Abuztuko egunek markatzen dute festen egutegia. Hilabeteek aurrera egin ahala, Nafarroako herri askotan txupinazoak izango dira herritar guztien ilusio, eta, gaurtik aurrera, Burlata (Nafarroa) izango da bizipozaren iturburu. 12:00etan piztuko du suziriaren metxa Ruben Pascual kirolariak; iraupen eski moldatuko txapelduna da, baita atletismokoa ere. Herri galdeketa bidez aukeratu zuten burlatarrek Pascual. «Zoragarria izan da, oso pozik jarri nintzen; ez nuen espero», esan du Pascualek, albistearen berri izan zuenekoagogoratzean.
Aurten ere, ikurrina ikusi ahalko da Burlatako udaletxean. «Azken 40 urteetan bezala, txupinazo egunerako balkoian jarriko dugu ikurrina», zehaztu du Txema Noval alkateak.
Eta suziriaren eztandaren ondotik, festetan murgilduko dira burlatarrak. Egitarau zabala dute aurretik. Udalaren programa ofizialarekin batera, bestelako kolektiboek antolatutako ekintzek aberastuko dituzte festak. Gaur, Etxean nahi ditugu herri bazkaria antolatu da txosnetan, 14:00etan. Bazkaldu ostean, 18:30ean, abiatuko da Karrikadantza Larrañeta plazatik, erraldoi eta buruhandien konpartsa, txistulariak dantzariak, gaiteroak eta musika bandekin. Era berean, peñak Axular elkartetik aterako dira, herrian barna ibilbidea eginez. 03:00etan, DJ Txulok Aldabea peñan joko du.
Bihar, herri potxada antolatu da Euskal Herria peñan, 15:00etan. Eta arratsaldean, Irrien Lagunak kluba arituko da txosnetan, haur txiki eta handien aurpegiak alaitzen. 19:00etan izango da ekitaldia.
Eta, gauean, armairuko mozorroak kaleratzeko ordua iritsiko da, mozorroen festa egingo baitute txosnetan, 21:30ean hasita.
Euskal giroa
Herriko jaietako hurrengo egunetan ere presente egongo da giro euskalduna. Asteazkenean, esaterako, Burlatan Kantuz egitasmoa egingo da. Herriko kaleetan barna kantuan ariko dira herritarrak, bazterrak alaituz. Iluntzean, Ken Zazpi taldea arduratuko da gaueko giroa alaitzeaz. Gazte gunean emango du kontzertua talde gernikarrak.
Alkatearen hitzetan, berriz, gazte guneak hartzen du festetako aurrekontuaren zati handiena, «kontzertu handienak» hantxe egingo baitira. Festen azken egunean, abuztuaren 19an, esaterako, DJ Jotatxok eta En Tol Sarmiento musika taldeak joko dute.
Festak Burlatan
Bizipozaren iturburu
Herritarrek aukeratzen dute nork botatzen duen jaietako suziria Burlatan; aurten, Ruben Pascual kirolariari tokatu zaio. Euskal giro aparta topatuko du herrira agertzen denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu