«Bost emakume ausart, konprometitu, borrokalari eta eredugarri». Horrela aurkeztu ditu Maider Etxebarriak, Gasteizko alkateorde eta kultura zinegotziak, aurtengo jaiei hasiera emateaz arduratuko diren protagonistak. Elena Loyo atletak, Ruth Brito triatletak, Maria Jose Saez de Cortazar ostalariak, Jaione Prado merkatariak eta Arantza Navarro ikerlariak botako dute suziria Andre Maria Zuriaren plazan, 40.000 ikusleren aurrean.
Etxeberriak argudiatu duenez, «kristalezko sabaiak apurtzeko unea» da, eta, horretarako, hiriko emakume guztiak ordezkatuko dituzten erreferenteak hautatu dituztela. Hori horrela, txupinazoari «begirada feminista» ematea erabaki dute. Bi urteren ondoren, aurten itzuliko dira Andre Maria Zuriaren jaiak Gasteizera. Hiru aste barru hasiko dira: abuztuaren 4tik 9ra ospatuko dira.
Hona hemen protagonistak:
Elena Loyo. Atleta. Iraupen lasterketan aditua da, eta 2020an Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen: maratoian egin zuen lasterka. Maratoi Erdian Espainiako txapelduna izan zen 2019an eta 2020an, eta beste hainbat kirol lorpen ere baditu.
Ruth Brito. Triatleta profesionala. Entrenatzailea eta enpresaburua. Herri triatloia bultzatzen dihardu, eta emakumeei kirol horretan hasteko laguntza eskaintzen die. Sari ugari eskuratu ditu, Espainian nahiz nazioartean.
Maria Jose Saez de Cortazar. Ostalaria. Laster, 23 urte beteko ditu Xixilu jatetxeko barraren atzean (jatetxeko arduraduna da duela 16 urtetik, gainera). Emakume enpresaburua da, ostalaritzaren sektorean erreferentea, eta otsailean omenaldia jaso zuen.
Jaione Prado. Merkataria. Duela 8 urte, bere negozioa sortu zuen: Exclusivos Moda. Ama eta ekintzailea da, eta, azken urtean, bere bigarren lanbide bihurtu du pasio duen hori: pintura.
Arantza Navarro. Tecnaliako ikerlaria da, eta Garapen Farmazeutikoko Laborategiko zuzendari teknikoa. Basque Pharmalabs 4.0 laborategietako garapen galenikoko eta analitikoko burua ere bada. Bere ikerketa lanaren arloan, botika berrien ikerketa ugaritan hartu du parte.