Landetxe bat du Maite Duhaldek Aiherran, Nafarroa Beherean. Semeari txoko bat egitekotan da, eta isolatzeko modu egokiaren bila dabil, «etxea zahar samarra» baita. Bioterra azokako lehen pabiloian ikusmiran ari da Duhalde, zer ikusiko.
Atzo hasi eta igandera bitartean, elikagai ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka egiten ari dira Irungo Ficoba erakustazokan, Gipuzkoan: Bioterra. Orotara, bizimodu ekologikoarekin eta ekonomia berdearekin zerikusia duten 170 erakusketarik euren lana erakutsiko dute, eta euren produktuak salduko dituzte. Hiru gunetan banatua dago azoka: Bioterra gunea, Naturall gunea eta Geobat gunea.
Azokara etortzen den estreinako aldia du Duhaldek, eta «leku ezin hobea» iruditu zaio, bere etxea behar bezala isolatzeko materialak eta ekoizleak «bertatik bertara ezagutzeko eta haien azalpenak entzuteko» parada baitu. «Zinez azoka interesgarria da», aitortu du.
Duhalde ez bezala, Bioterra antolatu duten hamalau alditan izan da Raul Muñoz; urtero egiten du bisita azokara: «Oso ongi dago azoka, oso interesgarria da, eta urtero etortzen naiz. Erretiratua izanik eta Irunen bizi naizenez, ez dut aitzakiarik». Landare batzuk erosi ditu, eta autoaren bila doa, haiek maletategian sartzeko. Etxera joan aurretik, buelta bat eman nahiko luke, «aurtengo berrikuntzak ikusteko».
Danel Etxeberria ere postuz postu dabil, produktuak aztertzen; azken berrikuntzen bila hura ere. Ordizian (Gipuzkoa), Goierriko Baratza denda du. Produktu ekologikoak saltzen ditu, eta azoka «erakusleiho indartsua» dela uste du: «Oso azoka interesgarria da, produktu berriak egoten direlako, eta, nahitaez, produktu horiek kontuan hartu behar ditugulako, gure bezeroei eskaintzeko. Beti daude berrikuntzak, eta haiek ezagutzeko leku aproposa da azoka». Banatzaile berriak ezagutzeko, eta haiekin harremanak egiteko ere baliatzen du azokarako bisita Etxeberriak, gerora, Goierriko Baratzan ekoizle horien produktuak dendara eramateko.
Vicente Sanz olio ekoizlearen olio berriak dastatzen dabil Etxeberria. Denetariko zaporedunak ditu: banillazkoa, txokolate zaporeduna, onddo gustukoa... «Guztiak produktu naturalekin eginak», kontatu du Sanzek. Alacantetik (Herrialde Katalanak) dator, eta ez dio hutsik egin nahi izaten Bioterrako zitari: «Klima zoragarria duzue, eta jendea, zer esanik ez. Plazera da etortzea». Eguraldiak okerrera egiteko desiratzen dago, jende pila azokara hurreratu eta produktuak dastatzera emateko.
Sustapenerako bidea
Ruben Sabalza Lurberry landare mintegiko arduradunaren asmoa ere bada euren produktu berria ezagutzera ematea: basoko fruituak. «Landareak saldu izan ditugu, baina, aurten, frutak ere ekarri ditugu. Haiek sustatzera gatoz». Sabalzaren ustez, Bioterra «erakusleiho aproposa da. Azkenean, gertuko jendeari eskaini nahi dizkiogu gure produktuak, eta azoka leku egokia da jende horrengana iristeko».
Miren Izagirre basoko fruituei begira aritu da, baina gaileta ekologikoen aldeko apustua egin du. «Bazkaltzeko ordua ez da urrun, eta hainbeste elikagai ikusita, gosea sartzen zaio bati», aitortu du. Gaileta erosi berriak jaten dituen bitartean, bigarren pabiloitik osteratxoa egiten ari da, osasun arloko teknikei arretaz begira.
Denetarik dago gune horretan ere: bizkarrezurreko diagnostikoak egiten dituzten guneak, eserleku eta sofa erosoak saltzen dituztenak, uhin elektromagnetikoak deskargatzen laguntzen duten kuxinak eta beste mila tramankulu eta teknika gehiago.
Eta produktuen, materialen eta ekoizleen artean, bizimodu ekologiko, iraunkor eta osasuntsuago bat emateko erakustaldiak, hitzaldiak eta jarduerak daude Bioterran. Denera, 70 jarduera egingo dituzte igandera bitartean.
ATZEKOZ AURRERA
Bizitza ekologikoaren leihoa
Bioterra azoka egiten ari dira Irungo Ficoban. Hiru egunez, 170 erakustarik euren produktuak, materialak eta lan egiteko modua erakutsiko dituzte. Jarduerak eta hitzaldiak ere egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu