Itziar Atienza

«Bizitzan ausarta izan behar da, edo, behintzat, saiatu»

Ametsak betetzeko direla dio Itziar Atienzak, norberaren ilusioen alde borroka egitea merezi duela. Hark, behintzat, hala egin zuen, eta interpretazioaren munduan «liberazioa» bizi izan du.

2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Azken urteetan, ETB2ko Vaya Semanitan lanean hasi zenetik, ezagun egin da Itziar Atienza (Galdakao, 1977). Gaur egun, askotan ateratzen da telebistan, baina, bestela badirudi ere, berandu hasi zen bizkaitarra interpretazioaren munduan; aurrez erabat bestelako jardueretan aritu izan baita. Hala ere, norberak bere erritmo profesionala duela iritzita, bere ibilbide osoarekin zeharo ase dagoela baieztatu du.

Zuzenbidean lizentziatua, euskara teknikaria, aktorea, aurkezlea... Zerrenda luzea hogeita hamalau urteko neska batentzat!

Gauza askotan hasi naiz, bai, eta nire ibilbidea nahiko luzea izan da; baina, tira, horiek guztiak nire parte ere badira. Gaztetan ez nuen oso garbi zer ikasi. Hamazazpi urterekin banuen aktore izateko nahia, baina ez nengoen heldua horrelako erabaki bat hartzeko. Zuzenbidea aukera ona iruditu zitzaidan, eta, oso konbentzituta egon ez arren, aukeratu egin nuen.

Interpretazioaren harra, ordea, barruan zeneraman, eta ezin horri entzungor egin?

Bai, karrera bukatu, eta zenbait urtez itzultzaile zerbitzuan aritu nintzen, baita euskara teknikari ere; baina nabaritzen nuen hura ez zela nire lekua. Orduan, hogeita hamar urte inguru neuzkala, salto hori emateko prestatuta nengoela ikusi nuen, eta antzerki eskolan hasi nintzen. Hura bai, hura nire lekua zen, eta sekulako liberazioa sentitu nuen!

Ez zizun beldurrik eman ordura artekoak atzean utzi, eta adin horrekin bide berri bati ekiteak?

Ez, horrek ez; nire nahiekin bat ez zetorren bizimodu bat eramateak ematen zidan beldurra. Hori zen, gainera, sufritzen ari nintzena, eta horregatik bultzatu nuen neure burua aldatzera. Ez nuen beste lur batean landatutako landare baten moduan bizi nahi.

Ametsen alde borrokatzen direnetakoa zara, beraz.

Bizitzan ausarta izan behar dela uste dut, borroka egin behar dela, edo, behintzat, saiatu. Aizu, arriskuak beti egoten dira, eta dena ez da polita izaten; baina norberak egiten ez badu, ez du inork egingo.

Batez ere, Vaya Semanita-n egin zinen ezagun; zer moduz Nere, Sheilys eta gainontzeko pertsonaiekin?

Oso ondo! Nik Vaya Semanita-ri asko zor diot, nire eskola izan da. Telebista formatuan aritzea izugarria izan da; hiru urtez ordu pila bat sartu dut, eta denetatik eduki dugu: esketxak, saio laburrak, platoa, gonbidatuekin elkarrizketak...

Eta orain, Ai Ama! saioarekin erronka handia duzue.

Gaueko ordu tarte horretan euskal ikusleak erakartzeko formatu batean aritzea oso erronka polita da. Gure xumetasunean, lan handia da jendea erakarriko duen zerbait, entretenimenduzkoa, duina eta dibertigarria egitea;baina, nire ustez, lortzen ari gara pixkanaka.

Euskal ikusleek maila handia eskatzen duela iruditzen zaizu?

Bai! Baina ikus-entzuleek ematen dutena ematen dute, eta kuriosoa da zer gertatzen den: hemen Tele5 pila bat ikusten da, eta haien produktuak Gran Hermano, Supervivientes... dira. Orduan, hori asko ikusten bada, ez dakit maila handia eskatzen dugun edo ez... Kar-kar-kar. Tira, baietz uste dut, baina etxekoekin zorrotzagoak gara, Tele5n edozein gauza ikus baitezakegu, baina ETB1en ez!

Horrek ematen du, bada, zer pentsatua!

Bai, bai! Ezetz ematen du, baina hemen horrelako produktuak asko ikusten dira! Ostegunean, adibidez, lehia handia egoten da, eta Gran Hermano eta antzeko programek sekulako ikusle kuotak izaten dituzte! Harrigarria izan daiteke, baina hala da. Horregatik, gu Ai Ama! saioarekin pixka bat lehenago hasiko gara, 21:00 aldera

Zer ikusten duzu zure bizitzan atzera begiratzen duzunean? Aseta sentitzen zara?

Nire bidea ikusten dut, besterik gabe. Nagoen tokira iristeko leku askotatik pasatu behar izan dut, baina ez naiz damutzen gauzak egin ditudan garaietan egin izanaz... Norberak bere denbora behar du, eta ni telebistaren munduan sartu naizenean sartu naiz, eta kito. Oso kontent nago.

Baduzu gerora begira betetzea gustatuko litzaizukeen ametsen bat?

Egunen batean bidaia luze-luze bat egitea izugarri gustatuko litzaidake, Amerika aldera edo... Horretarako, tarteren bat izan nahiko nuke, eta adorea ere bai! Asko miresten ditut bakarrik-eta joaten direnak, eta horrelako bizipenek barrurako bidaia potentea izan behar dutela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.