Blusa eta nesken egunean, upelen lasterketa eta baratxuriak protagonista

Giro ederrean ospatzen ari dira blusa eta neskaren eguna Gasteizen, hiriko jaien atarikoa. Ardo upelen lasterketak jendetza batu du goizean, eta baratxuri sortak erosteko parada egongo da egun osoan.

Blusek eta neskek upelen lasterketa egin dute goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Blusek eta neskek upelen lasterketa egin dute goizean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2024ko uztailaren 25a
15:05
Entzun

Andre Maria Zuriaren jaien atarikoa da, festa giroan murgiltzeko beroketa. Berakatz sorta prezio onenean etxera eramateko eguna ere bada, eta baita herri kirolak ikusteko edota kaleko saltzaileei puxikaren bat erosteko eguna ere. Blusen eta nesken eguna ospatzen ari dira gaur Gasteizen, festak eta tradizioak bat egiten duten egun berezia. Kuadrillen egun handia.

«Parisko Joko Olinpikoei itzal egiten die honek!», oihu egin du Plaza Berrian hizlari lanetan ari den aurkezleak. Zazpigarren urtez jarraian, ardo upelen lasterketa egin dute blusa eta neskek, eta jendetza batu da ikuskizunera. Lau pertsonaren artean upela garraiatzea da kontua, lurretik altxatu gabe bueltak emanez, 400 metroko ibilbide batean. Erraza ematen du, baina ez, ez da. Indarrak eta abiadurak bezainbeste balio du abileziak, upela berehala desbideratzen baita. Ongi dakite hori aurreko urteetan lasterketan aritu diren blusa eta neskek, eta urduritasuna sumatzen zaie irteteko pronto daudenei. «Hau azterketa bat egitea baino okerragoa da», aitortu dio Gautarrak kuadrillako neska batek kideari. «Gaurko partaideek gorriak ez, beltzak ikusiko dituzte aldapan gora», abisu egin die aurkezleak, barreka, eta lehiakideak are artegago jarri ditu.

Guztira, 19 kuadrillak parte hartu dute lasterketan: 70 blusa eta neskak baino gehiagok. Txandaka egin dute ibilbidea. Indartsu hasi dute denek, upela gogotsu bultzatuta, baina erritmoari eustea zaila egin zaie batzuei, upela pisutsua baita. Elkarrekin talka egin dute, pilaketa batzuk ere egon dira, eta erorikoak ere bai. Ez dira falta izan publikoaren animo oihuak, eta parte hartzeko gogoa piztu die bati baino gehiagori: «Hurrengo urtean animatuko naiz; nire jenio txarrarekin, indarrez astinduko nuke upela», esan dio Luken kuadrillako neskato batek aitari.

Uste baino neketsuagoa izan dela aitortu dute denek amaieran: izerdia, eskuak bizkarrera, eta ur eske helmugara heltzerakoan. Saria ere ez da makala: Mitarte upategiak 225 litro ardo emango dizkio Basatiak kuadrillari.

Baratxuri eskaintza zabala

Upel lasterketaz landa, eta ohikoa denez, baratxuri eskaintza zabala dute aukeran gasteiztarrek Santiago egunean. Hiru eta 30 euro bitarteko sortak salgai jarri dituzte 70 ekoizlek San Frantzisko aldapan eta Errege Atea kalean. «Baratxuri osasuntsua da, gorria, tamaina onekoa», aritu dira esanez saltzaileak postuen aurrean pilatu diren erosle eta kuxkuxeroen arreta bereganatzeko. Salmentak ongi doazela onartu du Las Pedroñerasko (Espainia) saltzaile batek: «Eguna amaitzerako dena saltzea espero dut».

Hiriguneko kaleek festa giroak hartuta jarraituko dute iluntzera arte. Arratsaldean, zezenetarako joan-etorriarekin, blusak eta neskak bihurtuko dira festaren nagusi. Gasteizko jaien atarikoak bat baino gehiago utziko ditu gehiagoren gogoz. Baina ez da asko falta: hamar egun baino ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.