Bortxaketa osteko bortxaz

Bortxaketen epaiketetan egindako benetako galderekin osatu du 'Birritan bortxatua' antzezlana Aldatzen Laguntzen antzerki taldeak.

Antzezlaneko epaiketaren momentu bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Lehen proba saioak amaitu zituztenean, animoz lur jota geratu ziren Ion Martinez eta Saioa Royo aktoreak. Elkarri besarkadak eman zizkioten behin baino gehiagotan, hain egin baitzitzaien gogorra antzeztu berri zuten lana. Gaur eta bihar jendaurrean antzeztuko dute estreinako aldiz Birritan bortxatua, Donostiako Gazteszenan, ikusleei antzeko sentsazio bat eragiteko asmoz—sarrera guztiak amaituta daude—. Hala dio behintzat Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko kide eta aktore Martinezek: «Jendea zaplazteko bat jasota ateratzen bada, asko da; antzezlanaren proba ikusi duen kanpoko lagun batek negarrez amaitu zuen, eta horrek esan nahi du bide onetik goazela, zerbait mugiaraztea lortu dugula».

Royok bortxatua izan den Nagoreren rola jokatuko du, eta haren kasua epaitegira iritsiko da. Bertan, defentsako abokatuaren eta fiskalaren galdetegia erantzun beharko du, eta bortxaketaren unea berriz gogoratu beharko du. Hortik antzezlanaren gogortasuna, eta baita izenburua ere. Galdera horiek, gainera, ez dira fikziozkoak izango, benetako bortxaketa epaiketetan abokatu eta fiskalek egindako galderak bildu eta baliatu baitituzte antzezlana osatzeko. Martinezek idatzi du gidoia, eta lehen probetan Royok askotan galdetu zion ea galderaren bat berak asmatua ote zen, «hain ziren sinesgaitzak». Ez da horrela izan, ordea. Horregatik, antzezlana fikzio dokumental bat dela azaldu du Martinezek: «Ez ditugu epaiketa bakar bateko galderak hartu, zoritxarrez halako galderak egiten dituzten epaiketen kasu asko baitaude, eta horregatik nahiago izan dugu fikzio dokumentala sortu». Errealitatetik asko duen fikzio bat osatu dute horrela.

Errealitate hori galderetan dago islatuta. Antzezlanaren momentu batean, Nagore epaiketako aulkian eserita dago, eta goitik behera begira duen fiskalak honela galdetu dio: «Barkatu galderarengatik, baina ez zen lehen aldia izango, ala? Ez zen lehen aldia izango gizon bati ahoarekin zakila miazkatzen zeniola». Ezezkoa erantzun dio Nagorek, baina lehen aldia zela horren gaizki sentitzen zela halako egoera batean: «Gaizki sentitzen nintzen haren semena nuelako, ez ninduelako errespetatu, eta ez nintzelako batere eroso sentitu». Berriz ere galdera: «Barkatu berriro galdetzea, baina 44 urte dituzu, ezta?». Baiezko erantzuna. «Noiztik daramazu sexu harremanak edukitzen?» 18 urte zituenetik, Nagoreren esanetan. «Hortaz, esan nahi diguzu hau izan zela nazka sentitu zenuen lehen aldia?».

Gisa horretan jarraituko du fiskalaren eta defentsaren abokatuaren galdetegiak antzezlanean. Horien bidez bortxaketaren unea gogorarazi beharraz aparte, Nagorek epaiketan bere jokabidea justifikatu beharko du. «Agerian geratuko da, gainera, gure gizarteak zer eragin duen biktimarengan; konturatzen denerako, bere ingurukoek badakite zer gertatu zaion», azaldu du Royok. Galdetegiak agerian utziko du, gainera, gaur egun oraindik botere judizialak nola funtzionatzen duen: «Ikusleak bere gogoeta egin dezala eragin nahi dugu, eta pentsa dezala bakoitzak non kokatzen duen bere burua».

Kontakizuna helarazi

Gogoeta ez ezik, ikusleek euren bizipenak konta ditzaten ere sustatuko dute Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko kideek. Horretarako, @kontazan Twitter kontua sortu dute, jendeak bertan idatz ditzan gertatu zaizkion antzeko «sustoak» edo kasuak. «Antzezlanarekin lanean ari ginela, inguruko jendea hasi zitzaigun kontatzen gertatu zitzaizkion pasadizo ezatseginak, gehienak susto bat besterik izan ez zirenak; antzezlanarekin nahi dugu ikusleek ere eurenak konta ditzaten», azaldu du Martinezek. Sare sozialean horiek biltzeko ahalegina egingo dute.

Antzerki konpainiak orain arte umorezko lanak egin izan ditu, eta orain estiloa aldatu dute. «Indarkeria matxistaren arazoa egunerokoan dago, eta guk gure ekarpena egin nahi izan dugulan honekin», Martinezen hitzetan. Hausnarketa eragiteko nahiaz sortu dute antzezlana, eta ondoren eztabaida eragiteko. Izan ere, ikusi dute Nagore Laffageren kasuak eta Iruñeko talde bortxaketarenak gizartean mugarriak ezarri zituztela, eta horien eraginez gizarteak ahotsa goratu zuela.

Orain, arazoaren inguruko hausnarketa ahalik eta txoko gehienetara eraman nahi dute, eta, horregatik, baliabide gutxirekin antzezteko moduko lan bat osatu dute. Argi eta soinu ekipamendua eurek eramaten dute, eta eurek kudeatzen dituzte baliabideak, hori ez dadin oztopo izan antzezlana kontratatzeko garaian. Martinezek eta Royok lehen proba saioetan sentitu zutena transmititzen saiatuko dira ahalik eta leku gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.