Herritar bat atzerrikoa dela eta legezko paperak lortu arte pasatu behar dituenak kontatzea. Zenbait emakume etxeetan zaintza lanetan zer baldintzatan ari diren jasotzea. Funtsean, pertsona edo kolektibo bati buruz idazterakoan, testuingurua eman behar dugu». Pobreziarekin lotutako bizipenak edo bestelako informazioak argitaratzeko orduan, testuingurua ematea funtsezkoa dela esan zuen atzo Arantxa Iraola BERRIAko kazetariak, Donostian. Pobrezia eta hedabideak jardunaldian parte hartu zuen Iraolak, eta mahai inguru berean mintzatu ziren Noticias de Gipuzkoa-ko Jorge Napal eta Gara-ko Amagoia Mujika kazetariak. Jon Odriozola Gipuzkoako Caritaseko komunikazio arduradunak gidatu zuen solasaldia, eta, hain zuzen ere, Caritas Gipuzkoak antolatu zuen jardunaldia. Deustuko Unibertsitateko ikasleen aurrean aritu ziren.
Mujikaren iritziz, «justizia sozialaren aldetik» landu beharko litzateke gaia. «Datuez harago, hedabideok obligazioa dugu horretaz aritzeko». Baina aitortu zuen askori kostatu egiten zaiola pobreziari aurrez aurre begiratzea. «Pobrezian dagoen pertsona batek esan zidan inorentzat ez direla existitzen».
Ertz asko izan ditzake pobreziaren gaiak. Hartaz, Iraolak nabarmendu zuen hedabideen ardura dela «begirada zabala» izatea: «Kalean bizi den herritar bat hiltzen denean, albistea ematea, bai. Baina begirada zabaldu egin behar da: hezkuntza lege berri bat iristear da, eta hezkuntza segregazioaz aritzen garenean errenta mailaz eta errenta desberdintasunez hitz egin behar dugu. Edo zaintzaren gaiari heltzen diogunean ere, begiratu behar zaio horri». Gizarte gaiak landu ohi dituen kazetariaren arabera, hedabideen ardura da gai desberdinen inguruan aritzeko orduan pobreziaren aldagaiari erreparatzea. «Begirada iraunkorra egin behar da».
Bestetik, BERRIAko kazetariari iruditzen zaio ezin dela pobre batengana «exotismoz» hurbildu. «Pobrezian dagoen pertsona bat elkarrizketatu behar dugunean, distantziarekin hurbildu behar dugu. Errespetuz eta duintasunez jaso behar dugu lekukotasuna». Eta testuingurua ematea ere oso garrantzitsua dela azaldu zuen kazetariak.
Napalen ustez, ez da gauza bera politikari edo agintari bat elkarrizketatzea, eta kalean bizi den pertsona bat elkarrizketatzea. «Kalean bizi denarengana gerturatzen zarenean, pertsona horrek ez du korazarik, babesgabe dago. Kazetaria egun horretan gero bere etxera joango da, baina pertsona txiro horrek kalean jarraituko du, babesik gabe». Noticias de Gipuzkoa-ko kazetariari iruditzen zaio gaizki pasatzen ari direnekin hitz egiten denean «enpatia eta errespetua» izan behar dela.
Mujikak, bestalde, aitortu zuen hedabideak eta kazetariak ikasten ari direla: «Pertsonak ikusi behar ditugu, eta ikusi behar dugu gertaera batzuen ondoren daudela pertsona horiek horrela. Dena den, karitatea elikatu bainoago, nahiago dut elkartasun transformatzailea sustatu».
Hiru kazetariek aitortu zuten ez dutela beti asmatzen, batzuetan hanka sartzen dutela. «Umiltasuna izan behar dugu esateko batzuetan balitekeela hanka sartzea», esan zuen Napalek. Iraolak «marra gorritzat» honako galdera hau egin ohi du: «Artikulua argitaratuta kalte egin diezaioket pertsona horri?». Dilemak ditu zenbaitetan kazetariak. «Eta ez dugu beti asmatzen».
Horregatik, Mujikak garrantzitsutzat jo du elkarteekin «konplize» izatea. «Erakunde eta elkarteetatik laguntza jaso dezakegu. Etengabeko formakuntzan baikaude kazetariok».
Kazetari batzuek zenbait erreportaje egiteko Caritasera jotzen dute, eta Odriozolak azaldu zuen kasu askotan «kontraproposamenak» egiten dizkietela kazetariei. Iraolak, alde horretatik, uste du lekukotasunak lortzekotan «ondo» lortu behar direla, eta hori ezin dela batzuetan egin egun batetik bestera.
Mujikak, gainera, aintzat hartzeko ohartarazpena egin zuen: «Pobreak ez dira kolektibo gisa identifikatzen. Ez dituzte haien eskubideak aldarrikatzen, hortik ateratzea dute helburu». Alde horretatik, hiru kazetariek azaldu zuten inor ez dagoela libre halako egoera batean egoteko. Prekarizazioan, pobre izan daitekeela edonor. Edo egon daitekeela pobrezian garai zehatz batzuetan.
Bizipenetan, testuingurua
Pobreziari buruz arduraz eta errespetuz aritu behar dela esan dute BERRIAko Arantxa Iraolak, Noticias taldeko Jorge Napalek eta 'Gara'-ko Amagoia Mujikak, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu