Blusak eta kaleak garbitzera

Zeledon San Migel elizako dorrera igota amaitu dira Gasteizko jaiak. Orokorrean, «pozik, eta gustura» geratu dira festetan parte hartu duten eragile gehienak. Ez da zauritu larririk izan, ez eta larrialdirik ere, baina indarkeria matxistak zertzelada ilunak utzi ditu jaietan.

Blusa bat eta neska bat, gaueko parranda amaituta. Bitartean, garbitzaileak lanean jo eta ke. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan daude Gasteizko jaiak. Zeledon bere herrira, Zalduondora (Araba) itzultzearekin batera, gasteiztarrek blusak eta jantziak garbigailura bota dituzte. Izan ere, atzo amaitu ziren jaiak. Azken biribildua patatak errioxar erako dastatze solidarioa antolatzen eman zieten, Elikagai Bankuaren aldeko jarduera batean. Herri kirolak eta pilota txapelketetako partidak ere antolatu zituzten. Aste osoan eguzki izpiak ez dira falta izan, eta bero itogarria egin du festetan. Aste bitarteko egunak izanda, jaiak «arraro» samarrak izan direla esan dute hainbat eragilek. Hala ere, orokorrean «pozik» daude amaierako emaitzarekin.

Blusa eta neska kuadrilla ugari ikusi ahal izan dira jaietan. Blusa eta Nesken Batzordeko presidente Sergio Gonzalezek esan dujaiak «espero baino jendetsuagoak» izan direla: «Abuztuaren 5a, astelehena, izan zen egunik onena». Antolatutako ekintza guztietatik bat nabarmendu du Gonzalezek: «Asteazkenean egin zen goitibeherak sekulako arrakasta izan zuen. Oso urte gutxi dituen ekintza bat da, baina jende andana bildu du». Blusa eta Nesken Federazioko presidente Asun Ortizek, berriz, kuadrillek ostegun gauean egin zuten kalejira nabarmendu du. «Kuadrillen txarangak batu, eta sekulako giroa jarri genuen elkarrekin», nabarmendu du Ortizek.

Jende andana aritu da jaietan, baina horrek ez du arazo larririk eragin, Gurutze Gorrikoen esanetan. Andre Maria Zuriaren festetan ez da zauritu larririk artatu behar izan. Zauritu arinak egon dira, eta edanda egon izan diren pertsonak ere bai, baina inor ez da inora eraman behar izan larriki zaurituta. «Azken urteetako bolada ona mantendu da aurten», jakinarazi du Iñaki Garcia Osua Arabako Gurutze Gorriaren Larrialdi eta Osasun Zuzendariak.

Orokorrean, giro ona

Egunez soilik lan egiten duten Anboto jatetxeko langileek eguneko festa nabaritu dute: «Familia giroa egon da eguerdi eta arratsaldeetan. Berriketa martxa ederra egon da jaietan». Liskarren bat salbu, tabernariek gaineratu dute bezeroak ondo portatu direla eta errespetuz ibili direla. Barraren beste aldean lana izan dute, baina «ez hainbesterako», Iñaki Ormazabal Erdizka tabernako zerbitzariaren ustez. Zeledonen jaitsiera egunean sumatu zuen jende gehien: «Aste bitartearen eragina nabaritu da: ez da aparteko girorik egon egun hauetan».

Ez dira tabernariak bakarrik izan bezeroen «tratu ona» eta «errespetua» nabarmendu dituztenak. Xabi Diez eskulangile bilbotarra urtero joaten da Gasteizko eskulangileen azokara artelanak saltzera. Bere postura biltzen zen jendearen «eskuzabaltasuna eta borondate ona» nabarmendu ditu. Erantsi du igaro direnek «jakin-mina» erakutsi diotela. Aurten, Santa Barbara plazan jarri dute, lehenengo aldiz. Diezi gaizki iruditzen zaio aldaketa: «Leku aldaketarekin jendearengandik urrundu gara». Izan ere, lehen Senda ibilbidean kokatzen ziren saltzaileak, baina Gasteizko Udalak lekuz aldatu ditu. «Azokara propio datorren jendea bakarrik inguratzea dakar», Diezen ustetan. Hurbildu zaizkion bezeroen artean, gazte gutxi aritu direla esan du: «Jende heldua hurbildu da hona; gazte gutxiegi aukeran».

Aihotz plazan, eskulangile azokan bezala, helduen presentzia handia nabaritu dute Zuriñe Gilek eta Dorleta Martinezek, gazteena baino gehiago. Geu elkarteak Aihotz plazan jarritako txosnan ardura lanak izan dituzte Gasteizko jaietan. Hala ere, bientzat egunik gogorrenak jaiak hasi aurreko asteburukoak eta lehen bizpahiru egunak izan ziren: «Jo eta su aritu ginen egun horietan: ekintza asko zeuden plazan, eta jendez lepo zegoen». Gaineratu dutenez, «euskararen arnasgunea» bihurtu da Aihotz plaza dagoeneko: «Euskal kulturak bere tokia egin du hemen, Gasteizko erdigunean: euskararen eskaintza espazioa izan da».

Jaien itzalak

Baina dena ez da poza eta festa izan. Indarkeria matxista kasuak egon dira: azkena, herenegun. Gasteizko Mugimendu Feministak eta udalak eraso sexisten aurkako protokoloak martxan jarri behar izan dituzte, eta elkarretaratzeak egin dituzte eraso horiek salatzeko. Horrez gain, udalak antolatutako ekintzetan hamar minutuko etenaldiak izan dira. Txosnetan, berriz, mugimendu feministak ekitaldi bat egin zuen, erasoak arbuiatzeko.

Mozkorraldi kuadrillak kalejiran atera zituen kartel sexistak ere salatu dituzte. Gertatutakoaren ondorioz, Blusa eta Nesken Federaziotik kanporatu dituzte. Asun Ortizek esan du kuadrilla hori «behin betiko eta eztabaida gabeko erabakiz» kanporatu dutela. Sergio Gonzalezek, berriz, nabarmendu du Batzordeak ere ez duela kuadrilla horrekin «inondik inora» ezer negoziatuko.

Luzerako eman dute Andre Maria Zuriaren jaiek. Eta luzerako emango dute datozen egunetan ere. Aste bitarte berezia izan da gasteiztarrentzat, Zeledon jaitsi zenetik txarangak, txapelketak, kontzertuak izan baitira: aspertzeko motiborik ez da izan. Orain, jaiak amaituta, udalak eta jaietan parte hartu duten eragileek beren ondorioak aterako dituzte. Bitartean, herritarrek deskantsua hartuko dute, baita Zeledonek ere. Erratzak pasatu eta aterkiak itxi behar dira orain. Datorren urterako energiak berriztatzea tokatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.