitateetara joaten, eta, manifestazio batera badoaz edo mugimenduan badaude, institututik botatzen dituzte. Liburuak askatasunerako tresna dira, bai eremu okupatuetan eta bai kanpamentuetan.
Literaturarako sarbidea txikia da?
Bizi diren tokian oso zaila da literaturara hurbiltzea. Oso garestia da liburuak bidaltzea. Aljeriak arabierazko liburu asko bidaltzen ditu, hori bai. Bubisherrek haurrentzako liburuak bidaltzen ditu, gazteleraz, baina horretan ez dute aukera askorik. Marokoko eremu okupatuetan ere zaila da, zentsura baitago. Telebista errazago ailegatzen zaie. Baina Saudi Arabiako kateak dira, eta hori arriskutsua da.
Bubisherrekin harremana duzue?
Bubisher estatu espainiarreko proiektua zen, eta guk kutsu euskalduna eman nahi diogu. Haien bigarren hizkuntza gaztelera bada ere, badaude euskal kultura ezagutzen duten umeak. Orduan, hori ere eraman nahi dugu. Dena den, Bubisherrekin harremana eta koordinazioa dugu. Haien helburua da bost wilaya edo probintziatan liburutegiak jartzea, baina dauden hiru liburutegibusak hondatu egin dira, eta umeak zerbitzurik gabe gelditu dira; beraz, oraingoz, dirua lortu nahi dute bus berriak eramateko.
Zubia joan-etorrikoa izanen da?
Urtean behin gutxienez, Saharako poeta, ilustratzaile... bat ekarri nahi dugu, hitzaldiak edo mahai inguruak antolatu, edota Saharari buruzko pelikulak proiektatu. Ez da bakarrik dirua lortzea, benetako zubi kultural bat egin nahi dugu.
Japoniako kultura ere eraman duzu kanpamentuetara. Nolatan?
Kamishibai-ak, bai. Gure etxera etortzen den neskato sahararraren etxera joaten ginen, baina, horrekin ez genuen aski, gehiago egin nahi genuen. Ipuin kontalari moduan joatea pentsatu genuen bikotekideak eta biok, eta guk kamishibai ezagutzen genuen. Gainera, ikusi genuen oso tresna egokia zela bertako kultura mantentzeko, japoniarrek egin zuten bezala. Kondaira eta ipuin pila bat dute Saharan; baina, hemen bezala, txikiei bai, baina gazteei ez zaizkie gustatzen. Telebistarekin eta globalizazioarekin, horiek galtzeko arriskua dago. Beraz, kamishibai teknika erakutsi nien hiru liburutegietan. Pila bat gustatu zitzaien; umeak txoraturik zeuden.
Eginak zenituzten kamishibai-ak eraman zenituen. Hango ipuinetan oinarritutakoak sortu dituzte?
Orain kamishibai bat sortzen ari gara euskaraz eta hassaniaz. Jesus Izagirreren Chertat eta lehoia ipuina kamishibai bihurtuko dugu; bidean dago. Baina politena litzateke haiek haien kamishibai-ak sortzea.
Zergatik dira hain egokiak?
Irudia da, baina ez da liburuetako ilustrazioak bezala. Kamishibai-ak inferentzia egiten du, iradokitzen du gertatzen ari dena edo gertatuko dena, ez du laburtzen kontatzen duzuna. Egia esan, kateatzen du. Antzinako telebista bat bezalakoa da, eta, hala ere, oraindik kateatzen du. Saharako institutu batera joan nintzen, beldurrez, ea zer gertatuko zen, eta izugarri gustatu zitzaien.
Helduentzat ere badira?
Badaude bai. Are gehiago, Japonian, II. Mundu Gerran hori erabiltzen zuten soldaduak erakartzeko. Baina amerikarrek horiek guziak erre zituzten oso arriskutsuak zirelakoan, asko kateatzen zutelako. AEBetan kamishibai oso zabalduta dago irakaskuntzan, handik eraman zutelako. Japonian, gerraren ondoren, maisu-maistrek bakea, elkartasuna eta halako balioak lantzeko erabili zuten.
ATZEKOZ AURRERA. Maite Ramos. Saharako Kabiak proiektuko kidea
«Botikak eta arroza eramanez ez duzu herri aske bat egiten»
Irakaskuntzan egiten du lan, eta, udan, Mendebaldeko Saharako haur bat etxean hartzen du Ramosek. Saharako Kabiak elkartasun proiektua aurkeztu du Iruñeko Katakrak liburu dendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu