Gasteizko jaiak

Blusak eta neskak, jaien arima

Gasteizko jaiak ezin daitezke ulertu blusa eta nesken kuadrillarik gabe. Tradizioa irudikatzen dute, baina bilakaera, aniztasuna eta espiritu komunitarioa ulertzeko modua aldatu egin dira urteen poderioz.

Akelarre blusa eta nesken kuadrilla, Santiago egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Akelarre blusa eta nesken kuadrilla, Santiago egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2024ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun

Gasteizko kaleak alaitasunez eta tradizioz betetzen dira udan, blusek eta neskek Andre Maria Zuriaren jaietan protagonismoa hartzen dutenean. Jaietako arima dira, baina baita nortasunaren eta harrotasunaren ikur ere. XX. mendearen erdialdean sortu ziren lehenengo blusa eta nesken kuadrillak, eta, harrezkero, funtsezkoak izan dira ohiturak eta ospakizunak bizirik mantentzeko, hiriko txoko bakoitzari kolorea, musika eta energia kutsakorra emanez. Gizartean izan diren aldaketetara egokitu dira, betiere euren ezaugarri den adiskidetasun eta dibertimendu espirituari eutsita.

1

Historia

Garai batean, gazte askok frontoia eta pilota aukeratzen zuten Gasteizko jaiez gozatzeko, eta horietako askok eta askok zezenketetara joateko ohitura ere bazuten. Orduko gazte askoren janzkerak ere badu bere istorioa: gaztetxoenek alkandora zuria eramaten zuten, baina zikin-zikin bukatzen zuenez, laneko blusak erabiltzen hasi ziren; gero, zezenketak bukatu ostean, blusa hori kendu, eta, alkandora garbiarekin, dantzaldira joaten ziren. Gazte horiei blusak deitzen hasi zitzaizkien orduan.

1925ean jaio zen blusen lehen kuadrilla: El Himeneo. Urtebete geroago, Ab-del Krim y Compañia sortu zen, eta handik aurrera, bata bestearen atzetik sortu ziren kuadrilla gehiago. Garai hartakoak dira Los Martinikos, Los Desiguales, Los Bainas eta Los Txismes kuadrillak, eta horko kideen artean badira lau hamarkada luze daramatzatenak ere. Gotzon Ciruela da blusa horietako bat; 44 urte daramatza Los Desiguales taldean: «Herriaren parte sentitzen gara, eta sentimendu hori ezin da diruarekin erosi. Kaleak alaitzen jarraitzen dugu».

Blusen eta Zeledonen arteko harremana ere aspaldikoa da. 1957an erabili zuten aurreneko aldiz panpina bat Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko: Pepito izena zuen. Pepito panpina Zeledon bilakatu zen handik gutxira. Zalduondotik (Araba) Gasteizko jaietara zihoan landako gizona irudikatzen zuen panpina horrek hamaika bider zeharkatu ditu Gasteizko zeruak abuztuaren 4an, jaiei hasiera emateko.

Gasteizko jaiak sortu zirenetik behin baino ez dute huts egin blusek: 1976an izan zen, martxoaren 3ko gertakari lazgarrien urtean. Blusen Batzordeak erabaki zuen ez zuela jaietan parte hartuko, eta blusarik ez zen ikusi kaleetan urte hartan. Erabakiak hainbat liskar eragin zituen Zaramagako hilketak bizi izan zituzten gazteen eta jaia dolurik gabe jarraitu nahi zuten adinekoen artean.

2

Kuadrilla sorta

30 kuadrilla eta 7.500 blusa eta neska. Aurten inoiz baino kuadrilla eta blusa eta neska gehiago ibiliko dira Gasteizko kaleetatik. Aurten lehen aldiz aterako da Gaupazaleak kuadrilla. Blusen eta Nesken Federazioaren barruan dago, eta 234 kide ditu —119 neska eta 115 blusa—. Kuadrillarik handiena Batasuna da —400 kide—, eta txikiena, Los Txismes —70 kide—.

«Herriaren parte sentitzen gara, eta sentimendu hori ezin da diruarekin erosi. Kaleak alaitzen jarraitzen dugu» 

GOTZON CIRUELA Los Desiguales kuadrillako blusa

1970eko eta 1980ko hamarkadetan sortu ziren kuadrilla gehientsuenak, eta 1990eko hamarkadan Basatiak, Nekazariak, Zintzarriak eta Hegotarrak eratu ziren. Baina badira gazteagoak ere: 2019an, Gautarrak taldea sortu zen; 2000an, Margolariak eta Siberiarrak, eta 2001ean, Los Alegrios.

3

Emakumeen presentzia

Neskak gizonak baino beranduago hasi ziren kuadrilletan sartzen: 1970eko hamarkadan. Ordutik, etenik gabe egin du gora emakumeen presentziak, eta gaur egun hainbat kuadrillatako kideen erdiak baino gehiago dira andrazkoak. Hainbatetan, gainera, neskak gehiengo dira. Biznietos eta Gautarrak kuadrilletan, adibidez, emakume gehiago daude gizonak baino. 320 kide ditu Biznietos kuadrillak, eta horietako 195 emakumeak dira (%61). Gautarrak taldean, berriz, 192 emakume daude, parte hartzaile guztien %60. Karraxki eta Zintzarri kuadrillak ere ez dira atzean geratzen: erdiak baino gehiago emakumeak dira.

Jaietan emakumeek neska gisa parte hartzea aurrerapauso handia izan dela uste du Ciruelak: «Batez ere sexu berdintasunari eta kulturan eta tradizioetan emakumea irudikatzeari dagokionez, urratsa da».

Neska talde bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Neska talde bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU

4

Egunerokoa

«Jaietan egun guztietan daude gauzak egiteko», Ciruelak nabarmendu duenez. Izan ere, egitarau betea izaten dute blusek eta neskek festek irauten duten sei egunetan. Erdigunetik zezen plazara desfilatzea da blusa eta nesken ohiturarik ezagunena. Garai batean, eta urte luzez, tradizioa zen zezenketarako joan-etorria egitea, baina animaliak babesteko araudia tarteko, zezenketak egiteari utzi zioten. Haatik, blusek eta neskek joan-etorria egiteko usadioari eutsi diote: kalejira antzeko bat da, jendetsua eta koloretsua.

Baina horrez gain, dozenaka ekinaldi antolatzen dituzte jai guztietan. Atzokoa izaten da jarduera gehien batzen dituen eguna: basatilandia, triatloi blusistikoa, zumbaina, desolinpiadak… Alde solidarioa ere badute kuadrillek. Okerren kuadrillak, adibidez, ekintza solidario bat egiten du urtero Andre Maria Zuriaren egunean. Dianak jo ondoren, San Martin auzoko zahar etxera joaten dira, haiekin denbora pasatzera. Gasteizko jaietan denetarik egiteko indarra dutela azpimarratu du Los Desiguales kuadrillako kideak, harro: «Hemen dugun guztia ez da beste inon ikusten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.