Pagadi mardul batez inguratuta dago Zaborrate (Nafarroa). Artzain bordara iristeko koordenatuak ezagutzea komeni da, baina azalpen erraz bat ere aski da leku ezkutu bezain eder horretara iristeko: Lizarra eta Etxarri Aranatz (Nafarrroa) lotzen dituen NA-120 errepidearen 18. kilometroan dagoen pista hartu behar da. Metalezko atea zabaldu eta itxi ostean, 3,5 kilometroko bidearen amaieran dago Zaborrate. Bertako toponimiatik hartu du izena harriz eta egurrez egindako artzain bordak.
Angel Mari Lopez Azpilikueta artzaina bertan bizi zen garai batean, martxotik urrira, artaldea zaintzen, baina orain sukaldari lanetan ibiltzen da emaztearekin. Mirentxu eta Imanol San Martin anai-arrebek 2005. urtean zabaldu zuten borda jantoki gisa, eta maiatzera arteko larunbat guztiak beteak dituzte. Menu bakarra daukate. Entsalada kenduta, denak dauka ardia: ogi mamiak, arkumeki gisatua eta gaztanbera edo mamia. Edateko, ardoa edo/eta sagardoa, eta postrean, kafea eta patxarana. 25 eurotan dago menua; ardi saihetsak ere nahi izanez gero, beste bost euro ordaindu behar dira.
Museo xume bat
Egunotan bidea garbitzen aritu da artzaina, elurrak dena zuritu baitu. Andia mendikatearen hegoaldeko mazelan dago borda, eta bertan jatea bazkari huts batetik harago doan esperientzia da. Mendizaleak dira bordara artzainek behinola jaten zutena jatera doazenak. Iturgoieneko Trinitatea da gertuen dagoen tontorra, 1.224 metrora. Museo etnografiko txiki eta xume bat da borda: makilak, kaikuak, zintzarriak, adarrak... Su txikia ere badago, eta garai bateko argazki zaharrak, zuri-beltzean.
Lezaun da gertuen dagoen herria. Herri txiki horretan dauka gaztandegia sendiak; Aldaia. Imanol San Martin ezkon-nebak hartu dio lekukoa artzainari, eta urtean 9.000 kilo gazta egiten ditu, ardi latxen esnea erabiliz. «Abendutik uztailera bitartean egiten dugu gazta, eta orain bete-betean ari gara. Apirilean mendira igoko ditugu ardiak. Orain, artalde txikiagoa daukagu, hirurehun ardikoa». Idiazabal sor-markaren barruan aritzen dira, eta, gazta naturalaz gain, ketua ere egiten dute. San Martinek gaztandegirako bisitak ere egiten ditu: ukuiluko ardiak nola jezten dituzten ikus daiteke, eta gazta nola egiten duten ikasi. «Ondoren, gazta eta ardi txorizoa dastatzeko aukera egoten da».
Bordan bazkaltzeko, aurretik deitu behar izaten da. San Martinek nabarmendu nahi du bertako produktuekin egiten dutela dena, zero kilometroko filosofiari eutsiz: «Gure ardien seboa erabiltzen dugu ogi mamiak egiteko. Gure bordan den-dena da naturala». Ogi puska lehorrak, seboa, baratxuria, tipula, txistorra, urdaiazpikoa, pipermina, eta piper txorizeroa. Besterik ez da behar.