Bizitzaren zati bat kontatu diotenei eskaini die saria Ane Irazabalek

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak urteroko sariak eman dituzte

Kazetari elkarteek saritutako guztiak elkarrekin, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Esan zidaten jendeak orbainetatik hitz egitea lortu behar dela. Urteotan bizitzaren zati bat kontatu didatenei eskaintzen diet sari hau». Ane Irazabali Euskal Kazetariak saria eman zioten atzoEuskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak, Bilbon. Freelance kazetaria da Irazabal, eta hainbat hedabide izan zituen gogoan: «Asko eskertu behar diet lehen mezu elektronikoari erantzun zidaten hedabideei: BERRIA, Argia, Deia eta EITB. Mila esker nigan sinisteagatik, eta hain ondo zaintzegatik. Euskal kazetariak gai gara hedabide anglosaxoi guztiak dauden tokietara joateko, eta berriak euskaraz kontatzeko». Kazetariak esan zuen «ilusio handia» egin diola sariak, hainbeste errespetatzen dituen profesionalekin batera saritua izateagatik.

Epaimahaiak aipamen berezia egin zion Antton Olariaga BERRIAko marrazkilariari, Zakilixut pertsonaiaren 40 urteko bideagatik. Olariagak Mariano Ferrer, Juan Carlos Egilior eta Jon Zabaleta oroitu zituen, haiekin hasi baitzen Zakilixutekin Egin-en, duela 40 urte. «Gero Martxelo Otamendi etorri zen. Oraindik oroitzen dugu bortizkeriaz itxi ziguten atiko hura». Zakilixutekin duen harremana tripode batean eraikia duela gaineratu zuen: «Hizkuntza, umorea eta sexua».

Urtero Pertsonaia/Giza Instituzioari Saria ematen dute Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak. Aurtengo saritua Euskal Herriko Bertsozale elkartea izan da, epaimahaiaren arabera «komunikabideekin duen harremanagatik eta komunikazio on bat dela eta, euskal kulturaren zati bat berreskuratzeagatik».

Ferrer eta Iriarte

Ibilbide Profesionalaren saria Mariano Ferrer eta Iñaki Iriarte kazetariei eman zieten, Egin eta Deia egunkarien jaiotzaren 40. urteurrena dela-eta. Hurrenez hurren, bi egunkarien lehen zuzendariak izan ziren. Ferrer 1976ko garaiez mintzatu zen: «Egin eta Deia frankismoaren post-egiak gainditzen saitu ziren. Bi egunkari horiek saiakerak ez dira inoiz bukatzen». Iriartek nabarmendu zuen kazetaritza ogibide «zoragarria» eta «berezia» dela.

Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Gervasio Sanchez argazkilari eta kazetari espainiarrari eman zioten. Nazioarteko gatazka ugari erretratatu ditu Sanchezek, freelance gisa. ETAk 1978an eraildako Jose Maria Portell kazetaria oroitu zuen—haren alargunaren eskutik jaso zuen saria—. Bestetik, egungo komunikazio enpresa handien jabeak kritikatu zituen, eta Mexikoko eta Turkiako egoera aipatu zuen.

Kazetaritza Digitalaren saria Mikel Iturralderi eman zioten, Treneando blogarengatik. Trenarekin lotutako kontuak biltzen ditu Iturraldek blog horretan.

Jesus Coteron Euskal Kazetarien Elkargoko dekanoak azkeneko urtean hil diren hainbat kazetari gogoratu zituen, besteak beste Hasier Etxeberria, Txetxu Ugalde eta German Yanke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.