1990. urteko urrian sortu zuen Bilboko Elizbarrutiak bizkaiera hutsean egiten duen irratia: Bizkaia Irratia. Mende laurdena bete du, horrenbestez. Urte osoan aritu dira urteurreneko ospakizun ekitaldiekin, baina garrantzitsuena gaur eta bihar egingo dute. 25 orduko zuzeneko emankizuna hasiko dute gaur 11:00etan, eta bihar eguerdian amaitu. Irratiaren sorreran parte hartu zuten hainbat lagun izango dira mikrofono aurrean, lehen urteak gogoratzeko. Kontzertu akustikoak ere egingo dituzte estudioan, ia orduro: Kupela taldea, Sei urte, Gontzal Mendibil, Roberto eta Kepa trikitilariak, Rafa Rueda, Xabi Aburruzaga eta Jon Andoni Urrutia, Seiren, Xaibor, Bost Enbor eta Kherau. Gonbidatuen artean, halaber, Laura Mintegi, Jon Arretxe, Gotzon Barandiaran, Yolanda Arrieta, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza izango dira. Zuzeneko konexioak egingo dituzte diasporako euskal etxeekin.
Bihar gosari-topaketa batekin amaituko dute emankizuna, Bilbon. Topaketan azalduko dute zertan datzan berriki hasi duten audio grabazioen digitalizazioa. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, kasete eta revox formatuetan dauden grabazioak ari dira berreskuratzen. Aukeratutako materiala herritarrek erabiltzeko moduan jarriko dute.
Bizkaia Irratiaren 25. urteurrena ospatzeko, 25 orduko saioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu