Algortako Bihotz Alai plaza izango da Getxoko jaialdiaren agertoki nagusia. Ostegunean, 20:00etatik aurrera, kontzertu bikoitzaz gozatzeko aukera izango da: Priscilla Band eta Freedonia taldeak ariko dira. Ostiraleko eta larunbateko kontzertuak, berriz, 21:00etan hasiko dira.
Blues musikaren ahots handi baten txanda izango da ostiralean, 77 urte dituen William Bellek kontzertua eskainiko du, duela gutxi Grammy sari bat eskuratu ostean.
Music Maker Foundation taldeak itxiko ditu Getxo&Blues jaialdiaren saio nagusiak. Halaber, artista handiak bilduko dira oholtzan eta blues kluben giroa bizi ahalko da.
Ostiral eta larunbatean, The Piper's Irish Pub tabernan Confluence eta Woody Blues Trio bandak ariko dira, hurrenez hurren. Horrez gain, Crazy Jazzers Street banda Algortako hirigunea alaitzeaz arduratuko da asteburuan.
Milaka jarraitzaileren zain
Herriko kultura eskaintzaren barruan, doako kontzertu eta jardueraz beteriko lau egun eskaintzen ditu Hondarribiko blues jaialdiak. Guztira, 24 emanaldi eskainiko dituzte herrian jarritako agertokietan.
Egunez, lau agertokitara igoko dira bluesaren izarrak. Gauetan, berriz, Bentako agertoki nagusiak hartuko ditu gitarra hotsak eta ahots urratuak. Gaur gauean, agertoki horretan, Zac Harmon,The JB's James Brown Original Band eta Stars From The Commitments taldeak entzuteko aukera egongo da.
Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, aurten ere jende asko etortzea espero da. Charles Baty gitarra jotzaile estatubatuarrari emango diote jaialdiko ohorezko saria.