Sabina de la Cruz. Literatura kritikaria

«Blas de Otero ez zen sekula defendatu, eta fundazioak ere ez du halakorik egingo»

Bere ibilbidean aldaketa ugari izan zituen Blas de Otero poetak, eta askok ez zioten hori barkatu. Haren emazte De la Cruzek haren ondarea bultzatzen lan egiten du azken urte luzeetan. Fundazioko presidente ere bada sorreratik.

Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Poesian izan zuen ibilbide laburrean, eta ondoren literatura kritikari gisa egindako lanean, Blas de Oterok (Bilbo, 1916 - Majadahonda, Espainia, 1979) eragin handia izan du Sabina de la Cruzen bidean (Sestao, 1929). Hala onartu du hark: «Haren poesiak eragin handia izan zuen nigan». 1961ean ezkondu zen poetarekin, eta heriotza arte egon zen haren ondoan. Baita hil ondoren ere. Izan ere, 1999an sortu zuten Blas de Otero fundazioko presidentea da hasieratik, baita haren lanaren ikertzaile nagusia ere. Idatziz erantzundako elkarrizketan ere behin eta berriz errepikatu ditu senarraren aipamenak.

Ezkerraldean jaio zinen, industrializazioa osasuntsu zegoen garaian bertan.

1929an, Sestao Labe Garaiak ziren. XX. mende hasieran, nire amaren gurasoak Bilbotik Sestaora joan ziren, lantegi handi bat eraiki behar zela eta. Etorkizunean Labe Garaiak egongo ziren auzoan bizitzen jarri ziren, eta horrela sortu zuten Bar Azul taberna. Han jaio nintzen ni ere, harik eta 1950eko hamarkada amaieran Sestaoko kale nagusira joan ginen arte.

1936ko gerran, besteak beste Sestao ere bonbardatu zuten.

Ongi oroitzen dut, bai. Nire ama, amona eta haur denak Iberia azpitik igarotzen den tunelean geunden bonbardaketak izan zirenean. Tuneleko atari biak itxi zituzten. Geroago Santanderrera joan ginen, eta handik Frantziara eramango gintuen itsasontzi bat hartu genuen. Han ere bonbardaketak jasan genituen, eta Nantesen porturatu ginen, ordura arteko portuetan amarratzeko baimenik ez zigutelako eman. Agenen bizi izan ginen hilabete batzuez, eta ondoren berriz itzuli ginen.

Ordurako, aita hilda zegoen. Tropa frankistek 1936ko abuztuaren 2an fusilatu zuten, Valladoliden. 23:00etan atera zuten nire aitonaren etxetik, Bilbon gertatzen ari zenaz galdekatu behar zutelako. Baina inoiz ez zen helmugara iritsi. Valladolideko hilerriko murruan fusilatu zuten, eta gaur egun oraindik han dago.

Gaztetatik kultur elkarte ezberdinetan parte hartu zenuen; besteak beste, Bilbon zegoen Bizkaiko elkarte artistikoan. Nondik datorkizu arterako interesa?

Sestaok beti eduki du mugimendu artistiko handia. Labe Garaiek, patronatuaren eraikinean kapera bat eraikitzeaz gain, zinema eta antzerki areto bat ere egin zuen. Ongi aprobetxatu genituen, gainera. Horrez gain, aprendiz eskola bat ere bazeukan enpresak, eta han marrazketa ikas zitekeen. Gainera, Sestaoko Udalak ikasten jarraitzeko bekak eskaintzen zituen, eta, horri esker, goi mailako artistak izan genituen herrian. Felix Ayo biolinista ezaguna, kasurako.

Bizkaiko elkarte artistikoan poeta eta artista ezagunekin egin zenuen topo: Agustin Ibarrolarekin, Vidal de Nicolasekin, Javier de Bengoetxearekin eta Blas de Otero berarekin, adibidez. Nola oroitzen duzu Bilboko mugimendu kultural hura?

Bizkaiko elkarte artistikoaren jarduna oso garrantzitsua izan zen. Besteak beste, margolariak, idazleak, kazetariak, filosofoak, hizkuntzalariak eta historialariak elkartzen ginen han. Aipatu dituzun artista horiez gain, Gabriel Zelaia ere etortzen zen Donostiatik, eta Madrildik ere artista ugari etortzen ziren hitzaldiak ematera, edo euren koadroak erakustera. Baita konspiratzera ere. 1960ko hamarkadaren amaieran, langile mugimendua oso indartsua zen, eta ni ordurako enpresa kimiko batean nenbilen lanean, Zuzenbidea ikasten nuen bitartean. Beraz, lantegietako aldarrikapenak barrutik ezagutzeko aukera ere eduki nuen. Giro hori oso presente zegoen Bizkaiko elkarte artistikoan, baita kafetegietan ere. Hitzaldi eta eztabaida ugari egoten ziren, eta horietara Enpresaritza ikasten ari ziren ikasleak eta Euskaltzaindiko kideak ere etortzen ziren; tartean, esaterako, Gabriel Aresti bera. Garai hartan euskara batzeko zeuden arazoekin oso kezkatuta zegoen poeta bilbotarra.

Poesia sozialaren garaia zen, eta zuk argitaratutako lanetan ere kutsu hori sumatzen da.

Blas de Otero ezagutu izanak eragin handia izan zuen nire lan horietan, bai. Baina, horren poeta ona ezagutu ondoren, nor ausartzen da poemak idaztera? Poesia soziala deitzen zaion mugimendu hori gerra ondoren sortu zen, aldarrikapen giro horren erdian. Gerra batek banatu zituen gizarte hondatu bat berpiztu nahi zuten, eta horri erantzun zion poesia sozialak. Eta ez literaturaren balioak alboratzeari, botere intelektualek garai hartan definitu nahi izan zuten legez. Poeta bakoitza bere gaitasun lirikoa sortzen saiatzen da, gobernuen eta moden zuzendaritzatik kanpo. Eta, alde horretatik, Blas de Otero poeta handi bat izan zen jorratu zituen alor guztietan: existentzialismoa, deserrotutako poesia eta Bigarren Mundu Gerran hildako milioika pertsonak, esaterako. Bilbon lehorreratu ziren iheslari europarrak ezagutu ahal izan zituen, eta haien lekukotzak entzun. Era horretan, atzean uzten zuten hondamendia ezagutzeko aukera eduki zuen. Ondoren, bidaia ugari egin zituen munduan barrena: SESB, Txina, Kuba... Horien ondorioz, gizakia ulertzeko eran aberastu zen haren poesia. Maitasuna, duintasuna edo askatasuna. Horrez gain, gizakiaren barneko sakontasuna ulertzen saiatu zen, eta alde horretatik surrealismo kutsu bat ere sumatzen da.

Madrilgo Complutense unibertsitatean mintegiak eman zenituen, horien artean euskal linguistikari buruzko bat.

Bai, eta Complutense unibertsitatean euskal linguistikari buruzko mintegiak badaude, nik hartu nuen arduragatik izan zen. Nire tesina euskararen eta gazteleraren arteko harremanari buruz egin nuen, Koldo Mitxelenaren laguntzarekin.

Blas de Oterok zer-nolako harremana izan zuen idazle euskaldunekin?

Pido la paz y la palabra lanetik, euskal idazleen erreferentziak etengabeak dira. Mitxelena ezagutzen genuen, eta Oteizarekin ere harremana izan genuen. Euskararekiko zor bat sentitzen zuen, eta orduz geroztik euskal poetei erreferentzia ugari egin zizkien bere lanetan. Blasek [de Otero] bere euskal izaera Gabriel Arestiren bidez lortu zuen. Arestik euskara ikasi zuen, eta sekulako inbidia izaten zuen senarrak, berak ez zuelako hala egiten. Euskarak Orozkoko bere amonaren oroitzapenak ekartzen zizkion. «Jaiotzean hizkuntza moztu zidaten», esaten zuen.

1999. urtetik Blas de Otero fundazioko presidente zara. Orduz geroztik, haren lana berrargitaratu duzue. Zer-nolako eragina izan dezake horrek haren lana zabaltzeko garaian?

Lan guztien argitalpena ezinbestekoa da idazle baten ibilbide poetikoa ezagutzeko. Baita akatsak ezabatu eta urteetan argitaratutako edizioetan izandako aldaketak konpontzeko ere. Eta hori edizio kritikoa ezagutzen duen filologo batek egin behar du. Nik beharrezkoak diren elementu guztiak izan nituen eskura: eskuizkribuak eta apografoak, editoreekin izandako korrespondentziak, poetaren ohiturak... Horrez gain, Mario Hernandez irakasle eta poetaren laguntza ere izan dut. Horrekin guztiarekin Blas de Oteroren lana behar bezala ulertzen lagundu daitekeela uste dut.

Askotan esan izan da Blas de Otero bere jaioterrian bertan ahaztua izan zela. Nola ikusten duzu hori?

Nik badakit zenbat maite izan zuen jaioterria. «Ni bilbotarra naiz, goitik behera», zioen bere poema batean. Eta badakit, era berean, zenbat sufritu behar izan zuen bertan. Bere aita dirurik gabe geratu zen, Lehen Mundu Gerran hainbatek ondasun denak galdu zituzten bezala. 10 urterekin Madrilera joan behar izan zuen, eta aitak berriz ere euren ekonomia egonkortzeko lan egin zuen. Ez zuen lortu, eta han hil zen, Blasen [de Otero] anaia nagusia hil eta hiru urtera. Egoera horretan, Bilbora itzuli zen amarekin eta arrebekin batera. Seme bakarra zenez, letren bidea alboratu behar izan zuen, eta Zuzenbidea ikasi zuen familia aurrera atera ahal izateko. Era horretan, bokazio poetikoa alboratu behar izan zuen. Horrekin sufritu zuen.

Bilbon bertan, bestalde, lagun onak izan zituen. Baina, horiez gain, haren ideologia aldaketa ulertu ez zutenak ere egon ziren. Hain zuzen ere, munduan zehar egin zituen hainbat bidaiaren eraginez, mundua ikusteko modua aldatu zuen. Ez zen sekula defendatu, eta ez zuen sekula bere burua justifikatu ere. Eta ez zuen hori egingo gaur egun ere. Alde horretatik, Blas de Otero fundazioak ere ez du halako ezer egiteko asmorik. Haren ondarea mantentzeko lan egiten du gaur egun fundazioak, eta alde horretatik Bilboko Udalaren eta espresuki Iñaki Azkunaren babesa izan zuen hasieratik. Hiriak ondare hori galduko balu, penagarria izango litzateke! Baina nik hiri handi honetako agintariengan sinesten dut, eta baita herritarrengan ere. Blasek ez zuen sekula hori ahaztu. Hil zenean, haren nortasun agiriak honako hau zioen: bizilekua, Bilbo, Rekalde zumarkalea, 70.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.