Dark Matter, The Mystery of Dark Matter, His Dark Materials... erraza da istorio ezberdinak nahastea, kontuan izanik dozenaka direla azken urteetan titulu paretsuekin estreinaturiko ikus-entzunezko proiektuak, gehientsuenak zientzia fikziozkoak, gainera. Pearl Jam musika talde ezagunak ere duela hilabete eskas estreinatu du zinema aretoetan bere estudioko hamabigarren diskoa: Dark Matter.
Blake Crouch nobelagile estatubatuarrarena da material ilunari loturiko fikziozko nobedade berriena. 2016an plazaratu zuen izen bereko eleberria, hain justu, Wayward Pines telesail ezaguneko gidoigile gisa pantaila txikiko lehen urratsak egin zituenean. Bidean, berak idatzitako Good Behaviour thrillerra ere egokitu zuen telebistako formatu zatikatura, eta orain egin dio kosk arrakasta komertzialik handiena eman dion lanari.
Dark Matter gizon oinazetu baten inguruko istorioa da. Gau batean, lagunekin festan irten eta ez du sekula lortuko etxera itzultzea. Errealitate paralelo batean esnatuko da, bere bizitzaren beste bertsio batean, non emaztearekin, semearekin eta lankideekin oso bestelako harremanak dituen. Bertan ere denek ezagutzen dute elkar, baina bakoitzaren bizitzak norabide ezberdinak hartu ditu, eta protagonista noraezean sentituko da informazio nahasgarri hori guztia ulertu eta ordura arteko bere bizitza berreskuratu nahian.
Crouchen nobedadea Mulholland Drive eta The Machinist kultuko filmen ildokoa da, baita azken urteetan zeresana eman duen Servant telesailaren tankerakoa ere. Denek jokatzen dute trebezia handiz anbiguotasunarekin, denek baliatzen dituzte pertsonaia protagonisten gorabehera psikologikoak ikuslea labirinto tankerako narrazio batean murgiltzeko.
Telesail hasierako pasarte esanguratsuenetan, tonu gris eta urdin hotzak dira nagusi; musika itogarria da eta tragedia giroa arnas liteke. Badirudi protagonistak urrutiegi joan direla eta jadanik konpondu ezin dituzten erabakietan harrapatuta daudela. Nolabait, idazle taldeari eskerrak eman beharrean daude; izan ere, gidoi kolpe abilek badute gertakarien iparra errotik eraldatu eta ikusleak gogoz entretenitzeko gaitasuna.
Aktore protagonistak ez dira nolanahikoak. Senar-emazteen rola jokatzen aritu dira Joel Edgerton eta Jennifer Connelly. Star Wars: Episode II - Attack of the Clones eta Exodus: Gods and Kings dira Edgertonen lanik komertzialenak. Are esanguratsuagoak dira, ordea, Loving, Master Gardener eta The King filmeetan eskainitako interpretazioak. Connelly are ezagunagoa da 2001eko A Beautiful Mind filmarekin irabazi zuen Oscarragatik eta Requiem for a Dream, Labyrinth edota Once Upon a Time in America harribitxietan egindako agerpenengatik.
Jimmi Simpson da hirugarren aktore nagusia (House of Cards, Westworld, Black Mirror...), mekanika kuantikoen eta giza harremanen inguruko drama konplexu eta sakon hau dastatzeko arrazoi erantsi bat. Telesailak bederatzi atal ditu, eta lehen biek kritikaren gorespen ia erabatekoa jaso dute. Osagai eta argudiorik ez zaio falta urteko nobedade esanguratsuenetako bat izateko.
FITXA
- Sortzailea. Blake Crouch.
- Aktoreak. Jennifer Connelly, Joel Edgerton, Jimmi Simpson, Alice Braga eta Dayo Okeniyi.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Apple TV Plus.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Zientzia fikzioa.