Banakoaren barne sentipenak eta umorea eramango dituzte gaur oholtza gainera Ainhoa Alberdik (Zarautz, Gipuzkoa 1969) eta Iraia Eliasek. TTak antzerki konpainiako kideak dira, etaTa oain ze? lana estreinatuko dute gaur, Zarautzen.
Ta oain ze? antzezlana estreinatuko duzue gaur. Zer espero duzue?
Askorik ez espero izatea da gure lanaren oinarrietako bat, frustrazioak ez edukitzeko. Hala ere, gure helburu nagusia publikoarengana iristea da. Lan honetan bihotza eta arima jarri dugu, eta jendearengana iristea espero dugu.
Zertaz hitz egiten du antzezlanak?
Bi neska biribilgune batean aurkezten ditugu. Biribilgune hori, bizitzaren zirkulua izango litzateke, eta aldi berean, egoera jakin batean norberari pizten zaizkion barne ahotsak islatu nahi ditugu. Hau da, gure barrenean argi-ilun ugari ditugu, eta horietatik batzuk bakarrik ditugu gustuko. Gainera, gustatzen ez zaizkigun horiek ezkutatu egiten ditugu sarritan, gizartean erakargarriak ez direlako. Bestalde, antzezlana biribila denez, jendeak ez du berdin ikusten. Horrela, bizitzarekin harreman zuzena duen beste kontzeptu bat islatu nahi dugu: aurrera begiratzen dugunean, atzean daudenei ere gure alderdi bat erakutsi behar diegu.
Orain arte, Eta Karmele? antzezlanarekin ibili zarete. Taoain ze? lanean aldaketak egin dituzue, edo ildo beretik jarraituko duzue?
Bi lanak barne gogoetak dira, eta mugiezinak diren bi egoera aurkezten dituzte. Gainera, biak irteera gabeko egoerak dira. Egunerokoan, beti iruditzen zaigu leku berean gaudela; aldiz, une oro aldatzen gara lekuz. Horregatik, nahiz eta biribilgune batean egon edo kotxe batean geldirik egon—Eta Karmele? lanean bezala—, norberaren barrena une oro aldatzen da. Barne sentipenetan oinarritzen dira biak.
Iraia Eliasekin batera antzezten duzu.Noiztik elkarrekin?
Aspaldi ezagutzen dugu elkar. Eta Karmele? antzezlana izan zen guztiaren abiapuntu nagusia. Entzumena izugarri landu genuen, isiltasun ugari zeuden… Hizkuntza propio bat sortu genuen elkarrekin. Oso gurea den zerbait eramaten dugu oholtza gainera, eta gu biok sortutako zerbait da.
Erraza da publikoarekin harremana sortzea? Nola lortzen duzue?
Aktorearen zintzotasuna ezinbestekoa da ikusleekin harremana sortzeko. Gure kasuan, bi lanak oso hurbilekoak dira, eta horrek asko laguntzen du. Nahiz eta antzezlan absurdoak izan, asko konektatzen dugula uste dut. Eta Karmele?-n, adibidez, hasieran jendeak ez zekien zer egin: barre, isildu, joan… Lanak aurrera egiten zuen heinean, jendea barrez lehertzen zen. Niretzat, hori publikoarengan konexio bat sortzea da, haien barrenean zerbait probokatzen ari garelako. Niretzat hori da antzerkia: jendearen barne sentipenak mugiaraztea.
Proiektuan Mikel Erguinek eta Uxue Alberdik hartu dute parte. Atzean jende asko dagoen seinale da hori.
Proiektua duela bi urte hasi zen, Uxue Alberdirekin bildu ginenean. Hala ere, haurdunaldi bat zela eta, bertan behera geratu zen. Gainontzeko pertsonen lana ere nabarmendu nahiko nuke: Mikel Erguinek koreografian lagundu digu; Miren Alcalak, zuzendaritzan; Oier Guillanek, testuaren egituraketan; Idoia Beratarbidek kartela egin du... eta, nola ez, Deja-bu panpin laborategia ere aipatu behar dut.
Ainhoa Alberdi. Antzerkigilea
«Bizitzan norberari pizten zaizkion barne ahotsak islatu nahi ditugu»
Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias 'Ta oain ze?' antzezlaneko protagonista nagusiak dira. Banakoaren argi-ilunak eta umorea nahasten dituen lan hori estreinatuko dute gaur, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu