ATZEKOZ AURRERA

Bizitzaren melodia

Haur Hezkuntzako bi mila haur inguruk 'Zirrika, irrika... musika!' ikuskizunaz gozatu ahal izango dute egun hauetan, Donostian Euskadiko Orkestrak duen egoitzan.

Ikaslez beteriko agertokian, emanaldia eskaintzen ari dira orkestrako musikariak eta pailazoak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
Donostia
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Agertokia hutsik dago. Lurrean barreiatutako paper zuri zatitxoak, piano erraldoi bat, eskusoinua, bonbardinoa eta harizko bost instrumentu baino ez dira ageri: bi biolin, biolontxeloa, gitarra eta biola. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan egonagatik, ez dago musikaren arrastorik. Bat-batean, lehen notak entzuten hasi dira urrundik; ez dira, baina, musika notak, haurren algara alaiak baizik. Zirrika, irrika... musika! emanaldia ikustera datorren haur taldea da; Berrobiko (Gipuzkoa) San Andres eskolako eta Donostiako Herri Ametsa ikastolako Haur Hezkuntzako ikasle kuadrilla.

Eskola Kontzertuak zikloaren barruan, emanaldi berezia prestatu dute haur hezkuntzako haurrentzat Kaabestri hari laukoteak —Euskadiko Orkestrako lau musikarik sortutako taldea—, Xabier Zabala konpositore eta musikariak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek: Zirrika, irrika... musika! Eta emanaldiaz gozatzera datoz Berrobiko eta Donostiako haurrak: 182 ikasle, guztira.

Asteazkenean estreinatu zuten ikuskizuna, eta, asteartera bitartean, hamar emanaldi egingo dituzte: egunean, bi saio. Orotara, 26 ikastetxe eta 1.700 haur baino gehiago igaroko dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Donostiako egoitzatik.

«Algara eta jolasen bidez, eguneroko bizitzako egoera guztietan eta nonahi musika dagoela erakutsi nahi diegu 3 eta 6 urte bitarteko haurrei. Musikak, soinuek eta melodiek inguratu egiten gaituztela, alegia», kontatu du Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako Hezkuntza departamentuko koordinatzaileak.

Ezustekoz beteriko saioa

«Haurrek Euskadiko Orkestrako egoitzako bisitaren oroitzapen polit bat izatea da gure asmoa. Era berean, musika zerbait alaia, polita eta dibertigarria dela pentsatzea. Eta, bide batez, musikaren inguruan ideia bat izatea eta musika tresnak ezagutzea ere bada gure asmoa», gaineratu du Cañadak. Helburu horiek guztiak betetzeko asmoz ondu dute haurrentzako kontzertu berezi hori.

Ikasleak hasi dira agertokian beren lekua hartzen. Kontzertu berezi honetan, normalean orkestrako musikariak jartzen diren lekuan eserarazi dituzte haurrak. «Oso gazteak dira, eta erraz galtzen dute arreta. Agertokian bertan, musikari eta pailazoengandik hurbil jarri nahi izan ditugu, ikuskizunaren parte senti daitezen», zehaztu du Cañadak.

Eta lekua hartzen duten bitartean, aho zabalik begiratzen dute alde guztietara, dena zaie hain arrotza... Ezker-eskuin begiratuagatik, ordea, ez dute musikarien eta pailazoen arrastorik ikusten. Ez al zituzten ba Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusi behar? Herri Ametsako ikasleak «oso-oso pozik» etorri direla aitortu digu Alaitz Martinez irakasleak. Pozik, baita urduri ere, «inoiz baino urduriago, ez baitakite zer ikusiko dugun».

Eta, bat-batean, biolina, biolontxeloa eta biolaren hariak astintzen eta lehen notak sortzen hasi dira Igor Torre, Oscar Lopez, Arkaitz Martinez eta Jon Larraz musikariak, Xabier Zabala lagun dutela. Ikasleak eskuak astintzen hasi dira, hunkituta. Txalo hotsak txistu eta danbolin doinuarekin nahastu dira berehala. Nor ari da txistu joka? Agertokiaren alboko atetik Pirritx agertu da; atzetik datoz Marimotots eta Porrotx. Pailazoak agertzearekin bat, haur asko zutik jarri dira; hori poza!

Musika entzutera eta musikarekin jolastera datozela diote pailazoek. Eta denborarik galdu gabe, jolasean hasi dira. Hiru ordu laurden iraun duen jolas dibertigarria. Biolin, biola, biolontxelo, gitarra, pianoa eta eskusoinuz alaitutako jolasak izan dira. Pailazoen abesti ezagunak jo dituzte, baina, tartean, musikaren historiako konpositore handien abestiak ere entzun ahal izan dira: Ravel, Vivaldi edota Bachen lanak, besteak beste. Xabier Zabala aritu da abestien moldaketak egiten.

Ia ordubeteko saioan, jolasean eta kantuan aritu dira, betiere musikaren erritmora. Jaiotzear den haurrari eta haur jaioberriari abestu diote. Haurrari titia ematen ari ziren bitartean ere abestu dute. Eta puzkerrari eta Olentzeroren astoari ere abesti bana eskaini diete, baita urtaroei eta euri tantari ere. Mozorroz, traste eta tramankuluz bete dute agertokia. Baina iritsi da agur esateko ordua, eta azken musika noten erritmora, txukun jaso dute dena. Maite zaitut abestuz amaitu dute saioa.

Txundituta daude ikusleak, liluratuta irakasleak. «Izugarri polita izan da; uste genuen baino askoz ere politagoa», aitortu du Josu Mendia Berrobiko eskolako musika irakasleak. «Horrelako ekintza gehiago egin behar dira», gaineratu du Agurne Renobales eskola bereko irakasleak.

Autobusa hartu aurretik, argazkiak egin dituzte elkarrekin.

Musikak bizitzan duen garrantziaz jabetu dira ikasleak, eta pailazoek esandakoa izango dute luzaroan gogoan: «Bihotza, burua, eskua; sentitu, pentsatu, ekin. Beti elkarrekin, eta, ahal dela, beti musikarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.