Bizitakoak biziz

Jon Rodriguezek eta Pello Alberdik osatu dute Biziz proiektua: bizikletaz egindako 379 eguneko zeharkaldia Afrikako eta Europako hainbat herrialdetan barna. Gobernuz kanpoko erakundeen lana bistararazi nahi izan dute, eta euren bidaiako bizipenak BERRIAren webguneko blogean jaso dituzte.

Bizitakoak biziz.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

«Jendeak ez ditu bidaiak egiten, bidaiek egiten dute jendea». John Steinbeck idazle estatubatuarrarena da hausnarketa, eta hausnar-une horretan daude oraintxe Jon Rodriguez (Ordizia, Gipuzkoa, 1997) eta Pello Alberdi (Hernani, Gipuzkoa, 1997): bizitakoak biziz, bidaiak haiengan egin duena neurtzen.

Amaitu baita, osatu dute: Biziz proiektua 2021eko irailean abiatu zuten, eta 2022ko abenduan burutu. Bizikletaz egindako 379 eguneko zeharkaldia izan da, Afrikako eta Europako hainbat herrialdetan barna, eta bananduta osatu dutena amaieran. Gobernuz kanpoko erakundeek herrialde horietan egiten duten lana bistaraztea zen bidaiaren helburua, eta bizitakoa BERRIAren blogean jaso dute.

Joan ziren Jon eta Pello, eta itzuli dira Jon eta Pello. Ez dira gai oraindik bidaiak eragin dien aldaketa neurtzeko. «Oraindik freskoegi daukagu. Bidaia bera une oro ari da aldatzen, baina zeu ez zara gai ikusteko aldatzen ari ote zaren. Esperientzia handia izan da. Ziur aldaketak izan ditugula gure baitan, baina oraindik ez gara horietaz konturatu», azaldu du Rodriguezek. «Denbora beharko dugu horretaz guztiaz ohartzeko», gaineratu du Alberdik.

Alberdi eta Rodriguez, elkarrekin, Tanzanian, Kilimanjaroren magalean. BIZIZ PROIEKTUA

«Esperientzia handia» izan baita. Hegoafrikan hasita, zeharkatu dituzte Zimbabwe, Zambia, Tanzania, Kenya, Uganda, Sudan eta Egipto. Europara gero, Greziara, eta bakoitza bere kabuz handik. Rodriguez, Peloponeso penintsulari bira emanez Meranora (Italia), Alpeak gurutzatuz Aosta haranera, Suitza gurutzatuz Luxenburgora, Parisera handik, Bordelera (Okzitania) gero, eta Ordiziara (Gipuzkoa) joan den abenduan. Alberdi ere Grezian zehar lehenengo, Italiara handik, Siziliara, Sardiniara hurrena, Bartzelonara handik, eta Hernanira (Gipuzkoa) joan den ekainean.

«Gustura» eta «helburua beteta» itzuli direla diote. Ezagutu dituztelako eta ezagutarazi dituztelako hainbat gobernuz kanpoko erakunde, eta euren jarduna. Kontaktuak eta erreferentziak jarri dituzte euren blogeko kontakizunean. «Denek dute hango bizimodua hobetzea helburu gisa. Oso oinarrizko gauzak lortzeko ari dira borrokatzen. Gogorra izan da batzuetan, baina oso aberasgarria», azaldu du Alberdik.

Kenyako Bamba Proyect erakundearen lana ezagutzen. BIZIZ PROIEKTUA

Ez da erraza tamaina horretako bidaia laburbiltzea. Blogean dago azalduta xehe-xehe, irudiz eta pasartez lagunduta. «Eguneroko bat geneukan koaderno batean eskuz idatziz joan garena. Eguneroko pasadizoak eta gogoetak bertan apuntatzen aritu gara. Gero, hiri batera iritsitakoan, bloga elikatzen genuen. Eguneroko horrek asko laguntzen zigun», esplikatu du Rodriguezek. «Giltzarria izan da blogari egitura bat ematen asmatzea, irakurlearentzat irakurtzeko erraza izango zena. Ordu asko izan dira bizikletan, eta beti zenuen buruan zerk merezi zuen blogerako gordetzea», gaineratu du Alberdik.

Hasierako «sustoa»

Izan ditu bidaiak mugarriak, zailtasunak, pozak eta tristurak. Aurreneko «sustoa» bidaiaren hasieran jarri dute biek: Hegoafrikan. Ia bi aste egin zituztelako bizikletak noiz iritsiko zain, baina ostatuko kide batek esandakoak «zalantzan» jarri zuelako hurrengo urratsa. «Zimbabwekoa zen, eta hara gindoazen gu. Esan zigun: 'Eskoltarekin joango zarete, ezta?'», gogoratu du Rodriguezek. «Dena apur bat gainera erori zitzaigun», Alberdik. Ordea, inguru haietan bizikletaz asko ibilitako bi txirrindulari adituren gomendioei segika prestatu zuten bidaia, eta haiek ez zieten halakorik esan. «Haien konfiantzari eta euskarriari esker egin genuen aurrera. Bi erreferentzia geneuzkan: esan ziguten Etiopiara eta Mozambike iparraldera ez joateko. Eta horri heldu genion».

Ilunabar eder bat, Sudango muino batean. BIZIZ PROIEKTUA

Izan ere, hori da bidaiak erakutsi dien gauzetako bat: inprobisatzen. «Heldutasun puntu bat lortu dugu. Hemengo gure bizimodua oso ordenatua da: etxea, lagunak... errutina erraz bat. Han, ez. Han, hau zen: 'Biok bakarrik gaude, ez dakigu zer herri den hau, inguruan daukagun jendea nolakoa den'. Inprobisatzeko gaitasuna erakutsi dugu», nabarmendu du Alberdik. Eta Zimbabweko gobernuz kanpoko erakunde bateko kideak esandakoa ekarri du gogora Rodriguezek: «'Afrikan ezin da planik egin: Afrikak egiten ditu planak zuretzat'. Hala da».

Mugetako «tentsioa» dute gogoan, hirietako «kaosa», eta herrixketako biztanleen «eskuzabaltasuna». Egin dute lo bertakoen etxeetan, kanpinean, sabanan, desertuan eta mendian. «Sabanan galdutako herrixketan egon gara. Inoiz zuririk ikusi gabeko haurrekin. Munstroak ginen haientzat, ihes egiten ziguten negarrez», dio Alberdik. Hartu dituzte itsasontziak, trenak eta furgonetak. Eta ohitzen eta eskarmentua hartzen joan dira bidean: «Lehen etapetan gure kezka zen non lo egin, zer jan... horrek okupatzen zuen gure pentsamendua. Gero konturatzen zara jada ez dela horren garrantzitsua: beti dagoela non lo egin eta zer jan. Eta hasten zara gogoetan dituzun bizipenen inguruan».

Bi bidaiariak, Sudango basamortuan, errepide zartatuan barrena. BIZIZ PROIEKTUA

Gaixoaldirik apenas izan duten, eta matxurak ere gutxi. Konfiskatu nahi izan zieten dronea, eta hura gabe bueltatu dira. Egin zieten lapurreta bat, eta orduantxe bidaiako unerik gogorrena: «Poliziak lapurra atxilotu zuenekoa». Arrazoi zuen Steinbeckek: «Bidaiek egiten dute jendea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.