Bizikleta, bizitoki

Asia eta Afrika zeharkatu dituzte Aitor Igiñitzek eta Laura Martinezek lau urtean bizikleta gainean. Garbi daukate hori dela bidaiatzeko modurik onena.

Namibian familia batekin. Laura Martinez, behean, ezkerretik aurrena, eta Aitor Igiñitz, berriz, azkena. AITOR IGIÑITZ.
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Eguzkia lurmuturretik agertzen hasten denean jaiki, kanpin denda jaso eta lasai gosaldu. Bizikleta gainean eseri, eta bideari ekin. Norbait interesgarria ikusiz gero, gelditu, harekin hitz egin, tea hartu; parajeei argazkiak atera... eta ekin berriro bazkalordura arte. Janaria prestatu, eta berriro bizikleta gainera igo.

Horrelakoxea izan da gutxi gorabehera Aitor Igiñitz eta Laura Martinezen bizimodua azkenengo lau urteotan. Andoainen daude orain biak, «bizimodu arruntera» itzultzeko gogoz. Nepalen elkar ezagutu eta biek batera ekin zioten bideari. Nepaldik hasita, Asia zeharkatu ondoren, Afrikako ekialdeko kosta osoa eta mendebaldearen zati handi bat pasatu dituzte bizikletaren gainean.

Bidaiatzeko modurik ederrena bizikleta dela garbi dauka bikoteak. «Beti lasterka, plan finko batekin, ez daukazu denborarik gelditu eta norbaitekin hitz egiteko. Garraio publikoak ez du aukera hori ematen», dio Igiñitzek. Bizikletak, berriz, gelditu eta nahi duzunarekin hitz egiteko aukera ematen du. «Bere bizitza, bere kultura ezagutzen duzu. Niretzako hori da bizikletan bidaiatzearen ederrena. Nahi duzun tokitik zein bidetik sartzeko daukazun askatasun eta independentzia». Martinezek bat egiten du: «Altxor piloa aurkitzen dituzu bizikletan ibilita. Askotan norbait aurkitzen duzu errepidean, edo herrietako azokak ikustera joaten zara...».

Egin duten bidaiaren ezaugarririk esanguratsuenetakoa zehaztu gabeko bidaia egin izana da. «Hori da jendea gehien harritzen duena, ez genuela planik egiten». Kirgizistan gurutzatzeko adibidez, nahikoa zituzten 200 kilometro egitea, baina, 1.000 kilometro pasa egin zituzten, herrialde guztian zehar ibili baitziren.

Bidaiaren hasiera

Aitor Iginitzen abentura 2006ko urrian hasi zen. Bizikleta hegazkinean hartuta Nepalera abiatu zen, Asian urtebete inguruko bira bat egin eta etxerako bueltatzeko asmoarekin. «Iritsitakoan, bi hilabete eta erdiko trekking bat egin nuen. Gero jarri nintzen bizikleta gainean». Abenduaren 13an abiatu zen bizikletarekin India aldera. Han buelta batzuk emanda, Singapurko Penintsulara joan zen hegazkinez. Lur hartu zuenean, bizikleta gainean berriro jarri, eta herrialdeak zeharkatzeari ekin zion, Vietnamera iritsi arte. Hasiera batean, han etxera itzultzeko ideia zuen, baina, azkenean, Nepalera itzultzea erabaki zuen, «17.000 kilometro neuzkan eginda ordurako».

Laura Martinez madrildarra da, eta bidaiatzen zebilela Indiako ikastetxe batean lanean hasi zen. «Neguko oporretan denek alde egiten dute, eta nik ere halaxe egin nuen. Ezagun batzuk eta ni Tibetera joan ginen, eta han inguruan zebiltzan lagun batzuekin geratu nintzen, elkar ikusteko. Haiekin zegoen Aitor ere. Azkenean, bidaia elkarrekin jarraitzea erabaki genuen».

Martinezen bidea Kongon amaitu zen, bizikletarekin izandako istripu baten ondorioz. «Kongo ibaia zeharkatu genuen patera batean, eta Cabindan sartu ginen. Han bizikletatik erori, eta zauritu egin nintzen». Denboraldi batean bertan errekuperatzen saiatu zen. «Hobetzen ari nintzela zirudienean, ordea, okerrera egin, eta etxera itzultzea erabaki nuen». Madrilera iritsi zenean konturatu zen sorbalda hautsia zeukala.

Hurrena, munduari itzulia

Igiñitzek aurrera jarraitu zuen bakarrik. Hark ere, ordea, arazoak izan zituen osasunarekin Kamerunen. «Sukar handia neukan, eta gernuan odola ateratzen zitzaidan. Medikuak gernuko infekzioa neukala esan zidan. Gainera, giltzurrunak ere harrapatu zizkidan». Han dituzten baliabideekin ezinezkoa zen zein bakteriak eragiten zion gaitza jakitea. Orduan, abenduaren amaieran, erretiratu eta etxera itzuli zen.

Bidaiatzen ibili diren urteetan zuhaitz gutxi gelditzen direla konturatu dira, gehiegi botatzen ari direlako. Ideia hori munduko herrialdeetara zabaldu nahi dute, eta proiektu bat prestatzen ari dira horretarako. Beste bidaia bati ekitekotan dira, beraz, eta hori aprobetxatuko dute zuhaitz faltaren mezua zabaltzeko. Pasatzen dituzten ikastetxeetako haurrei, mundu guztian zuhaitzekin gertatzen ari denaren berri eman nahi dute.

Ikastetxeetan egingo luketena honako hau litzateke: gazteei azalpentxo bat eman, eta, ondoren, zuhaitz batzuk landatu haiekin. Horretarako, dirua bildu nahi dute. «Ideia otu zitzaigunean, laguntza edo babesleak lortzen saiatzea erabaki genuen. Baina laguntzak jaso ala ez, gu joan egingo gara».

Afrika iparraldera aurrena eta Asiatik buelta Nepalera joango dira. Indonesia, Australia eta Zeelanda berria pasatutakoan Argentina aldera hartu eta Amerika iparralderaino iritsi nahi dute. «Bost edo sei urte izango direla uste dugu, baina egia da planak ez ditugula inoiz aurrez pentsatu bezala bete orain arte», dio Iginitzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.