Frantziako armadak 1810ean itsasoratu zuen Méduse. Berrogei kanoidun fragata hura Gerra Napoleonikoetan ibili zen, eta 1815az geroztik, gatazka bukatu ostean, garraiorako erabili zuten. Hala, 1816ko ekainean, Senegalgo okupazioa berresteko asmoa zuen Frantziako flota baten parte zen Méduse, eta laurehun lagun zeramatzan hara, besteak beste frantses ofizial mordo bat, Hugues Duroy de Chaumareys bizkondearen agintepean. Ez zen helmugara iritsi. Alkoholak harrotuta beharbada, bizkondea gainerako ontzietatik urrundu, eta maniobra arriskutsuak agintzen hasi zen, harik eta Méduse Arguingo badian hondoratu zen arte, Mauritanian.
Bizkondeak, ofizialek eta tripulazioko beste kide batzuek txalupetan ihes egin zuten kostaldera; beste kide batzuk itsasontzian bertan geratu ziren, eta 150 lagun inguru, berriz, 15 metro luze eta 8 metro zabal zen baltsa inprobisatu batean atera ziren. Bi asteren ondoren, Frantziako flotako beste ontzi bat heldu zenean baltsakoak erreskatatzera, hamabost gizon baino ez ziren geratzen. Bizirik irauteko, gosez ez hiltzeko, elkar hil zuten; zaurituak itsasora bota zituzten haien janaria eskuratzeko, eta kanibalismora ere jo zuten. Gertakariak eskandalua piztu zuen garai hartan Frantziako gizartean. Ezbeharra izan eta hurrengo urtean, Duroy de Chaumareys bizkondeari hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten gerra kontseilu batean. 1819an, gaia hizpidera ekarri zuen ostera Theodore Gericault pintoreak Méduseren baltsa artelanarekin, gordinki irudikatu baitzuen baltsako egoera: ohol multzo estu batean, hogei bat gizon metatuta, haietako batzuk hilda.
Gizartearen ezinegona eta ondorio politikoak gorabehera, halako istorioetatik zerak pizten du Julian Diaz ikerlariaren interesa: zelan jokatzen zuten naufragoek? Zer-nolako harremana eratzen zen haien artean? Nola konpontzen ziren bizirik irauteko? Noraino hel liteke gizakia heriotzari izkin egiteko? «Halakoetan, egoera hau da: edo zu aterako zara bizirik, edo ni. Badakigu batzuetan zozketaz ebazten zela. Baina beste batzuetan, ez. Naufragoen artean harreman estua bazegoen, ondoriozta dezakezu arazoa nola konponduko zuten. Baina tripulazioko giroa ez bazen ona naufragioa baino lehen, aiztokadaka ibiliko ziren».
Hamar iraupen istorio bildu ditu Diazek Robinson erakusketan. Bilboko Itsasmuseumen bisitatu ahal izango da ekainera arte. Hainbat herri eta ozeanotan jazotakoak hautatu ditu, XVI. mendetik XX.era artekoak. Bakoitzaren azalpen labur bat paratu dute, eta irudiak erabili dituzte egoerak azaltzeko: XVI. eta XIX. mendeko egileen zenbait lan grafiko berreskuratu dituzte, eta Eva Gutierrezek propio egindako zintekin jantzi dute erakusketa. Gericaulten obraren erreprodukzio bat ere ipini dute. «Istorio oso garrantzitsuak dira, ez baita halako gehiagorik egongo», gogoetatu du Diazek. «Orain dela gutxi, adibidez, Espainiako emakume bat desagertu zen Kolonbian, eta hiru egunez egon zen oihanean. Baina arraroa da iraupen istorio luzeak egotea gaur egun. Niretzat, beraz, altxor txikiak dira».
Errealitatea eta fikzioa
Andres Urdanetaren eskuizkribu bat izan zen hauspoa. Garai hartako Ameriken historian, nabigazioan eta geografian oso jantzia zen beste iturri baten hitzak jaso zituen Urdanetak agiri hartan. Eta iturri horrek, besteak beste, naufragio bikoitz baten berri ematen du. Karibe itsasoan gertatu zen. Maisu Juan eta Tomas izeneko bi gizon erreskatatu zituzten uharte ñimiño batetik, denbora luzearen ondoren —zortzi eta hamabi urte egin zituzten han, hurrenez hurren—. Urdanetaren eskuizkribuko iturriak Maisu Juanengandik jaso zituen zuzenean istorioaren nondik norakoak, xeheki: itsas lehoien odola edanez lortu zuten egarriari aurre egitea, kasurako. Iturriak naufragoaren begien kolorea ere aipatzen du, Diazek nabarmendu duenez.
«Harrituta geratu nintzen, orri horietan kontatzen dena bestela kontatzen baita beste leku batzuetan». Hiru bertsio daude. Inca Garcilaso historialari eta militarrak Pedro Serrano izeneko tipo baten naufragioa xehatu zuen liburu batean, XVII. mendean. Baina, egiaz, Pedro Serrano hura ez zen existitu, fikziozko pertsonaia bat da, Diazen arabera. Halere, Espainiako Indietako Artxiboan badago istorio bera jasotzen duen beste dokumentu bat, baina analfabeto batek adierazia eskribau bati. Eta Urdanetak jagondako bertsioa desberdina da aurreko bien aldean. «Harreman pertsonalei ere heltzen die: zer gertatu zen? Nola? Nola hil ziren batzuk, nola iraun zuten bizirik besteek?».
Soldata izatearen garrantzi historikoa
Julian Diaz ikertzailearen ustez, emakumeak desagerturik daude dokumentazio historikoan, oro har. Hainbat dira «diskriminazio» horren arrazoiak: soldata jaso ez izanak zerikusi handia du, esplikatu duenez. Izan ere, eskuragarri dauden dokumentu historiko asko eta asko kontularitzako agiriak dira. Dokumentu horiek gordetzen ziren, aurrena, ordainagiriak zirelako —gastuen berri ematen zuten—, eta, ondoren, munta historikoa dutelako. Emakumeek, normalean, ez zuten soldatarik kobratzen; beraz, ez zituzten aipatzen agiri horietan.
«Nork egiten zuen ogia barkuetan? Ez da inon ageri. Okindegiaren jabea baino ez da aipatzen, hark sinatzen baitzituen fakturak». Salbuespenen bat badago, ordea. Joan Sebastian Elkano nabigatzailearen garaian, Sevillatik (Espainia) abiatzen ziren Espainiako Koroak finantzatzen zituen espedizioak. Alabaina, Elkanoren azken espedizioa Coruñatik (Galizia) atera zen. Bidaia hartarako, Espainiako armadak ez zuen okindegi batekin moldatu ogiaren kontua, baizik eta beharginak kontratatu zituen propio ogia egin zezaten. «Bat kenduta, gainerakoak emakumeak ziren», nabarmendu du Diazek. «Eta agirian ikus daiteke, halaber, andreek gizonaren erdia edo gutxiago kobratu zutela».
Material hori eskuratuta, beste istorio batzuen bila hasi zen Diaz. Dagoeneko 23 topatu ditu —antzinakoena XV. mendekoa da—, eta haietatik hamar aukeratu ditu, «ikusgarrienak», erakusketa ontzeko. Ezinbestean, Daniel Defoeren Robinson Crusoe nobela (1719) da bildumaren haria. Fikziozko lana da, baina badu zerbait errealitatetik ere: Inca Garcilasok asmatutako istorioa izan baitzen liburuaren inspirazioetako bat —«garai hartan, ez zekiten Serrano inpostorea zenik»—, eta Alexander Selkiriken bizipenetan ere oinarritu zen Defoe. «Fikzioak errealitatera egin du salto. XIX. menderako, halako egoeretatik bizirik ateratako guztiei robinsonak deitzen zieten bidaia liburuetan».
Diazek jasotako pasadizoak benetan gertatu ziren, baina dokumentuen urritasunak eta iturrien interesek errezeloak pizten dizkiote ikertzaileari. Izan ere, bizirik ateratakoek ematen zuten gertatutakoaren berri, eta, hortaz, ez dago haien kontakizuna egiaztatzeko modurik. Muturreko egoera horietan, pentsatzekoa da sarri hilketak egongo zirela, bidegabekerietara joko zutela, bestela ezinezkoa baita itsaso zabalean edo uharte idor batean hainbeste denboran bizirik irautea, Diazek gogorarazi duenez. Baina zer adieraziko zieten erreskatatzaileei? «Ezin zuten gertatutako guzti-guztia esan», hausnartu du ikerlariak, besteak beste lege aldetik ondorioak izan zitzaketelako. «Istorio guztietan atzeman dut bat ez datorren zerbait».
Non daude andreak?
Narrazio herrenek galdera andana bat eragiten dute, horrenbestez. Esaterako, jakina da ezbeharretako batzuetan emakumeak ere egon zirela, baina desagertuak zirela naufragoak erreskatatzean. Hori da Diazen beste jopuntuetako bat: andreen ekarpena ikusaraztea. Arakatuagatik, papurrak baino ezin izan ditu bildu: bi istorio besterik ez.
«Iraupen istorioetan, egoera hau da: edo zu aterako zara bizirik, edo ni. Badakigu batzuetan zozketaz ebazten zela. Baina beste batzuetan, ez»
JULIAN DIAZIkerlaria eta erakusketako komisarioa
Marguerite La Rocquerena da bat. Margueriteren osaba, François La Rocque, Frantzia Berriko gobernadore izendatu zuten 1540an —egungo Kanada—, eta espedizio bat antolatu zuten hara; itsasontzian, haren iloba Marguerite ere bazihoan, eta bidaian tripulazioko gazte batekin maitemindu zen. Osabaren aginduz, Ternuako uharte batean abandonatu zituzten Marguerite, haren maitalea eta neskamea, eta emakumeak bost bat urte eman zituen han. Bien bitartean, hil egin ziren neskamea, maitalea eta harekin izandako haurra, eta Marguerite baino ez zen bizirik atera; bi urte inguru egin zituen bakarrik, aterpea babesten, jan ahal izateko ehizatzen. Beste istorioko protagonistaren izena ezezaguna da. Kanadako tlitxo etniako kide bat zen. Eraso egin zieten, eta emakumea bahitu zuten, baina hark, ihes egin, eta basoan ezkutatzea lortu zuen, 1772an.
Protagonistengandik jasoak dira bi istorioak, baina bistan da nolakoa zen haien balentrien inguruko interesa: orri eskas batean xehatu zituzten emakumeon lekukotzak. «Emakumeak ez dira agertzen. Baina, egon, bazeuden», azpimarratu du Diazek.