Bolivar, gezurraren aurka

Simon Bolivar eskutitz bat eskuan zuela joan da EITBren egoitzara, Venezuelako Iraultzaren aurka komunikabideek zabaltzen dituzten gezurrak salatzeko.

Simon Bolivar irudikatu zuen pertsona, atzo, zaldi gainean eta ezpata eskuan, EITBren egoitzaren parean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Zaldi gainean, eta ezpata eskuan zuela. Horrela iritsi zen atzo goizean Simon Bolivar biziberrituaren pertsonaia Bilbora. Eskutitz bat zeraman Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Panama, Peru eta Venezuelako askatzaileak. Hartzailea bazuen mezu hark: Alberto Surio EITBko zuzendariarentzat zen, hain zuzen ere. Horregatik, erakunde publikoak Bilbon duen egoitzara joan zen Caracasko askatzailea, eskutitza hartzaileari zuzenean eta eskutik eskura emateko asmoarekin. «Non dago? Berarekin egon nahi dut», zioen zalditik jaisten ari zela.

EITBren egoitzaren inguruan zebiltzan pertsonak harrituta begiratzen zioten zaldi gainean zihoan gizonari, nor izango ote zen eta zertan ari ote zen galdezka. Eraikinaren kanpoko aldean bilduta zeuden hainbatek erantzuna eman zezaketen, kantatzen ari ziren oihuak entzunez gero: «Alerta, que camina la espada de Bolivar por America Latina» (Erne, Bolivarren ezpata Latinoamerikan dabil eta). Baina agerraldi horren arrazoiak oraindik ez ziren oso argiak. Zalantza guztiak, ordea, Bolivarrek berak uxatu zituen komunikabidearen ateen parean egindako adierazpenetan: «Nire Venezuela maitea urratsez urrats doa aurrera bere bigarren eta behin betiko independentziaren alde. Menderatuta zeukaten boteretsuen kateak gainetik kenduz, duintasunaren alde ari da borrokan», hasi zuen hitzaldia. Egoera horrelakoa izanda ere, herrialde bolivartarraren aurka gezurrak esaten ari direlako minduta agertu zen askatzailea: «Jauntxoek behin eta berriro errepikatzen dituzten gezur horiek aberastasun eta esklabo egarria baino ez dute oinarri», zioen.

Berrehun urte baino gehiago igaro dira Simon Bolivarrek Latinoamerikako sei herrialde askatu zituenetik, eta 1801. urtean Euskal Herrian izan zenetik. Askapena eta Komite Internazionalistak askatzailearen irudia erabili zuten Venezuelako gobernuari etairaultzari babesa emateko. «Urte hauetan Venezuelan izaten ari den eraldaketaren gainean komunikabide nagusiek egiten duten manipulazioa salatunahi dugu», zioten. Horregatik, Suriorengana joan zen Bolivar «erakunde publiko honek gure etxeetara heltzen diren zenbait informazio faltsurekiko erantzukizun handia duelako». Ekitaldi hori hemendik zazpi egunera Hego Amerikako herrialdean egingo diren hauteskunde presidentzialen testuinguruan antolatu zuten, «Venezuelako herriari elkartasun keinu bat bidaltzeko». Baina eskaera egin zuten, gezurretan ez aritzeko: «Ez dute Venezuelan benetan zer gertatzen ari den kontatu nahi. Beldur dira, ez ote den mundu osoan zabalduko, baina berandu da horretarako».

Babes zabalagoa Venezuelari

Baina atxikimendu ekintzak ez ziren Euskal Irrati-Telebistaren egoitzaren atarian egindakoak bakarrik izan. Bolivarrek erakutsitako atxikimenduak arratsaldean Plaza Biribilean izan baitzuen jarraipena. Goizeko ekitaldia antolatu zuten bi elkarteek deituta, agerraldia egin baitzuten Gu Venezuelako iraultzarekin lelopean. Bestelako sistema baten alde daudela aldarrikatu zuten han, eta 1998an altxaturiko eta urteetan erakutsitako «erresistentzia eta borrokaren emaitza izan den Iraultza Bolivartarrari» atxikimendua erakutsi zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.