Bizirik dagoen hizkuntza

Luistxo Fernandezek bisita gidatua egin du 'Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean' erakusketan: euskara nola ikusi eta bizi duen azaldu die hara joandako lagunei.

Hogei laguneko talde batekin, bisita gidatua egin zuen Luistxo Fernandezek ostegunean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2013ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Hogei lagun inguru bildu ziren ostegunean Donostiako San Telmo museoan, Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketa bisitatzeko asmoz. Azarotik, estreinatu zutenetik, bisita gidatuak egin dituzte astero, gonbidatu bereziekin. Ostegunean, Luistxo Fernandezen txanda izan zen, Codesyntax enpresaren sortzaileetako bat.

Euskara eta haren inguruko hiru hizkuntzak —gaztelania, frantsesa eta ingelesa— entzun daitezkeen gunea atzean utzita, Mikel Laboa abeslaria zena erakusten duen telebistaren aurrean egin zuen lehen geldiunea Fernandezek; gauza ulergaitzak esaten ageri da Laboa. «Ezagutuko duzue gizon hau. Esanahi handiko pertsona, kasu honetan, ez da ezer esaten ari», azaldu zuen Fernandezek. Alboan testu bat du, eta Fernandezek —lehenagotik bitan egona zen erakusketan— zerbait berria sumatu du bertan: «Begira, ergatibo bat falta zen, eta badirudi Zaldieroak Yoda bidali duela ergatiboa itsastera!».

Axularren esaldi bat ageri da zenbait kode eta alfabeto erakusten dituen gelan: «Dabilen harriari etzaika goroldiorik lotzen». Eta hein batean, hori izan zen Fernandezen bisitaren ildoa, hau da, hizkuntza batek, bizirik dagoen heinean, mugitu egin behar duela. Alde horretatik, bizirik dagoen hizkuntzak garaian garaiko teknologia eta baliabideetara egokitu behar du. Internet da, egun, euskarri esanguratsuenetako bat, eta Twitter mundu osoko jende andana mugitzen duen sarea. Bada denbora bat Fernandez horretaz ohartu zela, eta Mila intelektual Twitterrera kanpaina abiatu zuen. Haren blogean (Ingelesen Hilerria) ateratako artikulu batean dio zerbait interesgarria esateko duen orok egon beharko lukeela bertan: «Gutariko bakoitzak ezagutzen du Twitterren guk baino gauza garrantzitsuagorik esango lukeen pertsonarik. Konbentzitu ditzagun, bakoitzak bana».

Erakusketan, pertsona ezagunen aipuak daude zintzilikatuta; tartean, Umberto Ecoren bat: Europako hizkuntza itzulpena dela dio. Fernandezi mesfidantza sortu zion duela gutxi hark esandako beste zerbaitek: «Entzun diot Internet kulturaren akabera dela...».

XXI. mendean, informazioaren teknologiak dira boom-a, baina euskarri berrietarako aldaketak beti izan dira historian. Adibidez, liburuetarako jauzia egin zenean, euskaraz idaztearen garrantziaz segituan jabetu zen Bernart Etxepare, Fernandezen ustez: «'Euskara jalgi hadi plazara' idatzi zuenean, oso kontziente zen Linguae Vasconum Primitiae euskaraz argitaratutako lehen liburua zela».

Erabili, maitatu, ikasi eta irakatsi izena daraman gunean, bada ziberkomunitateari eskainitako txoko bat. Terminoa bera (ziberkomunitatea) eta antzeko terminoak —birtual, eta abar— soberan daudela uste du: «Eguneroko bizitzaren beste kanal bat da Internet, eta euskara hor dago, bizirik dagoelako». Behin, Kike Amonarrizi «ludolinguistika» hitza entzun zion; umorea euskaraz egiteko gaitasunari eusteko beharrari erreferentzia egiten dio. Fernandezek ere horren garrantzia nabarmendu zuen: «Twitterren bada Aditz Trinkoaren Erret Akademia —@trinkotzaindia—, eta aditz trinkoak asmatzen dituzte, beste erabiltzaile batzuen laguntzaz. Horrela sortu dira, adibidez, datsegit (atsegin dut) edo daitort (aitortzen dut)aditzak».

Estaturik gabeko hizkuntza

Umorea eta seriotasuna tartekatu zituen Fernandezek. Erakusketako zenbait daturekin ez zen ados agertu, batez ere, euskal hiztunen datuei zegozkienekin. Euskara mundu eleanitzean gunean, borobilen bidez adierazi dute Europako 68 hizkuntzek zenbat hiztun dituzten: euskarak, milioi bat hiztun omen ditu. Fernandezek ezetz, ez zuela sinisten: «Nire ustez 100.000 baino ez gara euskaraz ongi moldatzeaz gain euskaraz bizi garenak. Hainbeste bagina, igarri egingo litzateke, eta ez da horrela». Horregatik, Fernandezek etxean egin zuen bere ustez euskarari dagokion borobila, erakusketakoa baino txikiagoa.

Erakusketaren arabera, hizkuntza bat bizirik dago, beste gauza batzuen artean, sortzailerik badu, aldatzen bada, araurik badu eta komunikabiderik badu. Baina, horien artean zerbait falta zuen Fernandezek, eta bi pertsonen esanak aipatu zituen. Bata Vincenç Villatoro Kataluniako Institut Ramon Llul erakundeko zuzendariari entzuna: «Hizkuntza batek estatu propioa behar du». Bestea, ildo berean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik esana: «Estatu batekin, euskara agian biziko da, edo agian ez. Baina estaturik gabe, seguru ezetz».

Fernandezek horrekin bat egiten du, baina errealitatea bestelakoa da. Euskara, estaturik ez izateaz gain, hiru eremu politikotan banatuta dago. Bere burua pesimistatzat jo zuen —«Koldo Izagirre bezala, baina hura ni baino sakonago»—, eta paretean zintzilikatutako haren aipu bat irakurri zuen: «Gure territorioa euskaraz egin litekeen edozein gerizpe da, baina non ote da euskaldunok hartuko gaituen gerizpe hori? Non da lurrari herri esan geniezaiokeen lurra?». Fernandezek erantzun dio: «Hemen ez bada, euskara ez da beste inon izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.