Gaurko egunez, duela bi urte erre zen Marijaia azkenekoz. 731 egun igaro dira ordutik, eta ez da mekanotuborik Bilboko Areatzan. Gargantua gosez eta Marijaia errautsetatik birsortu ezinik, hau izaten ari da Aste Nagusirik gabeko bigarren urtea. Galera sinbolikoaz harago, diru premiak eta kide berrien aktibazioak «kezkatu» egiten ditu Bilboko Konpartsak; besteak beste Piztiak, Mekauen, Abante eta Kaskagorri.
«Jai herrikoi eta parte hartzaileak mantendu eta gal ez daitezen egiten dugun lana militantzia da», Eunate Sarasola Piztiak konpartsa antiespezistako kidearen ustez: «Emaitzarik ez ikusteak nekatu eta desgastatu egiten gaitu». Irati Sienra Mekauen konpartsa internazionalistako kide da. «Diskurtso eta borrokei ikusgaitasuna» emateko, haien «apustuetako» bat da Zirika herrigunea: «Mugimendu eta ekintza asko antolatzen dira bertan, eta Aste Nagusia ez egiteak arriskuan jartzen du bere bideragarritasuna». Iaz hasi zuten finantzaketarako bazkidetza kanpaina.
Abante eta Kaskagorriko kide dira Iñigo Fernandez de Martikorena eta Artzai Goieaskoetxea. Konpartsa euskalduna eta euskal kazetaritzari lotua da bata, gazteena bestea. Fernandez de Martikorenaren iritziz, «gutxien axola duena» da jaiak ez antolatzeak dakarren hutsune ekonomikoa. Goieaskoetxea ere ados dago horretan: «Guretzat Aste Nagusia bilgunea da; auzi ekonomikoak eragiten digu, baina gutxienekoa da». Aparteko ezer ez dute antolatu dirua biltzeko, «beste konpartsa batzuek behar handiagoa daukatelako, eta ez oztopatzeko».
Kaskagorriko kideek hogeimetroko dorrea eraikitzen dute urtero Arriaga atzealdean. Goieaskoetxeak dio Aste Nagusian kide berriak sartzen direla, eta konpartsa ezagutzen hasten direla: «Aurten ez da egon kide berririk; hurbildu da jendea, baina kasu bakanak izan dira». 28 urtetik aurrera «jubilatu» ohi dute jendea konpartsan, baina «jaiak berriz egin arte jarraituko dute gehienek». Aitortu du Aste Nagusia «berreskuratu» arte zaila izango dela kide berriak «erruz» lortzea.
Fernandez de Martikorenakaipatu du Aste Nagusia izaten dela konpartsa handitzeko garaia: «Argi nabaritu dugu jende berria ez dela sartu, konpartsarik ez delako egon kalean; txosnek jende berria erakartzen dute».
Sarasolak adierazi du hainbat «kanpaina» antolatu dituztela, informazio antiespezista banatzeko, eta esan du jendea joan dela: «Motorra badago; indarrari eusteko konpromisoa behar dugu».
«Gaitasuna erakutsi dugu»
Sienrak uste du gazteei bi urte «lapurtu» zaizkiela, baina jaiak berriz «gogotsu hartuko» dituztela: «Erdiko belaunaldiak ez galtzean dago kontua».
Iaz ez bezala, Bilboko Konpartsek, Bilboko Irria izenpean, ekitaldiak antolatu dituzte. Goieaskoetxeak «esperantzaz» hartu du egitaraua: «Aurten gauzak egingo ditugunez, indartzen hasi gara berriro, nahiko abiadura handian. Beraz, bizirik gaude». Sarasola kexu da udalak hartu dituen neurriengatik: «Mugatuak dira, eta zaildu egiten dute ekintzak garatzea».
Era horretan mintzatu da Sienra ere: «Eragina du udalak eta instituzioek jai herrikoiak arduragabeak diren mezuak zabaldu izanak». Bi urte hauek «gogorrak» izan direla nabarmendu du: «Guk ez dugu gutxiesten pandemia zer den. Ez diogu balioa eta garrantzia kendu nahi, baina ikusten dugu hartzen ari diren neurriek goratu egiten dutela bakartze soziala eta indibidualismoa». Konpartsetako kideak «mugimendu sozialetako» kide direla erantsi du, eta «bizitzak erdigunean» jarriko dituen eredua nahi dutela: «Komunitatearen saretzeak aurrera jarraitu behar du, betiere segurtasun neurriak hartuta». Udalak egitarauaren zati bat «zentsuratzeak» hori galarazten duela salatu du: «Konpartsak gai gara. Gai bagara urtero-urtero Aste Nagusia antolatzeko, gai gara segurtasun neurri guztiak mantenduko dituen Bilboko Irria antolatzeko. Antolakuntzari dagokionez, gaitasun handia erakutsi dugu».
Sienra kide den Mekauen konpartsak «pandemia baliatu» izana egotzi dio udalari: «Konpartsak eta gure lana ezkutatu nahi dituzte eta gu kriminalizatu». Sienraren ustez, udalak ez du giroa nahasi nahi hedabideetako goiburuekin: «Ulertzen dugu beldur izatea tituluak egon daitezen. Baina gugan konfiantza eduki beharko lukete». Dagoen eskaintza kulturala «ordainpean» delako kezka agertu du: «Konpartsek antolatzen ditugunak parte hartzaileak eta dohainik izatea da arazoa?».
Aurrera begirako helburu gisa du Goieaskoetxeak Kaskagorri «ezagutaraztea»: «Bizirik gaudela erakutsi nahi dugu, ez gaudela geldirik eta segurtasun neurriak betez antolatzen jarraituko dugula». Sarasolak eta Piztiak-eko beste kideak «kaleak hartzeko irrikan» daude: «Betiko ilusioarekin jai herrikoi, antiespezistak kolektibizatzeko. Denok lekua izango dugunak».
Abanteren «erronka» egoera berrira moldatzea izango dela esan du Fernandez de Martikorenak: «Ekonomikoki eta sozialki bizitza hainbat zentzutan aldatuko da. Konfinamenduak eta distantzia sozialak asko aldatuko ditu jarrera batzuk, eta horrek eragina izango du jaietan ere». Kulturgintzaren barruan duten lekua antolatzaile gisa ulertzea da gakoa, haren iritziz: «Gu ez gara honetaz bizi. Antolatzaile gara, eta eskaintzen duguna topagune kolektibo bat da». Izurriaren kari agertu diren aldarrikapenak aditzeko beharra nabarmendu du: «Euskal kulturgintzak grebaren bidez eta soinu teknikariek sindikatua sortuz, argi utzi dute egoera orokorra ez dela batere ona».
Diziplina askotan teknikari
Gorka Agirre Teknikariok sindikatuko kidea da. Iazko udarekin konparatuta aurtengoa «antzekoa» dela adierazi du: «Jaietan kontzertu, ekitaldi eta megafonia asko ipintzen dira, eta horrek lan handia eskatzen zuen».
Salatu du antolatu diren ekitaldi «alternatiboek» ez dutela konpentsatzen: «%60 lan gabe daude. Jende askorentzat bigarren uda da jarraian». Ekitaldiak «estigmatizatuta» daudela gehitu du: «Esan ohi dute eginez gero kutsatuko garela, jendea deskontrolatuko delako, baina hori ez da egia. Aulkiak distantzian jartzen dira, maskara derrigorrezkoa da eta sarrera-irteerak kontrolatuak dira». Lan baldintzez kexu da: «Diru gutxiago dago, eta teknikarioi eskatzen zaigu diziplina askotan aritzeko gai izatea. Nahiko frustratuta eta galduta gaude».
Bizirik, baina hauspo beharrez
Bi urte dira Bilboko Konpartsek Areatzan txosnarik jartzen ez dutela. Kaskagorri, Mekauen, Abante eta Piztiak-eko kideak «indartsu» daude, baina «lankidetzarako»premian, ekonomikoki eta sozialki urteari aurre egiteko. Musika teknikarientzat ere gogorra izaten ari da urte hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu