Bob Belaki heldua da

Irudi errealak eta animazioa nahasten dituen atal berezi batekin ospatuko dute gaur 'SpongeBob Squarepants' marrazki bizidun saioaren 20. urteurrena, eta horretan oinarrituriko beste film bat egiten ari dira.

Bob Belaki, baikortasun patologikoa irudikatzen duen pertsonaia. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Pasioak sortzen ditu itsas azpiko pinaburuko biztanleak: amodioa eta gorrotoa. Gaztetxoen maitasuna dauka, gehienetan, baita guraso askoren gorrotoa ere. Edonola ere, kaltea edo mesedea eginda dago: Bikini Hondoetako pertsonaiei begira hazitako milurteko belaunaldi oso bat dagoeneko kalean da. Bob Belakik eta haren lagunek 20 urte bete dituzte.

Nickelodeon AEBetako telebista kateak 1999ko maiatzean estreinatu zuen SpongeBob SquarePants saioa, eta arrakasta handia izan zuen hasieratik. Izan ere, baloraziorik onena duen telesaila da katean, eta, gutxienez, 13.000 milioi euroren irabaziak ekarri dizkio.

Zein da, ordea, saioaren arrakastaren sekretua? «Umore oso gaiztoa du», esan du Oier Gorosabel zaleak. «Bob Belaki langile esplotatu bat da, baina pozik dago bere nagusiarekin. Ez du gaixo baimenik hartu nahi, garai bateko euskaldun langile zintzo/ergelak legez. Lana besterik ez daki egiten, ez dauka besterik buruan».

Bob izeneko itsas belakia da saioaren protagonista, baina baita haren adiskide taldea ere, eta horretan dago indarguneetako bat, Gorosabelen arabera. Izan ere, Belakiren lagunak ez dira pertsonaia idealizatuak, Disneyren estiloan, baizik eta miseriaz beteriko gizagaixoak. «Bizitza errealean, halakoxeak dira lagunak. Karikatura egokia dela iruditzen zait».

Gurasoek haurrekin ikus dezaketen saio bat da, printzipioz. «Umeek ez dituzte gag gehienak harrapatzen, noski; baina gurasook bai». Askok nabarmendu dute hori dela saioaren arrakastaren gakoa: haurrak nagusi gisa tratatzea.

Atal berezia

Gaur estreinatuko du Nickelodeonek marrazki sailaren 20. urteurrena ospatzeko atal berezia: SpongeBob's Big Birthday Blowout (Bob Belakiren urtebetetze jai handia). Marrazki sailaren sortzaile Stephen Hillenburgi eginiko omenaldi gisa aireratuko dute. Hark zuzendu eta ekoitzi zuen saioa lehen sasoietan, eta gidoilari aritu zen, baina 57 urterekin hil zen iazko azaroan. Irudi errealak eta marrazkiak nahastuko ditu atal bereziak, eta, besteak beste, David Hasselhoff aktoreak hartuko du parte.

Bob Belakik «ergelkeriaren erreibindikazioa» egiten duela eta, edertasunaren irudi hegemonikotik aldentzen dela nabarmendu du Iratxe Fresneda zinema zuzendari eta ikus-entzunezko komunikazioaren irakasleak. «Ez da politikoki zuzena eta ganberrismo-aren alde egiten du. Dibertigarria da».

Zinemarako film batekin ospatu nahi zuten 20. urteurrena. The Spongebob Movie: It's a Wonderful Sponge ekoizteko lanak 2015ean hastekoak ziren, eta aurtengo otsailaren 9an estreinatzekoa zen. Baina urtarrilean hasi ziren azkenean, eta 2020ko maiatzean estreinatuko dute.

Ez dira gutxi telesaila gorroto dutenak, batez ere gurasoen taldean. Baina badira, Bob gustuko ez duten arren, saioa maite dutenak. Horietako bat da Aitor Ogiza. «Gorroto dut pertsonaia. Karikatura bat izan arren, 12 orduko jardun-erdiaz pozik dagoena...». Haren barrea jasanezina zaiola gaineratu du.

Izan ere, hori da belakiaren ezaugarri nagusia: itsuki baikorra da, barregarria izateraino. «Bob Belaki heldu da», esaten du sarrerako kantak (gaztelerazko bertsioan bakarrik). Hogei urte bete ditu; dagoeneko heldua eta nagusia beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.