Udako proposamenak

Bizirik dirauen kantorea

Zuberoako 'Bereterretxen khantoria' abesti epikoa oinarri duen 'Bereterretx' ikuskizun berria mustuko du gaur Pier Paul Berzaitzek, Kanbon.

Pier Paul Berzaitz abeslari eta konpositorea, entsegu batean. ELKAR
Pier Paul Berzaitz abeslari eta konpositorea, entsegu batean. ELKAR
inaki rubio
2024ko uztailaren 23a
05:00
Entzun

Euskal Herrian ere bada tragedia epikorik, maitasun ezinezkoak eta zaldun ausarten arteko liskarrak kontatzen dituenik. Ospetsuena izanen da, akaso, Zuberoako Andoze ibarrean jazotako krimena kontatzen duen Bereterretxen khantoria. XV. mendean jazo zen, eta lau mendez pasatu zen ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi, nehork sikiera idatzi gabe. Doi-doi iritsi da gaurdaino. Izan ere, XIX. mendean papereratu zuen abestia lehenengoz Mauleko Sallaberri idazleak, Chants populaires du Pays Basque (1870) liburuan. Ozazeko (Zuberoa) Jean Jaurgain ikerlaria ere mintzatu zen khantoriaz, Zuberoako Legenda Zenbait (1899) liburuan. 

Ondotik, hamaika izan dira negar kanta mitikoa moldatu duten artistak. Esaterako, Iruriko (Zuberoa) Etxahun idazlea izan zen abestia oholtzaratzen lehena, 1958an ondu zuen Bereterretx pastoralaren eskutik. Mikel Laboak doinua jarri zion urte batzuen buruan, 1965ean, eta Pier Paul Berzaitz muskildarrak (Zuberoa) 2005ean ondu zuen Bereterretx pastoral berria. Hain zuzen ere, istorioa beste erritmo batez kontatu asmoz, musikal gisako ikuskizun berria prestatu du oraingo honetan Berzaitzek, eta gaur estreinatuko du Kanbon (Lapurdi), ordu eta erdi iraunen duen emanaldian. Lilia kultur elkarteak aurkeztuko du, eta Arnagako Lorategian izanen da, 21:00etan; 13 euro ordaindu beharko da sartzeko.

(ID_17212894787035) Pier Paul Berzaitzen \'Bereterretx\' ikuskizunaren afixa
 Berzaitzen Bereterretx ikuskizunaren afixa.

Krimenaren arrazoia

Legendaren arabera, Leringo (Nafarroa) konde Luis Beaumondarrak hil zuen Larraineko (Zuberoa) Bereterretx izeneko gazte agaramontarra, lehenak Mauleko gazteluzain kargua hartu zuenean. Krimenaren arrazoia, ordea, ez da aski ziurra, eta bi dira teoria nagusiak. Lehen hipotesiak arrazoi politikoa izanen luke gibelean, Berzaitzek esan duenez: «Hainbat ikerlarik diotenez, Bereterretx sendiaren etxea bide erdian zen, eta bertan biltzen omen zen Agaramont leinuko jendea, eta bi leinuak gerlan zirenez...». Hortaz, leinuen arteko liskarrak eragin izan zukeen hilketa. 

Beste batzuek, ordea, debekaturiko amodio baten historia dute arrazoitzat. Antza, Leringo kondeak eta Bereterretxek emakume bera maite zuten, Etxebarreko (Zuberoa) Ezpeldoi etxeko Margarita, alegia. Bereterretx sekretupean ezkondu zen Margaritarekin, agaramontarraren ama Marisantzen eta herriko apezaren laguntzaz. Leringo Jaun Kuntiak, ordea, harrapatu egin zituen, eta Bereterretx bera hil zuen Margaritaren etxe aurrean, gaztea engainatu ostean. Berreterretx ehortzi zuten lur pezan ikus daiteke bera oroitzen duen hilarria. 

Oraindik ere harrigarria da pentsatzea nolatan iraun duen hainbertze kantoreak ahozko tradizioan, sei menderen ostean. «Ni oroitzen naiz haurtzaroan nire etxean bazekitela; oso ezaguna da abestia, baita Euskal Herrian ere». Berzaitzen ustez, berezia da oso kanta hori zuberotarrendako: «Krimen horrek sortu zuen halako emozioa edo beldur handi bat zuberotarrengan, eta horregatik iritsi da, apika, guregana». Azpimarratu nahi izan du abestiaren egilearen abilezia: «Olerkari anonimoak detaile askorekin kontatzen du hamabost kopletako bakoitza; oso kantu sakon eta ederra da».

Ikuskizun ikusgarria

Kondaira epikoa oinarri harturik ondu du Berzaitzek ikuskizun berria. «Dantza berriak egonen dira, musika berriarekin; lau zatitan banaturiko musikal liburu bat izanen da». Preseski, Belatza taldeko musikariak ariko dira khantoriari doinua jartzen, Philippe de Ezkurraren zuzendaritzapean; berau berak sortu ditu ikuskizuneko musika eta melodiak. Halaber, Gipuzkoako Oinkari eta Zuberoako Berritz’ Hats taldeetako dantzariek irudikatuko dituzte Larraineko populua eta Leringo Kondearen zaldunak, baita Margarita eta Marisantz ere, besteak beste. Jean Mixel Bedaxagar, Michel Arotze eta Magali Zubillaga ariko dira kantuan Berzaitzekin batera. «Sentimendu handiko abestia da; Zuberoa agertzen diogu publikoari, Basaburuko Ibarrezker eskualde polit hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.