Udako proposamenak

Bizitza, a zer gurpil zoroa!

Trotamundos antzerki konpainiak 'Finito-Infinito' ikuskizun berria emango du gaur arratsaldean, Zarauzko Villa Manuela pilotalekuan.

(ID_17223246109675) Trotamundos antzerki konpainiako Luciano Andres Mezzotero 'Tuki' eta Mailen Mansilla. TROTAMUNDOS
Trotamundos antzerki konpainiako Luciano Andres Mezzotero 'Tuki' eta Mailen Mansilla. TROTAMUNDOS
inaki rubio
Iruñea
2024ko abuztuaren 1a
05:00
Entzun

Bukle bat dirudike maiz bizitzak, etenik ez duen gurpil zoro bat. Inertziak gidaturiko errutinan, ordea, hura eteteko arrakalak topatu daitezke; arreta jarriz gero, beti egon ohi da gelditzeko heldulekuren bat, une baterako bada ere. Zertarako gelditu, baina? Edo zergatik segitu? Bizitzaren jirabirek sorturiko galdera horietatik abiaturik sortu zuten Trotamundos antzerki konpainiako Luciano Andres Mezzotero Tuki eta Mailen Mansilla antzezleek Finito-Infinito ikuskizuna; zirkulartasuna ere amaigabea izan baitaiteke.

Dena den, Mezzoterok dioenez, ikerketa eta sormen prozesu bat abiatzeko premisak baino ez ziren izan horiek, ikuskizunaren xedea ez baita errutina jirabiratsua kritikatzea, «ez bereziki». Bi urtez aritu da bikote artistiko argentinarra ideiak biribiltzen, ikuskizunak forma hartu zuen arte. Mezzoterok aitortu du hasierako ideia Mansillarena izan zela: «Bera hasi zien kontzeptu horiei bueltak ematen; errutinaren gurpil zoroa, indibidualismoa, kontsumismoa…». Beraz, ideia horiek oinarri, ikerketa sakona abiatu zuen bikoteak, ikuskizunaren zirku zuzendari Garazi Paskualekin batera:  «Zirkuan erabiltzen diren objektuak ikertu genituen, baita akrobaziak eta eszenografia ere, hasieran planteatu genituen premisekin bat egiteko». 

«Erritmo handiko ikuskizuna da, eta txikienentzat oso eramangarria» 

LUCIANO ANDRES MEZZOTEROTrotamundos konpainiako artista

Izan ere, halakoa da Finito-Infinito; osoki biribila: «360 gradutan egiten dugu lan, testurik gabe, eta publikoa gure inguruan esertzen da». Hortaz, kalean egiteko ikuskizuna da ezinbestean, biribiltasuna galtzen baitu bestela: «Antzoki batean eginez gero, aurrez aurre dago publikoa, eta ikuskizunak funtsa galtzen du horrela; zirkularitateari buruz eta errutinari buruz hitz egitekoak bagara, zentzuzkoena da dena biribila izatea; hartu genituen lehenengo erabakietako bat da hori». Hain zuzen ere, darabilten guztia da biribila: hula-hoop-ak, malabarak, eszenatokiaren erdian dagoen plataforma…

Dantza, akrobaziak eta beste

Iragan maiatzean estreinatu zuten Finito-Infinito, Leioako (Bizkaia) Umore Azokan, eta Zarauzko Villa Manuela pilotalekuan egingo dute emanaldia gaur, 19:00etan. Bertaratzen direnek ikuskizun original eta koloretsu bat ikusiko dutela dio Mezzoterok, eta azpimarratu du haur txikiendako aproposa dela: «Erritmo handiko ikuskizuna da, eta txikienentzat oso eramangarria». 

50 minutu inguru iraunen du, eta orotariko akrobaziak, dantzak eta gisako zirku ariketak izango dira umorea ardatz duen kale ikuskizun horretan. «Besteak beste, merinake gona erraldoi bat egin dugu hula-hoop uztaiekin, eta ikusgarria izango da; eszenatoki erdian egongo den plataforma zirkularrak ere joko handia ematen digu, eta eszena bat prestatu dugu horrekin; malabarak ere erabiliko ditugu, baita akrobaziak egin ere, eta bi metroko diametroa duen uztai batekin ariko gara ondoren». 

(ID_17223246462045) Trotamundos antzerki konpainiako Andres Mezzotero eta Mailen Man
Trotamundos antzerki konpainiako Andres Mezzotero eta Mailen Mansilla. TROTAMUNDOS

Kontent azaldu da Mezzotero, eta gogotsu daudela esan: «Bira handia egingo dugu aurten, baita datorren urtean ere, eta pozgarria da sortzen jarraitzeko aukera izatea». Izan ere, ikuskizunak harrera aparta izan duela azaldu du artistak: «Ikuskizuna amaitu ostean, jendea gugana gerturatzen da, eta esaten digu gauzak imajinatzen dituela, eta beren buruan azpimundu bat sortzen dutela ikusten gaituzten bitartean». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.