EITB sendo, publiko, independente eta kalitatezkoa lortzeko, euskara lehentasun duena lelopean, Bost Puntu izeneko agiria atera zuten duela aste batzuk Hasier Etxeberriak eta Juan Carlos Etxeberriak, ETBko beste hemezortzi kazetariren babesarekin. Hori nondik sortu zen kontatu zuen Juan Carlos Etxeberriak potolino.wordpress.com blogean. 600 sinadura inguru bildu dituzte, eta gaur gauerdian amaituko da epea horren alde sinatzeko (bostpuntu.com webgunean sina daiteke). Bihar, berriz, sinadurak Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politiko guztietako ordezkariei eta EITBko administrazio kontseiluko kideei bidaliko dizkiete. Hain zuzen ere, datorren asteartean administrazio kontseiluko bilera egingo dute eta Bost Puntu agiriari buruz eztabaidatzea espero da.
EITBko eta hainbat komunikabidetako kazetariek sinatu dute azkeneko egunetan. Testuak jaso dituen kritika gehienak aurreneko puntuari dagozkio, euskara eta gaztelania esaldi berean parean jartzeagatik. Horrela dio lehen puntuak: «EITBk euskal herritarren zerbitzuko erakunde publikoa izan behar du, euskaraz eta gaztelaniaz kalitateko programazioa eskainiko duena, ikusleekiko begiramenduna eta plurala, interes publikoari bideratutako edukiekin, produkzio propioaren bidez, gainerako kate publiko eta pribatuekiko zeregin orekatzailea izango duena».
Euskara bultzatzea, independentzia, euskal kulturaren errespetua eta kalitatezko erreferentzia dira beste lau puntuetako oinarri nagusiak.
Komunikazioa
'Bost Puntu'-ren aldeko sinadurak bihar bidaliko dizkiete alderdiei
Gaur gauerdian amaituko da epea 'bostpuntu.com' webgunean sinadura emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu