Moda

Bizitza janzteko beste era bat

Oihal afrikarrekin egiten dituzte jantziak eta osagarriak Kaori Faktorian, Villabona-Amasan. 2018an ireki zuten, eta, diotenez, «filosofia» bat da, marka baino gehiago.

Lurgi Zalakain eta Nahikari Iturbe, Afrikara eginiko bidaia askotariko batean. AMETS ZALAKAIN.
Nagore Arin.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Marka soil bat baino gehiago. Horrela definitu dute Lurgi Zalakain eta Nahikari Iturbe sortzaileek Kaori. Iturberen hitzetan, «osagarri, tela edo arropa marka bat izateaz gain, egunerokotasun eredu bat eta mundu berri bat sortzeko bide bat da». Filosofia gisa laburbildu du Zalakainek. Elkarrekin sortu dute Kaori Faktoria: 2018an ireki zituen ateak, eta, geroztik, nabarmen handitu dute jantzien eta osagarrien eskaintza.

Villabona-Amasan (Gipuzkoa) sortu dute espazio hori: sormena garatzeko, garatutako ideia horiek gorpuzteko eta bezeroekin bertatik bertara hitz egiteko txokoa da. Denda bat izateaz harago, tailer txiki bat da haientzat: eskuak dituzte lan tresna, artisautza eta joskintza lanbide, eta kultur fusioa horiek uztartzeko katebegi. Hain justu, adierazi dute Afrikaren eta Euskal Herriaren arteko nahasketa eskaintzen dutela oraintxe. Hala ere, ez dizkiete ateak itxi munduko beste kulturei, eta hemendik gutxira gauza berriak egiten hasteko asmoa dutela aitortu dute.

Gaur-gaurkoz, oihal afrikarrak erabiltzen dituzte: kolore biziak dituzte, eta estanpatu indartsuak. Iturberen esanetan, «indar berezi bat dute koloreetatik aparte, nortasun handia dute». Produkzio txiki batekin hasi ziren lanean: «Salmentaren arabera joan ginen ekoizten; hor egon ginen, saldu ahala josten eta josten», azaldu du Zalakainek.

Hori ikusita, sormen eta produkzio prozesua aurreikusi egin behar zutela pentsatu zuten. Urtebete eta gehiago igarota, lortu dituzte gutxi gorabeherako erreferentziak: «Lehenengo urtea esperimentu bat izan da, eta, orain, erreferentzia hori edukita, garbiago dugu nola bideratu gure jarduna».

Bi zatitan banatu ohi dute eskaintza: neguko bilduma eta udako bilduma. Buff koloretsuak, jertseak eta mandatuz eginiko beroki pertsonalizatuak saltzen dituzte gehien neguan. Uda iristean, berriz, bestelako proposamen sorta eskaintzen dute: turbanteak, jaka itzulgarriak, elastikoak eta kimonoak egiten dituzte, besteak beste. Poltsak eta osagarriak ere badituzte, horien artean, nezeser, estutxe, bisera, agenda eta belarritakoak.

Azokaz azoka

Iturbe eta Zalakain arduratzen dira negozioaren ziklo osoaz: nola diseinuak sortzeaz, hala diseinu horiek ekoizteaz, saltzeaz eta faktoriaren jarduna sare sozialen bitartez ezagutarazteaz. Zalakainen esanetan, produktuaren ideia definitzen dute lehenik: «Marraztu egiten dugu, neurriak kontuan izanik patroiak ateratzen ditugu, neurri ugari lortzeko eskalatu, eta,behin patroiak edukita, oihalak aukeratu, moztu eta josi egiten dugu».

Prozesu horretan oreka lortzen ahalegintzen dira: «Oihalak nahiko indartsuak direnez, bai kolore aldetik eta baita estanpatu aldetik ere, diseinua nahiko sinplea eta minimalista izatea gustatzen zaigu, oihalak presentzia handia hartzen duelako».

Ez da denda jantziak eta osagarriak saltzen dituzten topagune bakarra. Euren jardunaren ardatzik garrantzitsuenetako bat dira azokak. Hain justu, batetik bestera ibili ohi dira. Zalakainen hitzetan, «oso harrera ona» izaten dute: «Normalean, koloreek atentzioa emanda hurbiltzen da jendea, eta umeak ere asko biltzen dira postuaren inguruan. Adin guztietako jendea etortzen da».

Euskal Herriko azoketara ez ezik, Afrikako azoketara ere joaten dira: erostera. Bertatik bertara hautatzen dituzte ondoren jantziak eta osagarriak egiteko erabiliko dituzten tela guztiak: «Gehien gustatzen zaigun lanetako bat da, proiektuaren alderdirik politena», Zalakainen esanetan. Erantsi duenez, «konexio berezi bat» dute Afrikarekin, eta han familia bat osatu dute dagoeneko: «Hainbeste bidaia egin eta gero, harreman estua egin dugu hango jendearekin eta artistekin. Hara joatean, ekarpen bat egiten diogu ekonomiari. Han ere badaude denda handiak, oihal pila bat dagoen pabiloiak... Guk nahiago dugu postu txikietara joan, hango emakumeekin egon, eseri, oihalak ikusi eta hitz egin. Ahalik eta posturik gehienetan erosten saiatzen gara, dirua ere banatuta gelditzeko».

Iturberen aburuz, Kaoriren filosofiaren parte da hori. Faktoria ireki baino lehen hasi ziren Kaoriren filosofiaren zimenduak definitzen: «Argi genuen ez zela fast fashion edo moda lasterrean oinarritutako bilduma bat izango. Klik bat eman nahi genion gaur egungo kontsumo ereduari, ez genuen bat egin nahi kontsumitzeko garaian dugun izaera konpultsibo horrekin; erosi-erabili-bota zikloarekin». Hala, slow fashion edo moda lasai moduandefinitu zuten beren jarduna: «Gure lau eskuak dira, produzitzen dutena produzitzen dute, eta horren araberako salmenta egiten dugu».

Argi eduki zuten «pertsonen duintasuna» lehenetsiko zutela, eta zikloan parte hartuko zuten langileen lan baldintza guztiak ziurtatuta egongo zirela. Produktu organikoen eta birziklatuen erabilera ere ezaugarri garrantzitsuak direla zehaztu du, «nahiz eta horrek eragin bat izan prezioan».

Faktoria 2018. urtean ireki bazuten ere, lehenagotik dator hazia. Zalakainen ideia izan zen.Mexikotik Euskal Herrira itzuli eta Afrikara egin zuen lehen bidaiaren ondoren sortu zuen Kaori. Hasieran, bizimodu bat besterik ez zen: gauza txikiak egiten hasi zen, bere kabuz ikasten, josten. Gerora, ordea, master bat ikasten hasi zen, eta, aldi berean, Iturberekin batera lanean, apurka-apurka faktoria bilakatu zen Kaori definitzen.

Dagoeneko, urtebete eta gehiago pasatu da Kaori Faktoria lantoki eta salerosketa moduan ireki zutela. Asko ikasi dute ordutik, eta, Zalakainen kasuan, «ikaskuntza ikaragarria izan da arlo guztietan». Iturberen kasuan, berriz, «bizitza janzteko beste era bat» aurkitu du, eta ibilbide horretan egin nahi dute aurrera biek: «Bizitza eta mundua janzteko beste modu bat sortzen jarraitu behar dugu Kaorirekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.