Medusak bezala, sugeak daramatza soinean Andrea Vitoria AyVee-k (Tolosa, Gipuzkoa, 1997), baina buruan eraman beharrean, belarritakoetan. Hala izena du kaleratu berri duen EPak ere: Medusa. Bortxatu zutela salatzeko sortu ditu abestiak, eta musika sendagarria izan da harentzat. Abestietako hitzei jarraituz erantzun ditu elkarrizketako galderak. Tolosako inauterietan emango du kontzertua estreinakoz, astelenita egunean.
«Bueltatuko naiz, bueltatuko naiz. Uste duzuen baino indartsuagoa naiz» diozu. Eta itzuli zara. Zer moduz zaude?
Kantako hitzek esaten duten bezala, indartsua kontsideratzen naiz, eta inoiz baino indartsuago nago, horrelako egoeretatik asko ikasten duzulako. Edo indarberritzen zara, edo zuloan sartzen zara. Ez nuen zuloan jarraitu nahi, eta indarberrituta itzuli naiz.
«Oso haserre nago, hainbeste jasan eta gero». Zer gertatu zen?
Biktima izan nintzen, baina bi aldiz. Bortxaketa jasan nuen, eta gizartearen aldetik ere biktima izan nintzen. Salaketa bat jartzen duzun momentuan, beti jartzen delako zure hitza zalantzan. Jendearentzat, gezurtia nintzen, puta bat nintzen, famagatik egiten nuen hori, atentzioa emateko jarri nuen salaketa...
Errua zuri egotzi zizuten, erasotzaileari egotzi ordez.
Bai, eta, gainera, Tolosan pixka bat ezaguna naizenez musikaria izateagatik, mundu guztiak jakin zuen. Erasotzailea babestuta eduki dute, haren aldeko manifestazioak egin dituzte... Hori izan da gogorrena. Baina beti egon da babestu nauen jendea ere. Ingurukoen maitasunak eta babesak eman didate hau guztia egiteko indarra.
Martxan dago oraindik prozesu judiziala. Nolakoa izan da?
Prozesu judiziala aldatu egin behar da, nahi eta nahi ez. Nik, adibidez, Tolosan salatu nuen lehenik, baina Ertzaintzaren egoitza Hernanin [Gipuzkoa] dago; beraz, hara joan behar izan nuen. Bitartean, ez dutxatzeko esaten dizute, eta ni oso zikina sentitzen nintzen. Medikuarenetik pasatutakoan, [bortxaketa] gertatu zen lekura eramaten zaituzte, eta hori edonori trauma bat sortzeko modukoa da. Gainera, medikuarengana eramaten zaituzte, eta ertzainekin joan behar zara, ez zure lagunek edo familiak lagunduta...
Zortzi bat aldiz kontarazi zizutela diozu.
Gero, Hernanira itzuli, berriro lekukotza eman... Egunean bertan bi edo hiru aldiz kontatu behar duzu. Eta, gero, prozesu guztian zehar, zortzi aldiz edo. Bai lekukotza ematean, laguntza psikologikoa eskatzean, psikologoa epaitegitik etortzen zaizunean...
«Uste zenuten isilik geratuko nintzela, edo?», diozu. Zergatik erabaki duzu kontatzea?
Azken batean, berak gezurra esan du, eta hori zabaldu du. Ikusten dudanez dena oso geldirik dagoela, bera oso lasai ari dela bere bizitza egiten, eta babestuta dagoela, nire kabuz indar hori atera nahi nuen, gizartearen aurrean salatzeko. Musika erabili dut salatzeko. Maite nauen jendea etorri zait zoriontzera, baina antzeko egoerak bizi izan dituen jendea ere bai. Gaur bertan, gauza bera gertatu zaion neska batekin hitz egiten egon naiz, eta sentsazio horiek gogorarazten dizkit, baina ondo dago, ikusten dudalako sostengua izan naizela beretzat.
Fase bakoitza azaltzeko, hainbat musika estilo erabili dituzu.
Azkenean, reggaetona, technoa eta denbowa indartsuak dira, eta horiekin hasten naiz. Gero, afrobeata lasaiagoa da, eta hori erabili dut depresioa irudikatzeko. Erabaki nuen estilo hauek jorratzea euskaraz gutxi daudelako, eta aukera bat emateko euskal musikari.
Zergatik Medusa izena?
Medusa Greziako emakume etniko bat zen, sugeak dituena buruan. Baina, hasieran, pertsona normal bat zen. Atena jainkosaren zerbitzaria izanik, Poseidonek bortxatu egin zuen, eta Atenak, hori ikusita, munstro bihurtu zuen. Orduan, istorio berdina pasatu dudala iruditzen zait. Azkenean, bortxaketa bat jasan, eta munstro bihurtu naute: izan naiz puta, gezurtia, famaren bila zebilen emakumea... Horregatik diot medusa bihurtu nautela.
EPa, disko eran ez, jertse batean argitaratuko duzu.
Gaur egun disko erreproduzitzaile gutxi daude. Beraz, mundu guztiak telefonoa erabiltzen duenez, erabaki dut jertse bat egitea QR kode batekin. Jertseak Medusa izena izango du, eta atzean medusaren marrazki bat edukiko du. Hori bai, jertsean bakarrik egongo da Natura kanta, plataforma digitaletan ez da egongo. Jertsea dutenei eskertzekomodu bat izango da.
Orain, kontzertuak emango dituzu?
Debuta edo Medusa aurkezteko lehenengo kontzertua Tolosako inauterietan izango da, astelenita egunean, 16:30ean. Dantzaria ere banaiz; beraz, orain dena ari naiz prestatzen.
ATZEKOZ AURRERA. Andrea Vitoria 'AyVee'. Musikaria
«Bortxaketa salatzeko erabili dut musika»
'Medusa' izeneko EPa sortu du AyVeek, jasan zuen bortxaketa eta ondoren bizi izandakoak kontatzeko. Haren hitza zalantzan jarri zutela salatu du, eta ingurukoen babesari esker egin duela aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu