ATZEKOZ AURRERA. Jorge Salvador. Artista

«Bizitzaren isla da eszena hauetan sortutakoa»

Errealitatearen kritika bat egiteko asmoz, unibertso ñimiñoak egiten ditu Salvadorrek, figura txikiak eta objektuak erabilita. 'Universos diminutos' erakusketa jarri du Gasteizko Zas espazioan.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Bi zentimetro baino gutxiago dituzten figurak darabiltza Jorge Salvador artistak (Barakaldo, Bizkaia, 1980) bere unibertso ñimiñoak sortzeko. Bestelako objektuekin uztartzen ditu, hala nola eskalarekin jolastuz, eta, era horretan, egungo errealitatearen hainbat kritika egin nahi ditu, jendearen hausnarketa helburu duela. Bada, haren lanaz gozatzeko aukera egongo da Gasteizko Zas espazioan uztailaren 23ra arte, Universos diminutos erakusketan (Unibertso ñimiñoak).

Ez dira ezer bi zentimetro! Zergatik horren langai txikiak?

Izatez argazkilaria naiz, ikus-entzunezkoen arloan aritzen naiz, baina gutxi gorabehera 2010etik unibertso ñimiñoak lantzen ere banabil, batik bat bezeroek eskatutakoari erantzunez. Baina banuen gogoa kritika hizpide izango zuen lan lerro bati ekiteko, figurak eta objektuak erabilita besteak beste, eta eskalak baliatuta.

Zer kritikatu nahi izan duzu?

Duela bi hamarkadatatik dugun egoera. Besteak beste, lan merkatuaren egoeraz ohartarazi nahi izan dut, baina baita lurralde gatazkez, energia krisiaz, gatazka belikoez eta errefuxiatuen arteko ezberdintasunez ere. Esate baterako, hor dago mugetan egon diren eta dauden siriarren eta ukrainarren egoera: batzuk arazorik gabe igarotzen dira, eta beste batzuek, aldiz, etxera itzuli behar dute. Giza portaera jakin batzuei buruz hitz egitea dut asmo.

Hori kontatzen duzu piezetako batean, baina beste hamar ere badira.

11 dira bai, horietako bat bi piezaz osatuta baldin badago ere.

Bada, kritikarako zure armetako bat al da hau?

Ez daukadanez bestelako armarik kritikarako, edo bizitza eta egoera batzuk aldarazten laguntzeko, horrela izendatu daiteke, bai. Hau da horretarako dudan arma bakarra. Honek ahalbidetzen dit zerbait esatea jendeari, beren hausnarketan laguntzea. Hor egin dezaket ekarpen bat.

Bizitzaren gordintasuna adierazten al dute?

Hein batean, bizitzaren isla da eszena hauetan sortutakoa. Irudiei begiratu behar zaie, baina adi egon behar da, horietan sakondu, batzuek 70 pieza baino gehiago baitituzte. Eta horietako bakoitza bizirik dago, bere barne mundua du, eta eszenan gertatzen zaiona nabari da.

Esate baterako? Zure eszenaren bat gogoan izanda...

Badago Europako berreraketaren tratatuari buruzko lan bat. Irudietako batean, ustezko mugan, hesietan, maleta batekin dago emakume bat, bere aitarena, senarrarena edo semearena izan daitekeen argazki bat eskuetan. Hori gerretan gertatzen da. Izan ere, behin senide batengandik bereizita, nola aurkitu? Eta bada haur bat ere, jendetzaren aurkako norabidean, hartz bat, panpina bat besoetan duela.

Ba al dago ezberdintasunik errealitate horiek figurekin edo argazkiekin islatzeko orduan?

Figura hauek errealak dira, gogorrak, dramatikoak, baina figurak direnez, ez da horren gordina. Benetako erretratuekin egingo bagenu, World Press Photo kasurako, tripak mugituko lizkiguke. Hau atseginagoa da.

Eta zer darabilzu une horiek islatzeko?

Elementu nagusiak, biziak, gizakienak, batez ere trenbide maketen irudiak dira. Hain nago erotuta, non katalogo osoak dakizkidan! Horiek darabilzkit, baina kokatu eta eremura egokitu behar dira erdietsi nahi duzunaren arabera.

Arte mota bat al da hau ere?

Ez da pintura, ez da argazkia, ez da eskultura... Baina bai, esango nuke instalazioak direla.

Zer-nolako oihartzuna du zure lanak?

Nik ez dut inoiz sarerik izan, baina izurritean Instagrameko profil bat egin nuen lanak zabaltzeko, bikotekideak esanda, eta ikaragarria iruditu zitzaidan segundo batean gustuko bat izatea. Beldurgarria ere bada. Baina sareek ondo funtzionatzen dute, eta harrera ona du. Erakusketan ere jendea zoratzen zegoen, eta izandako feedbacka positiboa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.