Bizikleta: garraioa edo moda?

Geroz eta jende gehiago ibiltzen da piñoi finkoko bizikletetan Euskal Herrian. Hasieran, modagatik erosten dute batzuek, baina mugimendu oso bat dago atzean.

Geroz eta jende gehiagok erabiltzen du piñoi finkoko bizikleta Euskal Herriko hirietan garraiobide modura. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Bi gurpil, piñoi bat, koadro bat, plater bat eta eskuleku bat. Horiek dira bizikleta baten oinarri-oinarrizko piezak, eta bost horiek baino ez dituzte Euskal Herriko hiri eta herrietako kaleetan gero eta maizago ikus daitezkeen piñoi finkoko bizikletek; gaur egun, fixie izenez ere ezagunak dira. Belodromoko bizikletetan dute jatorria, eta, horietan, erabiltzaileak ezin dio pedalei eragiteari utzi bizikleta martxan dela, eta teknika behar da ibiltzeko.

Hirian ibiltzeko prestatutako bizikletak dira. Oso sinpleak; ez zaie ezer sobratzen. Arinak dira, eta, gurpil finak dituztenez, oso azkarrak. Gainera, ia osagarririk ez dutenez, oso erraz mantentzen dira; zulatzeez gain, ia ez dute matxurarik. Halere, jende askok uste duenaren aurka, piñoi finkokoak ez dira balazta gabeko bizikletak; balaztak izan ditzakete, edo ez, jabearen nahiaren arabera.

Bizipoza da Donostian halako bizikletatan espezializatutako lehen denda. Manex Ormazabal (Donostia, 1981) eta Iban Ciria (Donostia, 1976) jabeek bizikleta dute bizibide eta bizimodu. Norberaren gustura egiten dituzte bi gurpileko ibilgailuak, hartara, kirolerako izan daitezke aproposagoak, edo paseorako prestatuak. Eta prezioak ere, askotarikoak: 200 euro balio dute merkeenek, eta on xamarrek 400 eurotik gora, bakoitzak gehitzen dizkion osagarrien arabera.

Halako bizikleten moda hiri handietan sortu zen, eta San Frantzisko da bizikleta horiek puri-purian dauden tokia. Iban Ciria Londresen bizi izan zen, eta han piztu zitzaion piñoi finkoko bizikleten inguruko interesa. Handik itzuli zenean, bizikletak konpontzen jardun zuen denbora batez, eta Ormazabal lagunari harra sartu zion. Hilabete gutxi batzuen buruan, denda muntatzeko erabakia hartu zuten. 2012ko abuztuan ireki zuten halako bizikleten hiriko lehen denda eta tailerra, Gros auzoan. Ordutik, bizikleta horien erabilera nabarmen hazi da Euskal Herrian. Hiriburuetan lortu dute arrakasta handiena, Donostian, Gasteizen eta Bilbon batik bat; hala ere, Gipuzkoako hiriburuan dira nagusi. Herri txikiagoetan hain zabalduta ez badaude ere, egiten ari dira bidea, gutxinaka. Oñati eta Beasain dira, esaterako, horren adibide.

Hirirako ibilgailu aproposa

Jende askok pentsatuko du ez dela oso praktikoa, baina, Ormazabalen esanetan, «bizikleta bakoitzak bere ingurunea du. Mendian ibiltzeko, esaterako, mendiko bizikletak dira aproposenak, baina, hirian ibiltzeko, jende ugarik beharrezko ez diren gehigarri asko ditu. Piñoi bakarreko bizikletak, berriz, hiritarrak dira. Horietan garrantzitsuena ez da erosotasuna; bizikletan ibiltzeko eta haiek ulertzeko beste modu bat dira».

Jende gaztea da ibilgailu mota hori gehien erabiltzen duena. Batzuek irudiagatik erosten dute, boladan dauden gauza gehienak bezala. Baina gustura erabiltzeko, ibiltzen jakin behar da, teknika apur bat eskatzen baitu.

Iñaki Egitegik (Donostia, 1981) urtebete pasatxo darama piñoi finkoko bizikleta erabiltzen. Internet bidez eta Kalifornian egindako pare bat egonalditan ezagutu zuen, eta, Ciria eta Ormazabal lagunek denda irekitzearekin batera, ibilgailu horren inguruko interesa areagotu zitzaion. «Bizikleta hauek, sorreran, mezulariek erabiltzen zituzten. Pistakoak bezalakoak dira, azkarrak eta arinak, eta, beraz, hirian ibiltzeko aproposak», kontatu du Egitegik. Gainera, esan du mugimendu bat ere sortu dela haien inguruan. «Ez da edozein modutan defini daitekeen moda bat. Beste mugimendu askotan murgilduta daudenek bezala, fixie zaleok puntu komun asko dauzkagu. Hasteko, bizikletarekiko pasioa, eta, horrez gain, eguneroko bizitza egiteko era berezi bat dela esango nuke». Haien zaletasunaren inguruan Internet bidez hitz egiteaz eta informatzeaz gain, haietariko asko astean behin gelditzen dira bizikletan ibilalditxoak egiteko. «Hori da mugimenduaren beste alde on bat, nire interes antzekoak dituen jende asko ezagutu ahal izan dudala hari esker».

Egitegik piñoi finkoko bizikletari ikusten dion eragozpen bakarra da kilometro asko egiteko ez dela aproposa. Baina, Ormazabalek esan duen moduan, horretarako badaude beste bizikleta batzuk, eta hau hirian ibiltzeko modukoa da. «Gainerakoan, oso erosoa iruditzen zait, eta, jende askok pentsa dezakeenaren aurka, uste dut hiruzpalau egun nahikoa direla ibiltzen ikasteko», argitu du Egitegik.

Garraioa, moda, esnobismoa, mugimendua, bakoitzak nahi duena pentsa dezake ibilgailu biziberritu horren inguruan. Baina erabiltzen duten horiek gustura ibiltzen dira, eta, haiek diotenez, «badu harrapatzen duen zer edo zer». Ez hori bakarrik; bizikleta horien erabilera gora doa Euskal Herrian, eta horrek, besteak beste, on egiten dio bai hiriaren errepideko zirkulazioari eta baita ingurumenari ere. Hala aitortu du Egitegik: «Moda kontua izan zein ez, pozten nau fixie-ak sortu duen erakargarritasun horren harira jendeak bizikleta erabiltzen badu. Ibilgailu iraunkor eta erosoenetakoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.