Bizikleten aparkalekua

Mota guztietako bizikletak sartzeko etxola da Biztrina. Lapurretetatik eta eguralditik babesteko baliagarria da asmakizuna. Jadanik salgai dago.

Juan Inazio Hartsuaga, Miramongo parke teknologikoan, Biztrinaren ondoan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Asmatzaileak beti doaz ingurukoak baino urrats bat azkarrago, urte batzuk aurreratuago. Etorkizuneko bizikleta bizikleta elektrikoa izango dela sinetsirik dago Juan Inazio Hartsuaga, eta horretan pentsatuz diseinatu du Biztrina, bizikletak kalean baina seguru —lapurreten arriskurik gabe— uzteko etxola. Kristalezko kutxa moduko bat da, eta lau bizikletarentzako lekua du barnean.

«Bizikleta elektrikoentzat ez ezik, tamaina guztietako bizikleta arruntentzat ere balio du. Zenbait motor ere sar daitezke», azaldu du Hartsuagak. Funtzionamendu erraza du Biztrina etxolak erabiltzailearentzat. Bizikletaren eskulekuetan euskailua lotu behar da belkro batzuekin. Eta, ondoren bultzada txiki bat eman behar zaio bizikletari. Erabiltzailea eserita dagoen bitartean ere egin daiteke operazioa—www.biztrina.com webgunean dago ikusgai—.

«Bizikleta elektrikoen kasuan, oso garrantzitsua da hori. 28 kilo pisatzen dute,eta zailagoa da maniobrak egitea». Biztrinaorain dela bi urte asmatutako Bikennel etxolaren hobekuntza gisa aurkeztu dute. Horrek edukitako akatsak aztertu, eta aldaketa batzuk egin dituzte: «Batez ere, materiala eta muntatzeko sistemak dira ezberdinak». Material gardena erabili dute oraingoan, hiriko paisaian ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Gainera, lehendabizikoaren aldean, muntatzeko askoz ere errazagoa omen da. Kamioiaren eta garabiaren ordez, bi lagunen ordubeteko lanarekin nahikoa da.

Zabaltzeko nahia

Bi erabilera aurreikusi dizkio Hartsuagak Biztrinari: pribatua eta publikoa. Etorkizunean, lehendabiziko urratsa erabilera pribatua lortzea dela dio. «Bezeroek nahi duten lekuan ezar daiteke etxola: lantokiaren edo etxearen alboan... Eta mantentzeko urteko kuota bat ordaindu beharko lukete». Horretarako,egokiena erabiltzaileek etxola irekitzeko giltza edukitzea da.

Behin erabilera pribatua zabalduta,aparkaleku sistema publikoak sortuko lirateke Biztrina etxolekin, nork bere bizikleta libre dagoen edozein etxolatan gorde ahal izateko. «Etorkizunean bizikleta publikoaren zerbitzua gutxitu egingo dela iruditzen zait, oso garestia ateratzen baitzaie udalei. Atzerritarrentzako prestazio modura iraungo du». Horren inguruan dio bizikletak espazio seguru batean uzteko aparkalekuak ugarituko direla. Formula horretarako, sarraila elektronikoa izango litzateke onena: «NFC teknologiaren bidez funtzionatuko luke. Sakelako telefonoarekin etxola irekitzeko aukera du».

Hartsuagaren aburuz, eguneroko garraiobide bilakatzeko aukera handiagoa du bizikleta elektrikoak, jendeak ez duelako lanera izerditan iritsi nahi izaten. «Aldapa gora edo behera pedalei berdin eragiten diezu. Gainerako indarra motorretik ateratzen da». Gaineratu du nizikleta mota hori Europako hainbat herrialdetan oso hedatuta dagoela. Iaz bakarrik Herbehereetan eta Alemanian ia 2 milioi bizikleta elektriko saldu ziren. Biztrinak ere harrera hobea izan du, orain artean, herrialde horietan, etxean baino. «Bilboko udaletxeari eskaintza formala helarazi diogu, dagoeneko. Baina goizegi da salmentei buruz hitz egiteko». Oro har, hemengo agintarien ausardia falta kritikatu du: «Oso atzeratuta gaude bizikletaren inguruko politiketan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.