PROPOSAMENAK

Bizkaiko muturra

Matxitxakoko lurmuturrean, bi itsasargi ikus daitezke. Zaharretik dorrea bakarrik kontserbatzen da, baina berrian, jendea bizi da oraindik

Matxitxako lurmuturreko itsasargi zaharra. BERMEOKO TURISMO BULEGOA.
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Bizkaiko altxor naturalez mintzatzean, ezinbestekoa da Urdaibai aipatzea. Eskualdeak lurralde historikoaren %10 hartzen du, eta, udalerri asko ez ezik, beste hainbat interesgune ere biltzen ditu. Kostako bideari jarraituz, esaterako, kilometro gutxitan topo egin daiteke Gaztelugatxe irla ezagunarekin, alboko Aketxe uharte ez hain sonatuarekin, eta, itsasoan barrena jarraituz gero, Matxitxako lurmuturrera ailegatu daiteke.

36ko gerran, bataila frontearen lehen lerroko ikuslea izan zen lurmuturra, izen bera daraman gatazka jazo baitzen haren aurrean zabaltzen diren uretan. Anekdota historikoak erabat kontrastatzen du, ordea, gaur egungo giroarekin; izan ere, lasaiak dira oso Matxitxako eta inguruak. Ibiltari asko joaten dira hara bisitan, egunari merezitako bukaera ematera, argi eta garbi ikusten baita ilunabarra lurmuturraren muturretik. Tokia egunez ikustea nahiago dutenek, berriz, prismatikoak eraman ditzakete, Matxitxakora hurbiltzen diren zetazeoak eta hegaztiak hobeto ikusi ahal izateko.

Matxitxakok badu historia, eta ez gertaera belikoei dagokiena soilik. Izan ere, eremuaren interesgune nabarmenetako bat dira lurmuturreko bi itsasargiak. Zaharrenaren kasuan, dorrea baino ez da kontserbatzen, eta lurmuturraren muturrean bertan dago; berria, aldiz, osorik dago, eta jendea bizi da han. 1852. urtean eraiki zuten itsasargi zaharra, eta, 1854tik 1863ra bitartean, farozainen eskola izan zen. Bizkaiko azken farozainak han hartu zuen erretiroa .

1909an, ordea, itsasargi berria eraiki zuten, automatikoa. Zaharra ordezkatu zuen, eta gaur egun ere Bizkaiko kostaldearen zati bera argiztatzen du. Aurrekotik ehun metroko distantziara dago, eta zonalde altuago batean: itsas mailatik 122 metrora. Bizkaiko golkoko itsasargirik garrantzitsuenetako bat da, eta bizileku gisa erabiltzen den azkena da Bizkaian. Hori hala izanda, ezin da itsasargira sartu. Baina, nahiz eta barrutik ezin den bisitatu, posible da fatxada ederra ikustera hurbiltzea.

Urpekaritzarako tokia

Egun pasa doazenentzat, gomendatzeko moduko lekua da Matxitxako. Baina eremua lehorretik gozatu beharrean urpetik ezagutu nahi dutenentzat ere aproposa da lurmuturra. Matxitxakotik urruntzean, laster batean heltzen da ehunka metroko sakonerara, baina badago gune bat hasieran urpekaritza praktikatzeko oso aproposa dena: metro batzuetako zabalera du, eta 30 metroko sakonera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.