MAITE DUT MAITE... '22' LIBURUA. Izaro Andres. Abeslaria

«Bizitza lasai hartzen saiatzen naiz orain»

Paule San Salvadorrek idatzitako '22' «nerabezaroan denok irakurri beharko genukeen liburu bat da», Izaro Andresen arabera. Liburua irakurri zuenetik, ezberdin bizi izan du bizitza abeslariak.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Izaro Andresek (Mallabia, Bizkaia, 1993) amets bera izaten du maiz estresa duen garaietan: «Amets egiten dut gidatzen ari naizela eta kontrola galtzen dudala. Eta bizkorregi noalako izaten da». Denboraz, bizitzaz, heriotzaz, zoriontasunaz, beldurraz eta beste hainbat sentimenduz hausnartzeko aukera eman dio Paule San Salvadorrek idatzitako 22 liburuak: bere liburu kuttunak.

Zergatik da Paule San Salvador idazlearen 22 zure liburu kuttuna?

Paule San Salvador Durangoko [Bizkaia] neska bat zen, minbizia detektatu ziotena 22 urterekin, eta handik lau urtera hil zen. Minbizia diagnostikatu ziotenean hasi zen idazten zer sentitzen duen. Nik paniko absolutua diot heriotzari: ez zahartzarokoari, espero gabekoari baizik. Liburu honetan heriotzari eta beldurrari buruzko hausnarketa asko dago; poesia ere badago, eta haren istorioak ere badaude. Oso gogorra izan behar duela ematen du, baina nik barre asko ere egin dut. Nerabezaroan denok irakurri beharko genukeen liburu bat da, orientatzeko. Beti uste dugu heriotzak urrun gertatzen direla, baina jende asko hiltzen da gazte: drama bat da, baina ikasi beharko genuke horrekin bizitzen.

Zer ikasi zenuen liburu hori irakurriz?

Bizirik egotearen kontzientzia izaten ikasi dut. Estres momentu handietan edo egoera kaskarragoetan, liburu honetan pentsatzen dut eta esaten dut: «Bizirik zaude, arnastu egiten duzu, gorputz bat daukazu». Ahalko zinen bizirik ez egon, eta uste dut hori dela daukagun oinarrizkoena. Orduan, pixka bat txarto edo gaindituta nagoenean, esaten dut: «Etorri lurrera, hartu perspektiba, bizirik zaude-eta oraindik».

Zer da zuretzat bizitza?

Gauza oso eder bat, batzuetan zaildu egiten dena eta beste batzuetan ez. Eta konturatu gabe pasatzen dena, eta, behin pasatuta, konturatzen zara zer eduki duzun. Ni saiatzen naiz egunero konturatzen bizitzen ari naizela.

Eta horrek bizitzeko modua aldatzen du?

Nik uste dut baietz. Liburu hau irakurri nuenetik, ezberdin bizi izan dut presentzia. Liburua oso gogorra da, oso pertsona gaztea delako: oso hunkigarria da. Norberaren inguruan gertatzen denean, bizitza osoan lagun egiten du heriotzaren prozesuak, eta hori ez dakigu gizarte mailan uztartzen.

Orain intentsitate handiagoz bizi zara?

Ez dakit intentsitate handiagoz edo bake handiagoz. Nik uste dut intentsitateak euforiara eramaten zaituenean bizkorrago doala dena. Eta, orain gero eta kontzienteago naizenez bizitza bizi egin behar dela, saiatzen naiz lasai hartzen eta segundo denak bizitzen.

Zoriontasunak ere presentzia handia dauka liburuan, eta zuk abesti bat ere egin diozu. Zer da zoriontasuna zuretzat?

Ez da hainbeste egoera jakin bat;nik uste dut dela bizi estilo bat. Gero egon zaitezke zoriontasun horren barruan triste, haserre edo amorratuta. Zure bizitzarekin lasai egotea da, zure bizitzaren protagonista sentitzea, zainduta eta sare bat edukita. Gero egon zaitezke erreta momenturen batean, baina bizitzan zoriontsu zara.

Hala ere, gizartean ohikoa da gainerakoen bizitzak epaitzea. Zurekiko aurreiritziak baditu jendeak?

Bai, pila bat.

Eta egiten duzu ahaleginik horiei aurre egiteko?

Egiten nuen, baina, puntu batetik aurrera, ez. Nik badakit nor naizen, eta nire inguruak ere bai. Ez dit berdin: mingarria da. Baina ikasi behar da horrekin bizitzen.

Esku pilota gustatzen zaizu?

Ez.

Esku pilotan, 22 tantora iristen denak irabazten du partida. Paule San Salvadorren kasuan, bizitzaren eta heriotzaren arteko partidan, zeinek irabazi zuen?

Bizitzak irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.