Borrokak batzen dituen urostasuna

Aurten hirugarren aldiz, ehunka jende bildu ditu Bekat'uros festibalak Atharratzen. Bazkaritik landa, harrotasunen karrika itzulia egin dute, eta kontzertuen aldia izan da gero.

'Bekat'uros' festibala kari antolatu duten harrotasunen karrika itzulia, gaur, Atharratzen. PATXI BELTZAIZ
Bekat'uros festibala kari antolatu duten harrotasunen karrika itzulia, gaur, Atharratzen. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
Atharratze
2025eko apirilaren 12a
18:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Atharratzeko (Zuberoa) karriketan bildu dira alde orotako bekatorosak, uros. Bedatseko lehen eki izpiek jantzi arinei eta ekitako begi-lagunei leku egin diete. Askatasun haize batek ere lekua hartu du, baina hotzik eragin gabe, berotasuna baizik, eta harrotasuna ere bai. Jadanik ehun bat pertsona hurbilduak ziren goizean, Prefosta elkarteak eta Altxalili kabareteko kideek hirugarrenez antolatu duten Bekat'uros egunera, «LGBTQIA+ komunitatea ospatzen duen egunera». 

Aperitifa bukatu, eta bertso eta bingo bazkarira hurbildu dira denak. Trinketera sartzean, ezkerraldean ezarria zuten mahai puntan, Altxalilikoek leku hartu dute. Dom Campistron horietako bat da, eta kabaretaren kide izateaz beste, marrazkilaria ere bada. Duela lau urte orain, Bekatorosak liburu grafikoa argitaratu zuen: Nafarroa Behereko hainbat herri ttipitako zazpi lagun elkarrizketatu zituen, zazpi bekatorosa, eta horien lekukotasunak paperera ekarri. «Bekatorosak izena ene familiako batek atzeman zuen, LGBTQIA+ komunitateko pertsonak deskribatzeko: anitz maitatu nuen Elizari egiten dion erreferentzia, biziki zuzena atzeman nuen». Geroztik, Prefosta elkarteak bereganatu du, urteroko hitzordua bilakatu den festibalaren izendatzeko. «Biziki polita atzematen dut jendeak bereganatzen dituelarik gauzak. Gainera, holako egun batean hainbertze bekat'uros ikustea biziki hunkigarria da».

Hitz jokoa sorturik, delako bekatu horretan bizi omen direnei uros izateko tokia eskaini diete Atharratzen. Guneak berak erronka dakar, ez baita hiri handia, herri ttipia baizik; holako eremuetan, usu, zaila izan daiteke nork bere sexu norabidea edo generoaren ñabardurak asumitzea. Basandereak taldearekin karrika itzulian parte hartzera jinak diren Xaxi eta Joana Erdozaintzi Etxartek hala uste dute: «Barnealdean ez da irudirik, ez da erreferentziarik. Ez dugu usaia holako egunik ukaitea. Oztibartarrak gara, eta biziki lotuak gure lurraldeari, baina barnealdean ere garapena ezinbestekoa da». Garapenaren bidez, irekidura.

«Arrazoi anitzengatik etorri da jendea: batzuk bertakoak direlako, beste batzuk beren identitate sexualagatik, beste batzuk hizkuntzagatik, eta hori oso polita da»

IBON Bekat'urosera lehentze etorritakoa

Campistron ere barnealdekoa da, Baigorrikoa (Nafarroa Beherea). «Izugarri inportantea da queer izate hori baserrira ekartzea, laborantza munduari lotzea... Gero, ez da klixeetan sartu behar: ez da egia hirietan bizi baitzara ez duzula homofobiarik jasanen». 

Euskaldun eta disidente

«Hotz handia egin zuen edizioaz» oroitu dira Manex eta Kepa; Arrasatekoa eta Zarauzkoa (Gipuzkoa) dira, hurrenez hurren. Hirugarren aldiz antolatu dute festibala, eta hirugarren aldiz bertaratu dira. Aurten beste lagun bat ere ekarri dute, Ibon, Urnietakoa (Gipuzkoa). «Publizitate ona egin zidaten, eta dena egia zela konturatu naiz».

Hegoaldetik jinak dira, beraz, Atharratzeraino, «batzen direlako euskaldun izate hori eta bazterreko disidenteak izatearen hori». Bekat'uros besta egiazko topagune bezala definitu dute, kontsideratzen baitute egun horrek zinez modua ematen diela gorpuzten dituzten bi borrokak batera eramateko. Funtsean, izate anitz bildu ditu Bekat'urosek: «Arrazoi anitzengatik etorri da jendea: batzuk bertakoak direlako, beste batzuk beren identitate sexualagatik, beste batzuk hizkuntzagatik, eta hori oso polita da».

Campistron ere ados da horrekin: «Erakusten dugu zein indartsuak garen, zein ederrak garen. Biziki beldurgarria da nora doan gure mundua; hor badugu xantza holako egun baten ospatzeko elkarrekin... Argiki borrokatzen gara, eta behar lirateke holako gertakari gehiago ikusi».

Arratsaldea heltzearekin, ehunka pertsona ibili dira Atharratzen, harrotasunen karrika itzuliaren erritmora. Gauean Altxalili taldeak kabareta emango du, eta musika taldeak eszenatokira iraganen dira gero, eta jendetzaren urostasuna eragin, segur aski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.