'Bizkarsoro', herrietarantz

Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean, herriz herriko bideari ekingo dio urtarrilean Josu Martinezen ‘Bizkarsoro’ filmak. BERRIA da babesleetako bat, eta, filma oinarri hartuta, trixertak atera ditu.

'BIZKARSORO'
'Bizkarsoro' filmaren une bat. BIZKARSORO
ane insausti barandiaran
2023ko abenduaren 16a
05:00
Entzun

«Gurea zapalkuntza baten historia da, eta, hain zuzen, horregatik kontatu behar da». Hala adierazi zuen Josu Martinez zinema zuzendariakBizkarsoro filma estreinatu aurreko egunetan, BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Iparraldeko fikziozko herri batean kokatuta dago filma, XX. mendean, eta euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide.

Filma fikziozkoa izanik ere, benetako istorioak ekarri ditu Martinezek pantaila aurrera, kontatzen baitu nola zigortzen zituzten herritarrak, euskaraz hitz egite hutsagatik. Istorioak ikus-entzuleei «oso ezagunak» zaizkiela berretsi du Gotzon Barandiaran filmaren sustapen arduradunak: «Josuk ez ditu asmatu filma egiteko edukiak; fikzioa da, baina benetan gertatutakoak ditu oinarri. Adibidez, filmean kontatzen den bezala, anti sinbolo edo ikur hori jartzen zitzaien Ipar Euskal Herrian eskoletan euskaraz egiten zutenei, hegoaldean eraztuna zena, eta horren testigantza asko ditugu jasoak».

Filmean Baigorriko (Nafarroa Beherea) herritarrek parte hartu dute, eta «herri zinema» gisa definitu du Barandiaranek, aktore ez ezik talde teknikoaren parte ere izan baitira. Finean, burujabetza ariketa bat ere bada, Euskal Herriaren historia kanpotik beharrean barrutik kontatzeko: «Badira urte batzuk Euskal Herriaren historia bat, kontakizun jakin eta partzial bat kontatzen dutela. Guk hori ez dugu onartzen, eta zera nahi dugu, euskaldunok hitz egin dezagun gure historiari buruz eta gertatu zaigunari buruz».

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten filma, eta, Donibane Lohizunen (Lapurdi) eta Hazparneko (Lapurdi) Zinegin jaialdian ere proiektatu dute. Orain arte emozio ugari sortu dituela azaldu du Barandiaranek, eta ikus-entzuleekin gaiari buruz hitz egiteko eremuak sortzea dute helburu: «Proiekzio hutsetik harago, gure helburua da pelikulak kontatzen duenari buruz gogoeta eta eztabaida sozial bat zabaltzea, noiz-eta testuingururik aproposenean: euskaldunon eta euskararen kontrako oldarraldi bete-betean gaudela». 

Hiru modu proiekziorako

Orain, tokian tokiko euskalgintzako eta kulturgintzako eragileekin ari dira harremanetan, zinema komertzialaren zirkuitutik at, filma ahalik eta herri gehienetan proiektatu dezaten. Horretarako, hiru kontratazio modu jarriko dituzte martxan urtarriletik aurrera, film osteko solasaldi horiek bideratzeko: lehena, lantalde teknikoko kide bat proiekziora joanda; bigarrena, kide horietako batek solasaldian online parte hartuta; eta, azkenik, tokiko eragileak berak solasaldia dinamizatuta, Plazara elkartean sortutako gida baten bidez. Bizkarsoro.eus webgunean dago eskuragarri informazioa.

BERRIAk babestu du filma, eta lankidetzak aurrera jarraituko du. Izan ere, filmean oinarrituta, kamisetak atera ditu egunkariak, eta BERRIAdendan soilik egongo dira salgai; haurrena zuria da, eta, helduena, berriz, beltza. Filmeko eszena bat hartu dute iruditzat horretarako: haur bat agertzen da, «ez niz euskaraz mintzatuko» arbelean idazten. Irakasleak esaldi hori frantsesez 50 aldiz idaztera behartzen du, baina, bigarrenez zigortzean, euskaraz idazten du. «Erresistentziaren eta harrotasunaren sinboloa» delako aukeratu dute irudia: «Bizkarsoro asko dago Euskal Herri osoan, eta gure herria osorik da Bizkarsoro. Hortaz, nahi dugu bizkarsorotarrak, euskaldunak, harro egotea garenagatik».

'BIZKARSORO' TRIXERTA
'BIZKARSORO' TRIXERTA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.