Bizitza osorako agurra

'To Say Goodbye' dokumentala 36ko gerratik ihesi atzerrira joandako haurren inguruan egin dute. Horietako batzuk egun hauetan Donostian daude, lana aurkezten.

Ezkerretik eskuinera, Felix Amat, Juanita Vaquer eta Paco Robles; haurrak zirela, gerratik ihesi atzerrira eraman zituzten. A. CANELLADA / ARP.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Txertoak hartzeko ilaretan negar zotinka oroitzen ditu egunak Juanita Vaquerrek. «Gose ginen, eta hainbeste haurren artean gaixotasunak oso azkar kutsatzen ziren kanpamentuan». Bonbardaketatik ihesi 1937ko udan Erresuma Batura bidali zituzten haurretako bat da Vaquer. Santurtzitik Southamptongo portura 4.000 haur inguru iritsi ziren Euskal Herritik, sorlekua eta senideak atzean utzita. Gehienak bi urteren buruan itzuli ziren etxera; 200 haurrek, ordea, ez zuten aukerarik izan, eta han egin behar izan zuten bizitza. Tartean zegoen Vaquer. Haur horietako batzuen testigantzak izan dira To Say Goodbye dokumentalaren abiapuntua. Egun hauetan Donostian daude, Zinemaldian lana aurkezten.

75 urte pasatu diren arren, guztiek oroitzen dute senideak agurtu behar izan zituzten eguna. Haurren arteko txikienak zer gertatzen zen oso ongi ulertzen ez zutela igo ziren itsasontzira. «Oso gogorra izan zen». 600 pertsonarentzako itsasontzi batean egin zuten bidaia 4.000 haurrek. «Bata bestearen gainean pasatu genituen Erresuma Batura iritsi arteko bi egun eta erdiak. Nik itsasontziko galdaretan lo egin behar izan nuen, nire arreba txikia zaintzen. Gurasoei deika aritu ginen gau osoan, negarrez», esan du Pako Roblesek.

Marea bizia egokitu zitzaien, eta jateko emandako opilek ez zieten onik egin. «Ogi zaharra bakarrik jaten genuen, eta pastelak probatu orduko oka egiten hasi ginen», jarraitu du Roblesek. Bidaiako infernua nahikoa ez, eta Bilbotik atera bezain pronto, Francoren Cervera gerraontziak eraso zien. Kanoi hotsak buruan dituzte oraindik, baina, zorionez, onik iritsi ziren helmugara.

Kanpamentuetan lo egiteko dendetan bildu zituzten haur guztiak. Hasiera batean, hiru hilabeterako izango zelakoan. «Amak hamabi pezeta eman zizkidan uda pasatzeko», dio Pako Roblesek. Baina gerraren norabidearen ondorioz, egonaldia uste baino gehiago luzatu zitzaien.

Gaixotasunek hartu zuten kanpamentua. Roblesek hazteria harrapatu zuen. Eta albiste ilunak iritsi ziren Euskal Herritik. «Bilbo Francoren aldekoek hartu zutela jakin zenean, 14-15 urteko gaztetxo asko, kanpamentutik ihes egin, eta itsasontziak lapurtuta hara itzultzen saiatu ziren. Borrokan lagundu nahi zuten, baina Poliziak harrapatu zituen», kontatu du Jose Armoleak.

Baztertuta sentitu zirela diote: «Ingalaterrako Gobernuak ez zuen gutaz ezer jakin nahi. Eskerrak herritarrek lagundu ziguten».

Bakoitza bere bidetik

Herrialde osora sakabanatu zituzten haurrak, eta bakoitzak bere bidea hartu zuen. «Komentu batean kalera atera ezinda pasatu nituen sei urte», azaldu du Vaquerrek. 56 haurrez osatutako kolonia batera joatea egokitu zitzaion Felix Amati. «Zorte handikoa izan nintzen; abentura baten gisakoa izan zen». Ingelesa sentitzen da egun, baina Athleticen txapa darama jakan. «Gauza batzuk ez dira sekula aldatzen. Asteburuan guk irabaziko dugu», dio, irribarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.