Bizitza arbola hondatuan

Arbola batzuen enborretan, zuloak sortzen dira, eta euriarekin urez betetzen dira: uraska horiei ‘dendrotelma’ deritze. Animaliek edateko baliatzen dituzte, eta, intsektuek, ugaltzeko. Zuhaitz zaharretan agertzen dira, batez ere.

Dendrotelma bat pago baten enborrean. BERRIA
Dendrotelma bat pago baten enborrean. BERRIA
amaia igartua aristondo
2024ko apirilaren 30a
05:00
Entzun

Ur pilaketa naturalak dira, funtsean: arbola batzuen enborretan, zuloak sortzen dira, eta horietako batzuk urez betetzen dira prezipitazioekin. Dendrotelma deritze urtegi horiei, eta premiazkoak dira basoetako hainbat izakirentzat: hegazti eta ugaztun batzuek ura edateko baliatzen dituzte; eta intsektuek, arrautzak ipintzeko. Jatorria, baina, kasualitate hutsa da, eta hainbat izan daitezke eragileak, Carlos Garcia Nafarroako basozainak aletu duenez: zuloak enborraren deformazioagatik eratzen dira maiz, edo adar bat sikatu edo inausi ostean; batzuetan, bi arbola uztartuta hazten dira, eta barrunbe bat sortzen da haien artean; edo enborraren zati batzuk usteldu egiten dira onddoen ondorioz. Kausa izan daiteke, era berean, haize bolada batek erauzi duela zati bat, edo ekaitz batek egindako zartatua.

Ziklo bat gertatzen da zuloon barruan, Aitziber Sarasketa Bizkaiko Basozainen elkarteko kideak azaldu duenez —Balmasedan egiten du lan, Enkarterri eskualdean—: materia organikoa pilatzen da barrunbeetan —enbor ustela, hostoak eta abar—, eta materia horrek hezetasuna mantentzen laguntzen du; era berean, eremuak likenen hazkundea sustatzen du; eta likenek, orobat, hezetasuna metatzen laguntzen dute. Horizontalki edo ia-horizontalki kokatutako zuloetan, edo inklinatuak egonagatik ere muga bat dutenetan, hezetasuna ez ezik ura ere pila daiteke: neguan eta udaberrian betetzen dira zuloak, eta uraska gisa funtzionatzen dute udan.

Dendrotelma bat Urbasan, Nafarroa. CARLOS GARCIA / NAFARROAKO BASOZAINAK
Dendrotelma bat Urbasan, Nafarroa. CARLOS GARCIA / NAFARROAKO BASOZAINAK

Hala gertatzen da, besteak beste, Urbasako parke naturalean (Nafarroa). Eremu hartan egiten du lan Garciak, eta identifikatuak ditu dendrotelma batzuk, nahiz eta fenomenoa ez den oso ohikoa, zehaztu duenez. Basozainaren ustez, bereziki «garrantzitsuak» dira, gainera, paisaiaren ezaugarriei erreparatuta: mendilerro «oso karstikoa» denez, urak erraz ihes egiten du, eta ur metaketa gutxi egoten dira. Hortaz, dendrotelmak premiazkoak dira hidratatzeko bertoko txori txikientzat —paseriforme txikiak, garrapoak, amilotxak, kaskabeltzak, erregetxoak...—, baita zenbait mikrougaztunentzat ere, hala nola muxar grisarentzat. «Haren hedapena ur puntuen araberakoa da: pagadietan bizi da, ezkurrez elikatzen da, eta, ezkurra fruitu lehorra denez, ur asko edan behar izaten dute», esplikatu du Garciak.

«Muxar grisaren hedapena ur puntuen araberakoa da: pagadietan bizi da, ezkurrez elikatzen da, eta, ezkurra fruitu lehorra denez, ur asko edan behar izaten dute»

CARLOS GARCIANafarroako basozaina

Dendrotelma guztiak ez dira erabilgarriak, eta batzuek arrakasta handiagoa izaten dute. Uraska ona bada, zuloaren inguruko enborra higatuta egoten da, erabiltzen den seinale. «Normalean, horiek urte osoan mantentzen dute ura: udan, animaliek bertatik edaten dute, baina abuztuan beti egoten da ekaitzen bat, eta ura pilatzen da berriro», esan du Garciak. Oro har, enborraren behealdean daudenak izaten dira onenak, Nafarroako basozainaren berbetan: batetik, ugaztun txikientzat errazagoa delako hara ailegatzea —hegaztiei berdin zaie zer mailatan dagoen zuloa—; bestetik, oinarrian kokatutakoak hobeto itxita daudelako, eta, beraz, ura egokiago mantentzen dutelako. «Garaiago dauden zuloek errazago galtzen dute ura».

Arbola zaharretan

Dendrotelmek iturri gisa funtzionatzen dute, baina harago doaz haien onurak. Izan ere, intsektu batzuek hor ipintzen dituzte arrautzak. «Berez, zuloa ekosistema txiki bat da», nabarmendu du Sarasketak. Saproxilikoek dendrotelmetan garatzen dute zikloaren zati bat, Bizkaiko basozainak adierazi duenez: aprobetxatzen dute barrunbea bera, hezetasuna, eta materia organikoa. «Mehatxatuta dauden espezien euskal katalogoan agertzen diren espezietako lau intsektu saproxilikoak dira: arkanbelea da bat —ikusi izan dugu zuloak erabiltzen—; besteak dira kaprikornio handia, alpetar kakalardo adarluzea eta kakalardo eremita», aletu du. Eltxoak ere dendrotelmetako uretan ugaltzen dira.

«Mehatxatuta dauden espezien euskal katalogoan agertzen diren espezietako lau intsektu saproxilikoak dira: arkanbelea da bat —eta ikusi izan dugu urez betetako zuloak erabiltzen—»

AITZIBER SARASKETABizkaiko Basozainen elkarteko kidea

Intsektu saproxilikoek beharrezkoa dute egur hila, eta horregatik jotzen dute arbola zaharretara. Eta, hain justu, hori da enborretako zuloak sortzeko aldagaietako bat: adina. «Zuhaitza zahartzen den heinean, zuloak sortzen dira naturalki, arbolaren zati bat hil egiten delako adinarekin», esplikatu du Garciak. Berak lan egiten duen eremuan, pagoetan agertzen dira dendrotelmak, nagusiki, hori baita Urbasa inguruko zuhaitz espezierik ugariena; konkretuki, 250 urte bizitzera hel liteke pagoa. Eta zuhaitza zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta garrantzi handiagoa du, Garciaren irudiko, probabilitate handiagoa dagoelako uraskak sortzeko, eta urte gehiagoz egongo direlako basoko izakiak urez hornitzen. «Esate baterako, haritz bat bostehun edo seiehun urte bizi daiteke», zehaztu du Nafarroako basozainak.

Balmasedan, haritzetan eta pagoetan atzeman dituzte dendrotelmak. «Zuloak beti ikusi ditut zuhaitz zaharretan. Noski, enbor lodietan agertzen dira», adierazi du Sarasketak. Baina urriak dira arbola horiek, esan duenez: harizti zahar gutxi daude, pagoak apur bat gehiago, baina gaztainondo zahar-zaharrak hiltzen ari dira. «Zuhaitz zaharrak eremu oso konkretuetan daude, oso sakabanatuta. Beraz, haien arteko loturarik ez dago ia».

Nolabaiteko babesa

Egungo ekoizpen ereduak ere ez die mesede egiten dendrotelmei, Sarasketaren azalpenei erreparatuta, ez baitu denbora nahikorik lagatzen zuloak garatzeko: basozainak topatu dituen zulodun arbolak 50 urtetik gorakoak dira, gutxi gorabehera, baina espezien kudeaketa produktiboan, pinuak hazi eta 35 urterekin ebakitzen dira. «Ez diegu uzten zuhaitzei heldutasunera ailegatzen. Horregatik, zuloak ez dira agertzen».

Dendrotelma bat Urbasako parke naturalean. CARLOS GARCIA / NAFARROAKO BASOZAINAK
Dendrotelma bat Urbasako parke naturalean. CARLOS GARCIA / NAFARROAKO BASOZAINAK

Esplikatu duenez, Bizkaiko basoen zati handi bat jabetza pribatukoak dira, baina Enkarterri aldeko basoetan, jabetza publikoa da nagusi —Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen ditu—, eta hosto zabalen baso gehiago daude lurraldeko gainontzeko eskualdeetan baino. Hala ere, instituzioek produkziorako ere erabiltzen dituzte jabetzetako hainbat, eta horrek eragina du espezietan. «Asko produkziorako espezieak dira: pinua, gehienbat radiata. Orain, itsas pinua eta Douglas izeia ere sartzen ari dira. Baina Enkarterrin, eukalipto gutxi dago».

Arbola berrien artean, beraz, gutxik dirudite zahartzera eta zuloak edukitzera helduko direnik. Baina zer gertatzen da dagoeneko eratuta dauden dendrotelmekin? Sarasketaren arabera, dendrotelmak ez daude legez babestuta, baina bai zuhaitzak: Europan, habitat direktiba dago, zeinek habitat mordo bat jagoten dituen —hala nola hariztiak eta pagadiak—; eta Bizkaian, foru arau batek arbola hosto zabal ugari babesten ditu. «Babestutako zuhaitz bat ebakitzeko, aldundira joan behar da, azaldu behar da zertarako moztu nahi den, arbola topatu behar dugu, eta gero baimena eman irizpide batzuen arabera», azaldu du Sarasketak.

Zulo bat materia organiko hezez beterik, Ondarroako arbola batean, Bizkaian. BERRIA
Zulo bat materia organiko hezez beterik, Ondarroako arbola batean, Bizkaian. BERRIA

Urbasan, egur ustiaketak dira zulook galtzeko arriskurik behinena, Garciak nabarmendu duenez, baina hango basozainak erne egoten dira hori saihesteko. Nafarroan ere, dendrotelmak ez daude legez babestuta, baina basozainek euren gain hartzen dute lana: ustiaketarako zuhaitzak hautatzen dituztenean, markatu gabe uzten dituzte animaliek erabiltzen dituzten dendrotelmadun enborrak —hau da, zulo ingurua higatuta dutenak—, ebaki ez ditzaten. Zulo batean ura topatu arren, igartzen badute ez dagoela erabilia, ondorioztatzen dute ura erraz galtzen duela, eta ez dute kontserbatzen, Garciak esan duenez.

Animaliak, nora joan ezinda

Dendrotelmak biodibertsitaterako gako ere badira: haien habitatean ur iturririk topatu ezean, beste leku batzuetara mugitu beharko baitira animaliak. Aitziber Sarasketa Bizkaiko Basozainen elkarteko kidearen arabera, mendian abereak badaude, ura egon ohi da —hala naturalki, nola abeltzainek uraskak sortu dituztelako—, eta iturri horiek baliatzen dituzte eltxoek beren arrautzak jartzeko, adibidez. Eta animalia batzuk eremu zabalago batean heda litezke —ugaztunak eta txoriak, kasurako—, oinez edo hegan. Gaitzago dute beste izaki batzuek, ordea. «Kakalardoek ere hegoak dituzte, baina bere habitata mugatuagoa da», esan du Sarasketak. Ura non bilatu ez edukitzeak kaltebera bilaka ditzake intsektu horiek, hortaz.


Gainera, «habitataren zatikatzea» medio, lekualdaketok zaildu egin dira, basozainak esplikatu duenez. Izan ere, arbolen artean konexioa dago bai lurraren azpitik, baita gainetik ere —intsektuen, hegaztien, ugaztunen eta abarren bitartekaritzaz—, eta horrek ahalbidetzen du habitat eta ekosistema jakin bat mantentzea. Korridore ekologikoa deritzo fenomeno horri. Konexioak ez du zertan zabal-zabala izan, nahikoa da errepide bat egotea, baina korridorea hautsi daiteke arbolak mozten badira, edo bestelako espezieak uztartzen badira —harizti batean pinu eta eukalipto sortak landatuta, esaterako—. Korridore ekologikoetan barrena mugitzen dira animaliak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.