Bizipoza dute helburu, eta Bizipoza jaia egin ohi dute. Aurtengoa Villabona-Amasan izango da (Gipuzkoa), gaur eta bihar. «Bide luze baten osteko fruitua izango da». Auzolanean, ekintzaz beteriko asteburua prestatu dute antolatzaileek.
Dantzaz gozatzeko tartea izango da gaur. Herriko Oinkari dantza eskolak urtero ikasturte amaieran egiten duen saio berezia are bereziagoa izango da aurten, Bizipozarekin elkarlanean prestatu baitute. Bi emanaldi egingo dituzte, bata 12:00etan eta bestea 18:30ean, Olaederra kiroldegian.
Euskara eta kultura
Oinkariko eta Bizipoza elkarteko kideek «euskaratik eta kulturatik» abiatuz ulertzen dute dantza, «sare eta tresna» gisa. Balio horiek oinarri izanda, herria eta ibarra dantzan jarri nahi dituzte bi emanaldietan. Horrez gain, emanaldiak baliatuko dituzte aitortza egiteko Aiztondo ibarrean, Anoetan eta Iruran elkartasuna oinarri dutela lanean ari diren taldeei.
Biharkoa izango da, baina, egun handia, eta bi gune prestatu dituzte ekintza guztiak egin ahal izateko: Errebote plaza eta Berdura plaza. Askotariko ekintzak egingo dira Errebote plazan: kalejirak, kantu jira, ikuskizunak, elkarteen postuak, emanaldiak, pailazoen saioak, eskulanak eta ekintzak... Berdura plazan, berriz, ogitartekoak eta pintxoak emango ditu Etiopia Utopia elkarteak.
10:00etan ekingo diote egunari. Loatzo musika eskolako lagunek kalejiran zeharkatuko dute herria. Go!azen-eko aktoreen txanda izango da ondoren, ikuskizun berezia prestatu baitute. Amaitzean, 11:30etik 13:30era,jolasteko eta eskulanak egiteko bi gune egongo dira plazan haurrentzat. Eskertze eta aitortza ekitaldia egingo dute ostean.
Bazkaldu eta gero, Eresargi abesbatzako kideek emanaldia egingo dute, 15:00etan. Haien ondoren, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Irri, kantu eta dantza ikuskizuna aurkeztuko dute. Azkenik, eguna borobiltzeko, Xabi Solanok eta ZigorDZ-k kontzertua emango dute.