Ez da San Tomas azokarik izango abenduaren 21ean Bilbon eta Donostian. Ezta Euskal Herriko beste hainbat herritan ere. Egoera epidemiologikoa ikusita, jende pilatu dadin eragoztea erabaki dute udalek. Herritar gehienek festa edo parranda egun bat galdu dute. Halako azoketara joaten diren nekazariek urteko egunik garrantzitsuenetako bat.
«Sekulako kaltea egin digu», Gorka Irazabal Mungiako (Bizkaia) nekazariaren arabera. Goreko izena du familiaren baserriak, eta barazkiak eta frutak ekoizten dituzte. «Santomasetan, Elgoibarren... egiten ditugu hilabete honetako salmenta nagusiak. Hilabeteko diru sarreren erdiak galduko ditugu».
Soraluzeko (Gipuzkoa) Arizaga baserriko Ezozi Etxeberria nekazariak modu adierazgarrian definitu du kaltea: «Guretzat aparteko paga baten parekoak dira azoka hauek, eta kalte handia egin digu bertan behera utzi izanak». Barazkiak, frutak eta baserriko ogia saltzen ditu. Ogia asko estimatzen dute Donostian.
Donostiako azokara joateagatik diru pixka bat ematen diete, salmentetan ateratzen dutenaz gain, eta, lehiaketaren bat irabazten badute —Irazabalek eta Etxeberriak irabazi ohi dute—, azkenean diru pixka bat lortzen dute. Etxeberriaren kezketako bat da ea udalek zer egingo duten berez nekazarientzat izan beharko lukeen diru horrekin.
Irazabalek bezero fidelak izaten ditu Bilboko santomasetan, baina baita saltokiko eskaintza ikusi eta barazkiren edo frutaren bat erosten duten erosleak ere: «Horiei asko saltzen diegu».
Produktuak saldu ezinik
San Tomas eguna hurbiltzen ari da, eta Bilbora edo Donostiara eraman gabe utziko dituzte egun horretarako gordetako produktuak. Gordetakoak, San Tomasazoka berezia baita, eta nekazariek arretaz zaintzen baitute. Lehiaketak antolatzen dituzte, saltokirik onenak aukeratzeko. Nola Irazabalek hala Etxeberriak hainbat urtetan irabazi dituzte barazki eta fruta posturik onenen lehiaketak: «Saiatzen gara produkturik dotoreenak, politenak eta onenak han saltzen».
Produktu asko geratzen ari zaizkie baserrian, saldu ezinik. Horiek saltzeko bestelako aukerak bilatu behar izan dituztela dio, etsita, Irazabalek. Merkeago saltzea, esaterako. Produktu ekologikoak ekoizten dituzte Gorekon, baina produktu asko eta saltzeko aukera gutxi dituztenez, produktu ekologikoak ez-ekologikoen prezioan saltzen ari dira, merkeago. Produktuak ez galtzeko moduak ere bilatu behar izan dituzte, egun gutxiren buruan usteltzen baitira. Gorekon kontserba ugari egin dituzte.
Bai Irazabalek, bai Etxeberriak, badakite egoera epidemiologikoa larria dela. Hala ere, uste dute nekazarien azoka egin zitekeela santomasetan.
Irazabalen ustez, «gauzak ondo eginez gero, neurriak hartuta eta protokoloak ezarrita, azokak egin daitezke». «Nola ez ba, Donostian dagoen leku guztiarekin?», gehitu du Etxeberriak. «Ez dut esaten 40 saltoki jartzeko, gutxiago baizik, eta inguruko ekoizleei eta saltzaileei aukera bat emateko». Saltoki gutxiago, sarrera alde batetik, eta irteera bestetik. «Bergaran [Gipuzkoa] egin dute», aipatu du adibidea Etxeberriak. Bi nekazariek gogoan dute iaz, itxialdiaren hasieran, nola agintariek bertan behera utzi zituzten azoka guztiak. «Dena bertan behera utzi?», galdetu du Etxeberriak. «Ez dakit nola egiten duten hori».
Supermerkatuak, zabalik
Etsita, amorratuta, ernegatuta, gogaituta... daude Irazabal eta Etxeberria. Bai bizi duten egoeragatik, bai inguruan ikusten dutenagatik. Nekazaritza produktuen azokak bertan behera, baina supermerkatuak eta saltoki handiak zabalik; taberna eta jatetxeetan jendea pilatzen; kirol ekitaldiak jendez gainezka, eta milaka lagun kontzertuetan.
«Gauzak ez dituzte zentzuz egin». Irazabalek eta Etxeberriak ez dituzte ulertzen erabakiak. Azokak kalean egin ohi dira, aire zabalean. «Supermerkatu eta saltoki handiak, ordea, leku itxiak dira, jendez beteta daude, eta distantziak ez daude ezarrita», salatu du Irazabalek. «Dena aldrebesa da», gehitu dio Etxeberriak.
Kexu dira, erakundeen neurriak supermerkatuen eta saltoki handien aldekoak direlako, eta azoken eta merkatuen kontrakoak. «Erakundeek zabaltzen duten mezua da supermerkatuetan erostea dela seguruena, baina hori gezurra da», kexu da Irazabal. «Gainera, jendea supermerkatuetan erostera bultzatzen dute».
Ez da erraza nekazaritzatik bizitzea; azokak kenduta, zailagoa da «bizirik irautea». Ez da, gainera, San Tomas azoken kontua soilik. Irazabal eta Etxeberria bertan behera geratutako azokak zerrendatzen hasi dira, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako herri nagusiak aipatu dituzte. «Ez da egun bateko kontua; egun eta hilabete asko daramatzagu azokarik eta merkaturik gabe».
Erakundeen babesik gabe sentitzen dira. «Lehen sektorea indartu eta bultzatu beharrean, babesik gabe uzten gaituzte», Irazabalen iritziz. «Bizkarra eman digute», salatu du Etxeberriak.
«Bizkarra eman digute»
Gorka Irazabal eta Ezozi Etxeberria nekazariek ez dute ulertzen San Tomas azokak eta beste hainbat azoka bertan behera geratu izana. Babesik gabe sentitzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu