Migel Zeberio. Orkestra zuzendaria

«Bizkaitik Zuberoaraino, musikariak elkarrekin aritzea lortu dugu»

Baigorriko Gaiteroak eta Et Inkarnatus orkestra Ken Zazpiren musika jotzen jartzeko, irudimen eta ahalegin berezia behar da, eta hori guztia gidatuko duen aurrejuzgurik gabeko zuzendari ausarta.

IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Itzea Urkizu Arsuaga.
Tolosaldeko Hitza
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Migel Zeberiok (Tolosa, Gipuzkoa, 1966) hamasei urte daramatza Et Incarnatus orkestran zuzendari lanetan. Emanaldi berezia prestatu du gaurko: Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Baigorriko Gaiteroak, Amaren Alabak taldea, Lask abesbatza eta Tolosaldeko hainbat dantzari lagun hartuta arituko da, Tolosako Leidor antzokian, 20:30ean.

Zer ikusiko dute Leidorrera joaten direnek?

Et Incarnatus orkestrako kideok Baigorriko Gaiteroekin dugun harremanetik dator gaurko ikuskizuna; badaramatzagu urte batzuk haiekin elkarlanean. Urtero, musikaren inguruan zerbait berria eskaintzen eta sortzen saiatzen dira; gaitaren soinua txertatzea gustatzen zaie, baina, ahal duten neurrian, hemen inguruko zein kanpoko talde eta estiloak uztartzen saiatzen dira. Normalean, beti gauza berritzaileak izaten dira, eta guk iaz parte hartzeko zortea izan genuen. Gutxi gorabehera, Baigorrin eskaini genuenaren antzeko formatua izango du ikuskizunak, Tolosarako eta inauteri garai honetarako moldatuta.

Eta zer-nolako kantuak prestatu dituzue emanaldi horretarako?

Programan askotariko doinuak daude. Egia esan, zerrenda zabala da, eta doinu eta piezak normalean entzuten ez diren formatuan entzuteko aukera emango du kontzertuak. Adibidez, Ken Zazpiren musika orkestraren laguntzaz entzuteko beste aukerarik ez da izan oraingoz. Musikari horiekin guztiekin emanaldia osatzean, Euskal Herriko hainbat lekutako kideak elkarrekin aritzea lortu dugu, Bizkaitik Zuberoaraino; beraz, koloretsua izango da emanaldia.

Erkki Pohjolaren omenez egin zenuten kontzertuak ere antzeko formatua zuen. Nolakoa da hainbeste jenderekin elkarlanean aritzea?

Formatu hura oso-oso handia izan zen, erraldoia! Hau ez da hainbesterainokoa, eta beste kontzeptu bat da. Pohjolaren omenaldian, literatura sakona eta Finlandiako doinuak nahastu genituen, eta 300 lagunek parte hartu genuen. Edonola ere, hainbeste talde mugiarazteak esfortzu ikaragarria eskatzen du, eta, elkarlana emankorra izan dadin, talde bakoitzak asko jarri behar du bere aldetik. Parte hartuko dugun guztiok gure izaera musikal propioa dugu, baina borondatea behar da, gero elkarrekin aritzeko.

Hainbeste lagun izanda, nola moldatzen zarete oholtza gainean entseguak egiteko?

Entseguak ere oso konplexuak dira horrelakoetan: batetik, jende asko garelako; bestetik, parte hartzaileetako batzuk urrunetik datozelako. Era guztietako konbinazioak egin ditugu: neroni joan izan naiz kanpora, eta ahal izan dugun neurrian saiatu gara erdi-bideko lekuetan elkartzen. Tolosan entsegu bat egin genuen, eta Donostian beste batzuk ere bai; hala ere, lan asko posta elektroniko bidez egin dugu. Urteen poderioz eskarmentua lortzen ari gara pixkanaka, eta uste dut jendeak oso ondo pasatzeko modukoa izango dela emaitza.

Sarrera gehienak salduta daude. Horrek gogoa are gehiago pizten al du?

Gogoa beti izaten da. Baina, noski, poza ematen du jendeak erantzun ona eman duela ikusteak; azken finean, horrelako emanaldi baten helburua entzuleen belarria da, eta gu entzuleik gabe ez gara ezer. Konpromisoa ere aregotu egiten da, baina saiatuko gara jendeak sarrerak erosiz izan duen esker ona itzultzen. Eta ez dadila azkena izan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.