ATZEKOZ AURRERA. Blanca Fernandez. Bizikletazalea

«Bizikleta izan da nire lagunik onena»

Bizikleta bidaide soil hartuta, 43.200 kilometro egin eta 50 herrialdetik gora bisitatu ditu Fernandezek. Londrestik abiatu zen, bueltatzeko egunik gabe. Jendearen eskuzabaltasuna azpimarratu du.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Irun
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Bidaiari ekin baino urte batzuk lehenago piztu zitzaion Blanca Fernandezi (Irun, Gipuzkoa, 1958) bizikleta gainean mundua zeharkatzeko ideia. 2007an, Txinan oporretan zegoela, bizikletan munduan barrena zebilen txirrindulari batekin egin zuen topo. Inbidiak jota, erretiroa hartzean horrelako bidaia bat egingo zuela zin egin zion bere buruari. Urte batzuk geroago bete du ametsa: 2015eko uztailaren 8an abiatu zen bizitokitik, Londrestik. Brexit-a tarteko, bi fasetan banatu du bidaia. Lau urte pasatuta hasi du etxera buelta. Bidean, geldiunea egin du Irun jaioterrian.

2015eko uztailaren 8an atera zinen Londrestik; nora?

Ekialdera nindoan, Pamir mendikatera. 6.000 -7.000 metroko mendiak daude han; horiek ikusi nahi nituen. Garaiak ere bazuen zerikusirik horrekin; elurteen arteko aldian iritsi nahi nuen hara, eta tartea nahiko txikia zen.

Heldu zinen?

Iritsi, iritsi nintzen, baina hasierako plana guztiz aldatuta. Bidaian aurrera egin ahala, gomendio pila bat jaso nituen handik eta hemendik, eta, nahi gabe, bidaia sortuz joan zen. Segitu beharreko ibilbide logikoa muturren aurrean agertu zitzaidan, eta Pamirrera iristeko bidean, nik ez nuen planik. Lesbosen errefuxiatuak laguntzeko boluntario jardun ostean, Turkiara igarotzeko bidea ireki zitzaidan, eta horrela ailegatu nintzen Pamirrera.

Helmugara helduta, orduan zer?

Segitu. India zen helburu berria, baina ezinezkoa izan zen heltzea. Herrialdeen egoera geopolitikoak markatu du bidaia. Inprobisatu behar izan nuen, India albo batean utzita. Pakistanen pare bat hilabete igaro nituen, eta beste hiru Txinan. Hor bukatu zen bidaia, ezustean.

Zer pasatu zen?

Brexit-ak harrapatu ninduen. Alabek deitu zidaten esanez paperak konpontzera bueltatu behar nuela Londresera. Berrogei urte daramatzat Londresen bizitzen, baina ez dut bertako pasaporterik. Hilabete batzuk pasatu nituen burokrazia artean, baina, senak aginduta, berriro ekin nion bidaiari, Afrikarantz.

Zergatik Afrika?

Berandu izan baino lehen ezagutu nahi nuen Afrika. Adinean aurrera noa, eta joateko gogoa nuen. Kairotik hasi, eta Lurmutur Hiriraino joan nintzen, egoera geopolitiko zaila duten herrialdeak saihestuz. Boli Kostara heldu nintzen, eta, han eguraldi txarrak harrapatu ninduenez, hegazkin bat hartu nuen Casablancara [Maroko]. Handik heldu naiz Irunera, Londresera bidean. Erreparorik gabe hartu ditut tarteka autobusak eta hegazkinak. Aitortu behar dut lehenengoz bizitzan etxera bueltatzeko gogoa sentitu dudala.

Gogoak agindu dizu bidaia amaitzeko?

Bai eta ez. Pasaporte britainiarrik ez dudanez, ezin ditut bi urte baino gehiago pasatu herrialdetik kanpo, eta 2020ko otsailean beteko dira bi urte irten nintzenetik. Dena den, ez dakit luzaro egongo ote naizen han, geldi. Amerika, esaterako, hor dago.

Lau urte ez dira alferrik pasatzen; bizipenez beteta ekarriko zenuen motxila.

Lau urte hauetan bizitakoa memorian gordeta edukiko dut beti. Orain metatzen ari naizen guztia gomuten banku bat da, halako gauzak egiteko gai ez naizenean ere bidelagun izango dudana. Memoria zoragarriak bildu ditut, jendearekin, paisaiarekin eta Lurraren edertasunarekin; bizikletan ordu asko eta asko daramatzazunean barrenean jaiotzen diren bulkadak dira. Bizitzak eskaini didan aukera bat izan da bidaia, ezagutzeko, hausnartzeko eta pertsona hobea izateko.

Esperientziak aldatu egin zaitu?

Askoz toleranteagoa naiz egun, eta anbiguotasunean bizitzen ikasi dut. Bidaiaren aurretik, pentsaezina zitzaidan bizitzan guztia kontrolpean ez edukitzea: dena neurtzen nuen. Orain, ez. Goizean, bizikletan abiatzen naiz, eta ez dakit non egingo dudan lo, non bazkalduko dudan, eta ez zait axola. Ibilian ohartzen zara espektatibarik gabe bidaiatzen duzunean pieza guztiek bat egiten dutela.

Bakarrik sentitu zara?

Bizikleta izan da nire lagunik onena, baina bidaiako adibide batekin esplika daiteke hori. Turkia zeharkatzen ari nintzela, izotz plaka batekin irrist egin, eta lurrera erori nintzen. Saihetsak urratu nituen. Bizikleta arrastaka, eta, uneko adrenalinak mina baretu zuela aprobetxatuz, heldu nintzen mendi arteko herrixka batera. Gizon bati galdetu nion lotarako tokirik ba ote zuten; ezetz erantzun berak. Ondo ez nengoela igarri zuen nonbait, eta bat-batean gizonez betetako taberna baten ikusi nuen neure burua, sutondoan eta te katilu bat eskuetan. Diru bilketa egin zuten, eta taxi bat ordaindu zidaten, handik 26 kilometrora zegoen lotarako tokia zuen herriraino. Are, bi gizon etorri ziren nirekin ondo iristen nintzela segurtatzeko. Horrelako keinu zoragarriak izan ditut maiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.